Hatsartu udako egonaldiak. Gazteek hitza izango duten udalekuak

2019-03-01

Ausartu kultur elkarte sortu berriak udaleku itxiak antolatu ditu 12-18 urteko gazteentzat datorren uztailerako: Hatsartu udako egonaldiak. Berezitasun nagusia gazteen parte-hartzea izango dela azpimarratu dute. Izena ematen duten momentutik bertatik, gazteei hitza emango zaie eta proiektuan zuzenean parte hartzeko aukera izango dute, eginez eta erabakiz. 

 
 

Astigarragako (Gipuzkoa) Santiagomendi aterpetxea izango da udako egonaldi berri hauen gunea. Hiritik at, berdegunez inguratuta eta bista ederrekin, ilusioz eta helburu argiekin ari dira antolatzen egonaldiak Ausartu kultur elkarteko kideak.

Urtetik urtera udaleku itxien zein irekien eskaintza zabalagoa eta ani-tzagoa den honetan, Ausartuko kideek proposamen berri bat egiteko lekua ikusi dute. Izan ere, aisialdi munduan urteetako esperientzia dute eta egiten duten eskaintzak ezaugarri berriak biltzen dituela diote. Beste zenbait lekutan aurkitu ezin daitezkeen berezitasunak izango dituzte Hatsartu udako egonaldiek.

Hasteko, adina eta kopurua. 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako udalekuak izango dira. Aitor Altuna Ausartuko kideak azaltzen duenez, “hiru adin tartetan banatu ditugu, 12-14, 14-16 eta 16-18. Horietako bakoitzean adin tartez oso gertu dauden gazteak elkartuko dira, eta txanda bakoitzean 30 gazte. Oso argi eduki dugu hasieratik talde txikiak nahi genituela, gazteekin gertuko harremana lortzeko. Gazte guztien izenak ikasita bukatu nahi ditugu egonaldiak, eta hori bermatzeko erabaki dugu taldeak txikiak izatea”. Txikitasun horrek gazteen artean ezezik, gazte eta hezitzaileen artean ere gertutasuna errazten du. Horrez gain, 16-18 urteko gazteentzat udaleku itxiak egotea ez da oso ohikoa, eta erronka horri ere heldu diote: “15-16 urterekin udalekuetara joateko aukera bukatzen zaie, baina errepikatu eta jarraitu nahi izaten dute”, dio Edurne Gonzalez Ausartuko kideak. “Horregatik, adin tarte hori eskaintzea erabaki dugu”.

Udaleku berri hauen bigarren berezitasuna parte-hartzea da. Gazteen adinak aukera ematen duela ikusita, hori izango da udalekuen zutabe nagusia. “Helburua gazteen hitza kontuan hartzea da, hasieratik pertsona gisa hartzea eta proiektuaren parte sentitzea. Horregatik, udalekuen programazioa irekia eta beraiek moldatzeko modukoa izango da”, diote hezitzaileek. “Normalean ekintzaz betetako programa finkatuak izaten dira udalekuetan, aurrez erabakitakoak. Askotan, gainera, hezitzaileon beharra izaten da eguna jarduerez beteta edukitzea. Bada, horrekin puskatu nahi dugu. Lehendabiziko egunerako eta irteera batzuetarako proposamenak eginak eramango ditugu, baina gainerakoa udalekuan bertan egituratu nahi dugu, denon artean, hezitzaileon eta gazteen artean. Beraiei utziko diegu erabakitzen”. Izan ere, momentu batzuetan egituratutako ekintzak behar dituztela diote, baina ez beti. “Askotan hitz egiten dugu hezitzaileok autonomiaz eta parte hartzeaz, baina sarritan parte-hartzea bi proposamenen artean bat aukeratzera mugatzen da”, dio Altunak.

Planteamendu horrekin, hezitzaileen lana gazteen parte-hartzea bideratzea izango da: proposamenak egiteko moduak bilatzea, proposamenak garatzeko bideak topatzea, egunero gazteekin hitz egiteko eta haien iritziak jasotzeko tarteak izatea eta abar. Zentzu horretan, hasieratik bertatik eman nahi die gazteei parte hartzeko aukera. Hala, izena emateko garaian, bi fitxa egongo dira; bata gurasoen-tzat, alderdi legalari dagokiona, eta bestea gazteentzat.

 

Hezitzaileak % 100ean

Altuna eta Gonzalezen iritziz, udalekuetako hezitzaileek baldintzatzen dute udalekuen dinamika. “Hezi-tzaileek oso argi baldin badaukate helburua zein den, gauzak nola egin, nola bideratu, nola esan eta nola heldu gazteekiko harremanari, udalekuak bide onean egongo dira. Eta horretarako, noski, hezitzaileen artean giro eta harreman ona egotea ezinbestekoa da”. Gazteek nabaritzen dute hezitzaile taldean dagoen harremana nolakoa den eta horrek kutsatu egiten ditu, onerako zein txarrerako. Horregatik jotzen dute funtsezkotzat hezitzaile batek elkarlanean aritzen jakitea. Eta horrez gain, gardena eta zintzoa izatea, norbere buruari erronkak jartzea, norbere buruaz barre egiten jakitea eta beti rol bera ez jokatzea. Eredu horiek dira gazteek ikusiko dituztenak eta horietatik ikasiko dute.

Azken batean, udalekuak hezteko gune aproposak direla diote bi hezi-tzaileek. “Udalekuetako zazpi egunetan gazte batek guztiz ezezagunak diren beste gazte batzuekin erlaziona-tzeko aukera du, etxetik kanpo egotekoa, bere beharrak kudeatzen ikastekoa, beste harreman eredu batzuk ezagutzekoa... Bizitzarako baliagarriak diren gauza asko ikasten dira”.