235. editoriala: Benetako parte-hartzearen adibide bat dugu Seaskan

2019-02-01

PARTE-HARTZEAZ ASKO HITZ EGITEN DEN GARAIOTAN, SEASKAK HITZ EGIN EZ, BIZI EGIN DU PARTE-HARTZE HORI BERE 50 URTEKO IBILBIDEAN. 

BIZIPENAK ETA SENTIMENDUAK IZAN DIRA EREINDAKO HAZIAREN ONGARRI.

 
 

Azkenaldian jendartean asko aipatzen den parte-hartzeari buruz mintzatzen da Edu Apodaka filosofoa eta soziologoa zenbaki honetako elkarrizketan. Instituzioetatik parte hartzeko dinamikak bultzatzen ari dira, horretan espezializatutako teknikariak ugaritzen ari dira, elkarteetan barne komunikazioa errazteko, harremanak lantzeko eta parte-hartzea bultzatzeko dinamikak lantzen dituzte parte-hartzean adituak diren dinamizatzaileekin... Gabezia bat ikusten da nonbait. Jendeak bere kabuz ez du parte hartzen, antza. Esnatu eta ikusarazi egin behar zaie parte hartu beharra dagoela, garrantzitsua dela... Goitik beherako parte-hartzea deitzen dio Apodakak horri: goian erabaki eta bitartekari “teknifikatu” batzuen bitartez egiten delako eta legitimazio bat lortzeko modua delako.

Dinamizazio horrek funtzionatzea zaila dela dio, osagai garrantzitsu bat falta zaiolako: sentitzea. Benetan zerbait inportantea dela sentitzen denean, ekarpen bat egin daitekeela sentitzen denean, egiteak merezi duela senti-tzen denean, norberaren beharretatik sortzen denean, zentzua duela ikusten denean, orduan bai, orduan berez sortzen da parte hartzeko nahia, desioa edo erabakia. Eta horrek funtzionatzen du.

Eta hara non, Seaskan topatu dugu bigarren egoera hori. Duela 50 urte ereindako haziak fruituak ematen darrai, urte hauetan guztietan funtsezko ongarri bat izan duelako: parte-har-
tzea. Gurasoen, irakasleen eta ikasleen parte-hartzea eta elkarlana. Seaskako gurasoek badakite haurra ikastolara eramaten badute txandaka-txandaka ikastola garbitzera joan beharko dutela. Badakite dirua lortzeko animazioak antolatu beharko dituztela. Guraso Elkartean, gutxiago edo gehiago, esku bat bota beharko dutela. Eta nahi dute. Seme-alaben hezkuntzan parte hartu nahi dute.

Seaskan irakasteko hautua egiten duten irakasleek ere badakite elkarlanean aritu beharko dutela. Erabat normalizatu gabeko lan baldin-tza izango dituztela. Lan orduz kanpo hainbat ekintzatan parte hartu beharko dutela. Eta hautu hori egin dute. Nahi dute.

Hezkuntza proiektuaren inguruan, haren printzipioak, ildoak eta espiritua bizkarrezur hartuta, urtez urte eta urratsez urrats joan dira giro hori josten. Eta horrek sortu du sentimendu hori. Ikasleek gurasoak inplikatuta ikusi dituzte, gurasoek irakasleak, irakasleek lagun-tzaileak eta jangeletakoak... eta horrek sentimendu orokor bat sortu du. Bizipenetatik sortu den sentimendua. Elkarlanean bizi den familia handi bat eratu dute eta gustura sentitzen dira familia horretako kide izanda.

Elkartasun sareetan oinarritutako komunitateak behar ditugula dio Apodakak. Urrutira joan gabe, Seaskan badugu adibide bat.