Edu Apodaka: “Nire utopia egungo eskola desagertzea da. Gizarte bizitzatik aparte dagoen sistema moduan desagertzea eta gure bizitzan integratzea”

2019-02-01

EDU APODAKA. FILOSOFOA ETA SOZIOLOGOA

Utopia beti izan du oso gai hurbila Edu Apodakak, agian Filosofia ikasketak egin zituelako. Baina, aldi berean, beti izan omen da oso pragmatikoa eta praktikoa, bai pentsamendu politikoan eta bai arlo akademikoan. Filosofia ikasketak egiten ari zela Soziologiarako grina zuen, eta azkenean Soziologian tesia egiten bukatu zuen. Baina tesi zuzendaria Gizarte Psikologiakoa zuen eta arlo horren eragina ere nabarmena du. Hamar urte daramatza EHUn Gizarte Soziologiako ikasgaia ematen. Horrexegatik esaten du dena diziplinartekotasun horretatik ikusten duela. Egungo gizarte neoliberal honetan eskolak eta gizarteak nolakoa izan beharko luketen amesten jarrita, utopia ariketa emankorra egin du elkarrizketan zehar. Baina utopia hori alderdi pragmatikoarekin lotuta; hau da, helburuak ekintzekin lotuz, alegia, zentzua bietan jarriz.

 
 

Utopiaz idatzi izan duzu eta esan izan duzu utopiak pragmatismoarekin lotuta egon behar duela, biak behar direla eraldaketak edo iraul-tzak egiteko. Azalduko al dizkiguzu kontzeptu horiek?

Mundua ikusteko era bat da, eta nik esango nuke horrekin bat egin dudala beti. Gure pentsamendua, gure sentimenduak, gure gaitasun psikologikoa ekintzan bertan errotu daitezke, egiten dugunean, eta gure egite horretatik hasi gure mundua ulertzen. Horrela, oso pragmatikoak izan gaitezke, eta aldi berean oso utopiazaleak. 

Beste modu batera esanda, egiten dugun horretan zentzua izan behar dugulako behar ditugu biak. Eta zentzua lortzen dugu komun ditugun esanahietatik, espektatibetatik eta ilusioetatik, hau da, ekiteko behar ditugun helburuetatik. Ez dira bereizi behar gehiegi helburuak eta ekintza bera, ekintzari zentzua ematen diona delako helburua. Eta zentzu hori ekintzan bertan dago, ez kanpoan.

Utopiak idatzi diren guztietan ez dira izan irudimen ariketa hutsak. Beti proiektu edo kritika politikoekin oso lotuta egon dira. Ez dira munduak nola izan beharko lukeen irudikatzeko ariketa hutsak. Alde horretatik, nik uste dut beti traizio bat egin zaiola utopiari pragmatismoaren izenean, eta horrexegatik esaten dut pragmatismo hutsak edo bere atzean utopiarik ez duenak ez duela zentzurik edo zentzua galtzen duela. Eta orduan, pragmatismoa dogmatikoa bihurtzen da, itxia.

 

Pragmatismo dogmatikoaren parean pragmatismo iraultzailea edo eraldatzailea eduki dezakegu. Nola gaude gaur egun bakoitzetik?

Orain dela urte asko hasi ginen entzuten pentsamendu bakarra, neoliberalismoa, mundu ikuskera bakarra, ez zegoela besterik, Margaret Tatcherren There is not alternative esaldi famatua... Sistema bakarra dugula. Ez dakit noraino den horrela, hori ere eztabaidatzeko kontu bat da, baina bakarra baldin badugu, utopia horren parean beste utopia bat jartzeko gaitasuna eduki beharko genuke. Bestela jendea ez da motibatzen. Zergatik? Ekintzek ez dutelako zentzurik.

Horrexegatik, kale mobilizazioetan ikusten ari gara jendea berehala mugitzen dela zentzu hori sumatzen duenean: ‘hau egiten dudanean, zerbait lortuko dut’. Horrek badu zentzurik.

Ikusten da baditugula nolabait politika eta egitasmo txiki asko, kasu askotan txikitasunetik mundua iraultzeko gaitasuna edo potentzialtasuna eduki dezaketenak, baina aldi berean, ez daukagula hori dena benetan irudimen bakar batean biltzerik. Ez da lortzen. Milaka ñabardura edo desberdintasun egon daitezke, baina ez dira artikulatzen.

Beste modu batera esanda, egia da ez dagoela alternatiba bakar bat. Alternatiba asko egon daitezke, baina alternatiba horiek ez dira ondo artikulatzen gutxienez martxan hasteko proiektu batean. Eta artikulazio horren falta nabaritzen da asko gaur egun kritika politikoan eta, batez ere, ezkerraldetik datorren kritika politikoan. Hori oso agerikoa da. Argi dago ez dagoela mundu ikuskerarik eta hori dela eztabaidaren muina.

Jende asko ari da esaten subjektuaren artikulazioa falta zaigula, eta oso gai potoloa da. Baina bada beste bat, eta niretzat hori inportanteagoa da agian; subjektua baino lehenago egitasmoa eta utopia txiki horien artikulazioa. Hori falta zaigu. 

 

Artikulazio horren falta hezkun-tzan ere sumatzen da. Sistemaren antolaketan, esaterako, askatu ezin dugun korapilo bat daukagu: publikoa-pribatua dikotomia. Nola ikusten duzu korapilo hori?

Korapilo hori arlo askotan dugu, baina hemen bereziki hezkuntzan, herri gisa definitzeko izan ditugun tresnak, baliabideak eta irizpideak oso lotuta daudelako  eskolan egiten den lanarekin. Beste lekuetan osasunarekin, baliabide naturalen kudeaketarekin eta abar gertatzen dena, hemen hezkuntzarekin gerta-tzen da. Publikoa zer den, pribatua zer den, erdian zerbait ote dagoen, horiek biak gainditzerik ba ote dagoen... Hori da etengabeko eztabaida. Eta izango da, zeren neurri batean hori baita politikaren muina.

Jatorriz politika inguru batean, polis famatu horretan, jendea antolatzea dela esaten baldin badugu, botere harremanak gutxienez modu esplizitu batean antolatzeko, orduan antolatu egin behar da zer den pribatua eta zer den publikoa. Publikotasuna bera antolatzea da politikaren muina. Orduan, izan daiteke jende osoaren ordezkaritza antolatzea, jende osoaren boterea nolabait xurgatu edo hartuko duena eta gero zerbitzu batzuk emango dituena eta babesa, kontrola, ordena eta legea inposatuko dituena. Hori da aukera bat. Edo kontrakoa ere izan daiteke: boterea gure artean banatuko dugu eta ez da egongo aparatu berezirik edo egitura burokratikorik, baina antolatuta egongo gara gauza horiek egiteko. Garai batean hemengo partzuergoen eta herri basoen kudeaketa horrelakoa zen. Kudeaketa horretan ez zen sortzen aparatu berezirik, batzarrak egiten ziren eta partaide guztiek hartzen zuten parte. Delegazio formula batzuk bazituzten, baina zuzenean hartzen zuten parte eztabaidetan gehienetan. Azkenean, erabiltzaileen lana baliabide hori zaintzea zen. Eredu horretan oso ondo ikusten da kasik oinarri prepolitikoa zela jendeak bere auzi komunak zuzenean eztabaidatzea eta modu orokor batean tratatzea. Hori da publikotasuna.

Edonola ere kontraesan pila bat dago eta bi zentzu horiek beti hor egon dira: estatuaren publikotasuna eta populazioaren, jendearen edo gizartearen publikotasuna.

 

Zuk zeuk zein publikotasun mota defendatzen duzu?

Niretzat publikotasunaren zentzu positiboa orokortasuna eta berdintasuna dira. Eta horren alde borrokatu behar dugu. 

Orokortasunarekin batera beti argitasunak joan behar du. Horrexegatik esaten dugu ‘kontu publikoak agerian’. Pribatutzat jotzen dugun eragile batek ere bere kontu guztiak publiko egin ditzake eta kasu horretan argitasun osoz jokatzen du.

Estatuari dagokionez, gaur egun asko idazten ari da estatu sakonari buruz. Hau da, ez bakarrik estatuaren alderdi lizun edo beltzaz, baizik eta estatuen atzetik dagoen benetako estatuaz; estatu sakona, mundua gobernatzen ari dena. Horiek erabat pribatuak dira; erabat pribatuak eta opakoak. Ez ditugu ikusten. Orduan, ez dira publikoak. Horregatik estatuen pribatizazioaren kontra borrokatu behar dugu, azkenean boterearen pribatizazioa delako.

Berdintasunari dagokionez, bai botere harremanetan eta bai justizian arbitrariotasunik ez izatea da gakoa. Guztiek izatea baliabide berdintasuna bizitzeko behar diren baliabideetan. Ez baliabide ekonomikoetan bakarrik. Berehala ikusten dugu baliabide ekonomikoen beharra mundu kapitalista honetan, begien bistakoa da. Baina bestelako komunitate batean biziko bagina, agian beharko genituzkeen baliabideak ez lirateke izango zuzenean ekonomikoak (horiek nolabait emanda izango genituzkeelako), baizik eta baliabide sinbolikoak edo bestelakoak.

Hemen, adibidez, oso argi dago baliabideetan herri gisa oso zeken edo zakar jokatzen ari garela. Euskararen kasuan, esaterako. Herri gisa ez dakit irudikatzerik dugun herri euskaldun bat, baina gutxienez elebitan biziko den herri bat irudikatzen baldin badugu, bistan dago hizkuntza horiek guztiontzako izan behar dutela eta guztiek eduki behar dutela baliabide hori. Orduan, ez dakit zer egiten ari garen eskoletan hizkuntza ereduen historiarekin oraindik. Euskal Herrira zabaldu gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan serio pentsatzen baldin badugu euskara eta gaztelania izango direla hizkuntza ofizialak, herri hizkuntzak edo gizarte hizkuntzak, berdin zait ordena, ez dakit zer egiten ari garen jende askori baliabide hori ukatzen. 

 

Agian gauza bat esaten da, baina utopia edo helburua beste bat da.

Bai, erretorika asko egiten da. Horrexegatik esan dut euskararen kasuan ‘hau baldin bada esaten duguna eta hau baldin bada benetan pentsatzen duguna, ez dakit zer egiten dugun honekin’. ‘Hau’ baldin bada. Baina nik zalantzan jartzen dudana ‘hau’ da. Zeren bestela ez baitut ulertzen zergatik jarraitzen dugun horrekin. Horren burugabea iruditzen zait... Ez dut ulertzen.

Eta berdin beste kontu batzuekin. Badakit polemika eta hika-mika handia egon dela hitzarmenezko eskolen, ikastolen eta eskola publikoaren artean integrazioaren kontuarekin. Integrazioak guztien helburua izan behar du eta, hala izan dadin, zehaztu dezagun integrazioa non, zer eta nola. Integrazioa eta kohesioa aipatzen dira. Integrazioa baliabideak ematea baldin bada, justiziaz ari gara. Kohesioa berdintasuna baldin bada, berditasunaz ari gara. Eta noski, integrazioaren atzean berdintasuna eta justizia baldin badaude, ez utzi hori eskolan bakarrik!

 

Integrazioarena gizarte osoan dagoen arazoa dela esan nahi duzu?

Bai. Zoritxarrez, jada kontu praktiko eta zehatzetan jarrita, eskola inguruaren emaitza bat da. Eta integraziorik eta justiziarik ez dago gizartean bertan. Esaten ari dira, eta zentzu osoz, urbanistikoki ere izugarrizko banaketa dugula. Eta banaketa urbanistikoa ez da konpon-tzen babes bereziko etxeak eginez. Urbanismoa ez da gauza politak edo erabilgarriak egitea. Urbanismoa gizartea egitea da, jendea egitea, herria egitea. Benetan hori egin nahi baldin badugu, eskolaren, herrigin-tzaren eta urbanismoaren (hirigintza esaten zaio) arteko harremana zein den pentsatzen hasi behar dugu eta nola konpondu behar diren integrazio kontuak arlo horretan ere. 

Batzuetan ika-miketan sartzen gara eta  galdu egiten dugu ikuspegi hori. Horrexegatik, gelditu, pentsatu eta begiratu behar da ondo. Eta hemen, nik esango nuke, oro har, gauzak ez direla ondo egiten ari.

 

Europara begiratuta, hezkuntza- sistema eredu askotarikoak daude: iparraldean gertuagoko gestioa dute, hegoaldean zentralizatuagoa. Zein iritzi duzu eredu horien gainean?

Ezin da eskola bat antolatu atzean zein herri-estatu nahi dugun, jende artean nola biziko garen eta zer eraiki nahi dugun irudikatu gabe. Ez badugu irudikatzen hori, nahigabe atzetik hegemonikoa den eredua sartuko zaigu. Zeren hegemonikoa den eredu edo irudikapen hori gurea ere bada. Guri eragiten digu. Guk ere gurekin daramagu, nahiz eta batzuetan nahigabe izan. Horregatik, horren inguruan gogoeta egin behar dugu.

Garrantzitsua da historian zein eredu egon diren ikustea, baina historia politikoan. Eta nik esango nuke eskolaren historia politikoa xehe-xehe aztertu behar dela. Ez soilik eskolaren antolakuntza instituzionala, hori oso inportantea da, baina hezkuntza-sistemaren eta eskolaren ideiaren atzean egon diren kontzeptu politikoak ere bai. Ez dakit egiten den azterketa xehe hori.

Adibidez, frantziar estatuarena paradigmatikoa da. Frantziar estatua antolatu zen hurrengo egunetik kasik, iraultza ondorengo hurrengo egunetik, zabaldu zen eskola edo hezkuntza sistema. Eta eskola sistemaren lehendabiziko helburua ez zen pertsonaren garapena, ez, ez; nazioaren garapena baizik. Hau da, naziokideak sortzeko sistema zen eskola. Naziokide horiek herritar edo hiritar prestatuak izan behar zuten. Hots, sistema berri horretan, nazio estatu horretan, kide gaituak izateko makinaria zen eskola.

Nahiko ikertua dago nola sortu ziren eskolak, ospitaleak eta abar. XIX. mendean oso argi zeukaten eskola ia-ia fabrika bat zela. Herritarren fabrika. Eta herritarren fabrika horretan hizkuntza bakarra zen nagusi, hizkuntza maila eta molde bakarra. Hizkuntzaren estandarizazioa berehalakoa izan zen. Uniformizazio orokor bat lortu nahi zen izateko moduan. Hori oso argi dago.

Orduan, helburu horiek edukita, hezkuntza-sistemaren antolakuntza ezin da izan tokian tokikoa. Estatuarena behar du, estatu zentralizatu batena. Eta gainera, oso egitura zentripetoa duena; hau da, oso argi zegoen zein zen zentroa, nola banatu eta helduko ziren aginduak, mezuak eta abar zentrotik, erdigune zera horretatik bazter guztietara. Finean, gorputz bakar bat sortzeko, nazioa. 

 

Hori XIX. mendean. XXI. mendean zein izango litzateke eskolaren zeregina?

Esandakoari jarraiki, batetik eskola zerbitzu bat da; eta bestetik, makinaria edo fabrika ere bai, oraindik. Mila bider entzuten dugu eskola gizarte berri bat sortzeko tresna dela. Munduan aritzeko pertsona garatuak edo baliabide nahikotxodunak garatuko dituena, autonomo izateko gaitasunarekin eta abar. Hori batetik. Baina bestetik, oso argi dugu eskolaren bitartez lortuko dugula gure gizarte proiektuak garatzea. Zentzu horretan, eskolari euskararen salbazioa enkargatu diogu hemen,  baita matxismoa edota patriarkatua bera garaitzea, garai batean oso agerikoa zen eta gaur egun gutxiago den bakea enkargatu genion, sexu hezkuntza, ingurumenaren zainketa... dena. Eta enkargatzen dizkiogun proiektu horiekin guztiekin, pertsona profesional batzuen eskuetan uzten dugu gaia, eta konponduko digutela pentsatu.

 

Alde batetik delegazioa, eta bestetik profesional horien itomena.

Itomena eta erreta egotearen zera hori gaur egungo sindrome orokorra da. Ez gara bizi mundu honetan ez bagaude erreta. Burn out, itomen edo ezintasun hori orokorra da. Nik esango nuke jendearekin lan egiten den arlo guztietan. Baina, eskolan are gehiago horrexegatik, gainzama hori izugarria delako. 

 

Nola irudikatzen duzu euskal hezkuntza-sistema? Zein da euskal eskolaz duzun utopia?

Hasteko, nik uste dut arazo larri bat dugula: batetik, ez da egongo utopia bakarrik; eta bestetik, nola antolatu utopia hori.

Utopia bakarrik ez dela egongo diodanean, esan nahi dut utopia hori eskolaren atzean egon diren utopien bertsio bat izango dela. Egon daiteke utopia bat gure kulturari eta hizkuntzari lotuta. Hori oso begien bistakoa izan da, batez ere horretarako debekuak egon diren garaietan. Edo Frankismoan ikastolak sortu ziren eta ez euskal ospitaleak. Zergatik? Batetik, kontzientzia argi bat zegoelako eskola behar zela hizkuntzari biziraupena emateko, eta bestetik, hizkuntzarekin lotuta zegoelako gure herritartasuna. Hori oso argi izan dugu eta nik esango nuke oraindik hori ez dela mugitu.

Baina beste aldetik, nola antolatu utopia hori? Hori ez dago lotuta eskolaren utopiarekin, herri utopiarekin baizik. Hau da, zer-nolako herria nahi dugun. Hor bakoitzak bere utopia, bere ideia, bere nahia, bere asmoa eduki dezake, baina agian adostu dezakegu. Eta neurri batean, hori da egiten dena: nola bizi, bakoitzak bere utopia egiteko. Noski, horrek esan nahi du batzuetan gatazkak izango ditugula, zeren utopia batzuk guztiz kontrajarriak baitira. Beste batzuetan bidea elkarrekin egiteko modua izango dugu. Hori beti egongo da eta gertatuko da eskolan ere.

Galderari helduz, nire iritziz, eskolaren utopiari dagokionez, erakargarriena eskolaren desegitea da. Desegite horrekin ez dut esan nahi eskola desagertzen dela, ez. Baizik eta gizarte bizitzatik aparte dagoen sistema moduan desagertzen dela eskola, eta gure bizitzan eta gure arduretan integratzen dela. Hau da, denok izango ginateke hezitzaile.

 

Nola integratu eskola gizartearen osotasun horretan? Nola integratu eskola-komunitatea jendarte guztian?

Hori da gutxienez irudikatu eta egin beharko genukeen ariketa. Horrexegatik esaten dut eskolaren desegitea, eskola berez aparatu moduan desegin egiten da gaur egun eskola-komunitatea den horretan, eta eskola-komunitatea desegin egiten da gizartea edo jendartea den horretan.

Zaila da hori irudikatzea ez badugu herri edo gizarte aldaketa bat irudikatzen. Hau da, benetan zaila da pentsatzea guraso ez direnek hezkuntzarekiko ardura zuzena sentituko dutenik. Zaila da, baina egin daitezke gauzak eta egiten dira. Adibidez, nire inguruan ezagutzen ditut eskola eta herria lotzeko eta zabaltzeko saiakerak, ingurune edo herri hezitzaileak. 

Baina proiektu horietan ezintasuna beti berdina dela ikusten da: itomena. Denok bizi gara itota sistema honetan. Sistema honek jendea esplotatu egiten du. Jendearen denbora esplotatzen du. Eta ez daukagu horretarako denborarik. Errazena eta sinpleena, eta azkenean ondorio sistemikoa da eta horrexegatik bizi gara horrekin, dena bereiztea eta banatzea da. Hau da, umeak eskola jakin batera bidaltzea; ona edo txarra, baina eskola batera joango dira, gurasoek gero eta ardura gutxiago hartzen dute eskolan, guraso ez direnek ez dute uste beren kontua edo ardura denik, eta ildo horretatik, azkenean irakasleak bakarrik gelditzen dira. Profesionalak eta zerbitzuak.

 

Horretaz ohartuta hasi gara parte-hartzea eskatzen. Baina parte-hartzea eskatu egin behar da ala norberari sortu behar zaio?

Horretan ere nik teoriatik eta bizipenetatik ikasi dut. Nik garaiak izan ditut, adibidez, pertsonalki. Eta inguruan ere ikusten dut hori; garaiak daudela, momentuak. Momentu batzuetan ez dakit zertan parte har-tzen duzu zentzua ikusten diozulako, hau da, egiten duzun hori benetan eraginkorra dela ikusten duzulako. Berdin da zein den eragina, baina eraginkorra dela. Eta ez hori bakarrik, eragin horiek zuk sortu nahi dituzu, gainera. Eta hor zuk zerbait egin behar duzula ikusten duzu. Agian beste inork ez duela egingo, edo beste inori ez zaiola axola, eta momentu horretan baduzu motibazio hori. 

Beste batzuetan oztopoak aurkitzen ditugu eta orduan ez da bideratzen, ez da askatzen eta ez da sortzen parte-hartze hori. 

Baina kontrako aldea ere badago. Hau da, dekretuz ezarri nahi den parte-hartzea. Eta horrek ez du funtzionatzen. Hemen unibertsitatean parte-hartzean teknikoak ditugu eta parte-hartzeak dinamizatzen dituzte. Badakit ibili direla Euskaraldiaren kontuan dinamizatzen, edo ibili direla aurrekontu parte-hartzaileetan eta horrelakoetan. Herrigintza da hori ere, baina herrigintza teknifikatu bat, nolabait esateko. Dinamizatu egiten dute eta badakite goitik behera datorren dinamizazio horrek batzuetan ez duela funtzionatzen. Jendea benetan ez dagoela motibatuta nahiz eta oso kontu garrantzitsua izan beren bizitzan. Alde batetik, ez dutelako ikusten, ez delako sortu beren beharretatik; eta bestetik, eragin horiek ez dutela zentzurik edo ez direla benetan gauzatuko ikusten dutelako. Dena dela tranpa bat-edo.

Gaur egun erakundeen aldetik legitimatzeko erabiltzen da parte-hartzea. Legitimazio gabezia ikaragarria daukate. Eta hori badakite. Gaur egun hauteskundeen bidez eta ordezkaritza horren bidez bakarrik ez da nahikoa. Horrekin bakarrik ez da lortzen legitimazioa. 

Azkenean, legitimazioa atxikimendua da; erakundeekiko atxikimendu bat eta pentsatzea erakunde horiek zureak direla eta zu zarela erakunde hori. Nork sinesten du ‘ni naiz Eusko Jaurlaritza’? ‘Ni naiz Foru Aldundia’? Bada horrexegatik bota behar ditu mezuak Foru Aldundiak. Ez bakarrik ogasunaren kontuan, denean baizik, eta marketina egin behar du hori sinestarazteko eta sentiarazteko. 

Orduan, legitimazioa lortzeko modu bat mezuak botatzea da, eta bestea parte-hartzea. Baina berriro diot; goitik beherakoa baldin bada, eta ikusten baldin baduzu, gainera, bitartekari “teknifikatu” batzuk daudela tartean, denak lagunduko du prozesu horrek kale egin dezan. 

 

‘Denok gara hezitzaileak’ esaten da. Zer behar da esatetik izatera pasatzeko?

Elkar hezten dugu, gaur egun horrela da, baina kontzientzia hartu barik. Nahigabe eta ardurak gainetik kenduta. Nik uste dut hezitzaile izateko zuzeneko harremana izatea dela garrantzitsuena eta hor ditugula lanak.

Familia guztietan ari zaigu gerta-tzen. Seme-alabak eredu jakin batean hezteko ezintasuna ikusten ari gara. Guk arauak jarri eta kontsen-tsuatu ditzakegu edo horretaz hitz egin dezakegu, horretan eskuzabalak, ulerkorrak edo nahi duzun modukoak izan gaitezke. Baina, aldi berean, gazteek pantailen aurrean, eta berdin zait zein pantaila, gurekin berbetan baino ordu gehiago pasatzen dituztela ikusten dugu. Eta eskolan ere fenomeno berbera gertatzen ari da. Leku guztietan. Orduan, nor da hezitzailea? Denok gara hezitzaile, baina noski, gero eta gutxiago, gero eta harreman gutxiago daukagulako.

Harremanik ez badago, zuzeneko harremana batez ere, denborarik ez badago, elkarrekintzarik eta elkarrekin egiten diren ekintzarik ez badago, hezitzaile tasa hori nolabait jaitsi egiten da. Gero eta gutxiago hezten dugu elkar. Ez dugu elkar hezten eta ez dugu elkarrengandik ikasten.

 

Denbora gabezia eta abiadura. Horrek harremanak eta komunitatearen zentzua aldatzea ekarri duela esango zenuke?

Bai, erabateko abiaduran bizi gara. Batzuk esaten dute abiaduraren kapitalismoan bizi garela. Hau da, abiadura dela dena azaltzeko behar dugun kontzeptua. Abiadura da dena. 

Eta horrek komunitate zentzua erabat aldatu du, bai. Lehen denboran zeharreko komunitateak zirenak, denboran ondo umotuak, ondo helduak, ondo oinarrituak eta ondo indartuak ere desegin egin dira.

Oso zaila da, dena den hori mantentzea. Nik aspalditik galdetzen diet lehenengo mailetako ikasleei zertan egiten zuten lan haien aitona-amonek. Eta gehienetan ez dakite. Ideia hori erabat lausotu da. Belaunaldien artean dagoen komunikazioa oso traketsa da eta neurri batean lotsagarria da. Zaharra izatea ez da ona. Eta zaharren kontuak ez dira interesgarriak. Ez dute balio. Hori batetik.

Eta bestetik, lehen denboran ondo garatutako eta sendotutako komunitate horiek, orain asko jota espazioan agertzen dira. Baina denbora gutxikoak dira. Komunitate ideia berri bat dago. Komunitate oso erabilgarriak izan behar dira, helburu jakin baterako. Eta ez badute balio, agur. Orduan, lotura gogor haiek desagertu dira, bai. Orain, bestelako loturetan eta harreman modu berrietan gutxienez lehengo idealak eta niretzat ezinbestekoak diren balioak (elkartasuna, begirunea, berdintasuna eta justizia) nola gauzatu ikasi behar dugu. Eta hori da hor dagoen dema nagusietako bat.

 

Prekarietateak ez du batere laguntzen. Egitura asko daude airean: familia, lagunak, lana, etxebizitza... Nola lortu horri gorputza ematea?

Bai, ados nago eta nik ere erantzunik ez dut. Gaur egun, ikusten ari gara likidotasun edo gaseosotasun hori gure mundua ulertzeko tresna bat dela, gure bizitza horrelakoa jo-tzen dugu. Gure bizitzak iheskorrak eta iragankorrak dira, oso ahulak eta babes gogorrak eta egonkorrak eskatzen ari gara. Baina beste aldetik, sistema oso gogorra eta astuna daukagu gainean, harriak baino astunagoak, irmoagoak eta egonkorragoak diren logika batzuekin. Eta zama hori gero eta gainerago daukagu. Zergatik? Hemen egon den elkartasun sarea (lehen esan dugun komunitatea) desegin egin delako. Orduan, kasik bakarrik geratu gara sistemaren kontra. Harri hori gure gainera dator. Hau da, lehen babes bat bazegoela sentitzen genuen. Babes hori jendea zen, gure arteko babesa: familiak, komunitateak, auzoak, herriak...

Baina momentu batean hori joan egin da eta banaka eta zama hori gainean dugula geratu gara. Askotan esaten da hori dela hain zuzen neoliberalismoaren ezaugarri bat: sistema horren, merkatu basati horren, eta pertsonen artean zegoen babesa desegitea.

 

Lehengo komunitate eredura bueltatu beharko genukeela uste duzu?

Ez. Lehengoak sortzearekin amets egiten badugu, tranpa egingo diogu geure buruari. Zeren azken finean kapitalismoaren beste fase batean edo gizarte prekapitalistetan zeuden harreman ekonomiko eta produktibo batzuetaz ari gara eta horiek ez dira itzuliko. Garai hartako komunitate ereduek ez dute balio garai berrietarako.

 

Zein komunitate eredu da sistema neoliberal honetan balioko lukeena?

Erabateko zabaltasuna duena eta elkartasun sareetan oinarritua. Elkartasuna behar-beharrezkoa dugu. Elkartasun sareak gauzatu behar dira, hori oso argi daukat.

Egoera sozioekonomikoa merkatu neoliberalean zatituta dago erabat. Horrexegatik, saretze hori ez da etorriko berez, ez da objektiboa edo mekanikoa izango. Sortu egin behar dugu. Eta lan hori txikian eta handian egin behar da. Ez bakarrik txikian, eta ez bakarrik handian. Auzoan egin behar da, herrian egin behar da. Niretzat oso garrantzitsua da, eta gero eta gehiago eta baita eskolan ere, auzo bizitza. Auzo bizitza zentzu zabalean, ez zentzu fisikoan bakarrik. Esan nahi dut, zure inguruan daudenekin bizitzea. Eta gauzak kalean egitea. Bai, gauzak kalean egin behar dira. Eskola eta kalea uztartu behar dira. Jaiak egin behar dira, urtebetetzeak kalean ospatu... Ahal bada publikotasun hori berreskuratu behar da, hori baita zuzenekoa eta agerikoa den publikotasuna.