ITZIAR IRIONDO. ATZERRIKO HIZKUNTZAKO IRAKASLEA EHU-N: “Ikasgai guztietako irakasleak dira hizkuntza irakasleak eta denek eduki beharko lukete horren kontzientzia”

2019-03-01

25 urteko ibilbidea egin du Itziar Iriondok EHUn atzerriko hizkuntzako irakasle gisa, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean, hain zuzen ere. Etorkizunean Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasle izango diren gazteak joaten dira fakultate horretara formazioa jasotzera. Iriondok formazio horren giltzarriak talde lana, partekatzea eta koordinazioa direla dio. Teoria eta praktika uztartuz, hori erakusten saiatzen dira. Eta ibilbide horretan, hizkuntzako irakasle izatea zer den ere irakasten dute. Euskararen eta ingelesaren irakaskuntzan gaur egun dauden egoerak, kezkak eta erronkak ere hizpide izan ditu. Hizkuntza bat ikasteko, erabiltzeko ohitura sortu behar da. Ohitura hori izango da erabilera bermatuko duena Iriondoren ustez. Eta ohitura sortzeko input eta eredu egokiak eskaini behar dira besteak beste.

 
 

Euskararen erabilerak kezka sor-tzen du, behera doalako. Euskararen ezagutza maila nahikorik lortu ezean, ordea, nekez erabiliko da. Zer gertatzen da ikasleak derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan euskara maila nahikoarekin ez ateratzeko?

Nik ez dakit erabileraren gabezia hain justu ezagutza ezean oinarrituta dagoen. Ezagutza askoz ere handiagoa da erabilera baino eta hori gure fakultatean oso-oso garbi ikusten da: denek dakite euskaraz, euskaraz bakarrik eskaintzen ditugu tituluak, eta ez da erabiltzen edo gutxi erabil-tzen da. Orduan, erabilera eta ezagu-tza ez dakit parez pare datozen. Hori hasteko. Eta horrez aparte, erabileran eragina duten beste faktore asko ere egon daitezkeela uste dut: gizartean daudenak, sare sozialak...

 

Ezagutzari dagokionez, orduan, erraztasunez aritzeko maila lortzen dela uste duzu? 

Hizkuntza mailaz ari garenean, hiz-kuntza maila zer den argitu beharko genuke. Seguraski, jakituria eta irakasten zaiena lortuko dute. Baina, zer da hizkuntza batean maila izatea? Erraz erabiltzeko gai izatea alor desberdinetan. Eta, beharbada, ez daukate ohitura hori. Eta ohiturarik ez dutenez, kosta egiten zaie zenbait alorretan nahi dutena adieraztea, beren burua adieraztea, zerbaitetaz hitz egitea, argudiatzea, eztabaida-tzea... Gainera, Batxilergokoa selek-tibitatera bideratutako irakaskuntza denez, beharbada irakaslearengan oso zentratua eta ez ikaslearengan, hizkuntza ez da behar bezala lantzen. Azkenean, hizkuntzak gauzak eginez ikasten dira eta irakaskuntza ez dago horretan zentratuta.

 

Zer hartu beharko litzateke kontuan hizkuntzaren irakaskuntzan? Nola prestatu hizkuntza ondo erabiltzen dakien jendea? 

Gure ustez, hizkuntzaren irakaskun-tzan irakasle guztiek izan beharko lukete hizkuntza irakasleak. Ikasgai guztietan erabiltzen da hizkuntza: edukiak ikasteko, edukiak transmititzeko, adierazteko eta lantzeko. Horregatik, beste ikasgaietako irakasleak ere badira hizkuntza irakasleak, ez Euskarakoak, Gaztelaniakoak eta Ingelesekoak bakarrik. Irakasle guztiek eduki beharko lukete horren kontzientzia. Hori oso kontuan izan beharko lukete, eta guk ere bai prestatzen ditugunean, kalitatezko hezkuntza eta ohiturak gauzatzeko ikastetxean eta ikasgelan.

Orduan, zer da hizkuntza baten irakaskuntza? Hizkuntza erabiltzea. Eta azkenean, nola ikasten da? Bada, erabiliz: hitz eginez, irakurriz, idatziz eta entzunez. Orduan, gelan horretarako egoerak sortzea da irakaskuntza egoki bat edo beharrezkoa. Zenbat eta aukera gehiago izan, hizkuntza gehiago erabiliko da eta gehiago ikasiko da. Esate baterako, zientzietan esperimentu bat egiten ari badira ikasleak, hipotesiak egiteko, froga-tzeko eta abar, hizkuntza erabili behar dute, hitz egin behar dute, idatzi ere bai... eta hori egiten ari diren bitartean hizkuntza darabilte. 

Gaur egun ikasleek gero eta lan gehiago egiten dute modu kooperatiboan edo lankidetzan: elkarrekin jarriz, elkarrekin gauzak eginez, proiektuak burutuz... eta egoera horiek ikasleei hizkuntza erabiltzeko beharra sortzen die.

Horregatik, hizkuntzaren esposizio horretan eredu egokia behar dute, input egokiak eta aberatsak jaso behar dituzte. Testuinguru horretan sortzen den elkarreraginean hitz egingo dute eta hizkuntza erabili. Horretarako ohiturak sortzea da gakoa: ikasleak beraien artean elkarreraginez komunikatzea eta komunikazio horretan ohitzea da hizkuntza eskuratzeko modua. Gero, behin ohitura horiek sortzen direnean, errotu eta barneratu egingo dituzte. 

 

Horretarako, irakasleek hainbat estrategia erabili beharko dituzte. Beste modu batera esanda, hizkun-tzaren didaktikaz jakin beharko dute. 

Bai, hala da. Badirudi gai batetaz zerbait dakiena prestatuta dagoela hori irakasteko. Eta ez da hala. Tradizionalki beharbada hala zen. Baina irakaskuntzako prestakuntza ez da kanpotik esaten dizutena praktikan jartzea, ez da transmisio kontua, zuk edukiak dakizkizu, edukiak transmititzen dituzu eta kito. Ez da hori. Askoz gehiago da. Jardueraren azterketaren ondorioz, eta praktikaren ondorioz ondorioztatu dezakezun zerbait da. Bestela, gure titulazioak edukien transmisioa izango lirateke. Eta hori badute gure ikasleek. Batxilergoan jaso duten Zientzia, Matematika, Hizkuntza... badute. Orduan, zertarako errepikatuko dugu hemen? Eta gainera, beheragoko maila batean? Irakasle izango direnei Matematika, Zientziak, Hizkuntzak irakasten irakatsi behar zaie, eta horietako edukiak. Horretarako, guk didaktikako estrategietan trebatu behar ditugu. Eta horretan ari gara, praktika eta teoria uztartzeko modua eginez.

Teoria soziokulturalean oinarritzen gara. Azkenean, nola ikasten dugu? Besteekiko harremanetan, interakzioan, elkarreraginean, irakasleen eta ikasleen arteko elkarreragin horretan.

Atzerriko hizkuntza irakasten dut nik, eta ikasleei esaten diet erakusten diedanak atzerriko hizkuntza edota beste hizkuntza bat edo beste zerbait irakasteko balio diela. Zeren, zer da irakastea? Edo zer da ikastea? Nire-tzat, gradu amaierako azken azterketako galdera hori izan beharko luke: zer da irakastea? Eta zer da ikastea? Ea lau urteren ondoren ikasi duten zer den irakastea. Beste eskema zurrunetatik etor daitezke hori bizi izan dutelako, eta hori aldatzea asko kostatzen da. Horregatik da interesgarria lau urteren ondoren galdera horiek egitea.

 

Eta zuri egiten badizkizugu galdera horiek? Zer da zuretzat ikastea? 

Begira, ingelesarekin oso argi ikusten da. Studying eta learning hitzak ditugu. Nik lehen egunetan azaltzen diet zein desberdintasun dagoen bien artean. Studying da kontzienteki, normalean konnotazio ez oso atseginekin, ahaleginarekin, sufrimenduarekin... erlazionatzen den zerbait. Eta learning, berriz, ahalegina kendu gabe, baina beharbada inkontzienteki,  berez barneratzen den zerbait da, eta seguraski iraungo duena. Eta hori gertatu daiteke irakaslearen gidari-tzaren bitartez, inguruaren eraginez, gelan, kanpoan... aldagai askoren ondorioz. Aberasten gaituen zerbait da learning, zerbaitetarako gai egiten gaituena.

 

Eta, irakastea, zer da zuretzat irakastea? 

Irakastea da ikasleak egoera batean jartzea, non hori dena artikulatu daitekeen, gertatu daitekeen edo ahal bada gertatzen den. Eta aukerak ematea, gailu denak martxan jartzea hori gerta dadin. Ikasgelan aukerak edo egoerak sortzea hori elkarreraginean, kuriositatez, gogoz... gerta dadin.

 

Hori bideratzeko gai izango diren irakasleak prestatzen dituzue zuen fakultatean. Zer-nolako prestakuntza jasotzen dute gaitasun hori lortzeko? 

Sekreturik ez dago. Kontua da teoria eta praktika uztartzea. Ikerketan oinarritutako praktika onak, munduan zehar egin direnak eta frogatuta daudenak oinarritzat hartuz, hori praktikarekin uztartzea. Hemengo egonaldiaren eta ikastetxeetako praktiken bitartez, joan-etorrian, ikastetxeen eta fakultatearen arteko elkarlana sustatzen ahalegintzen gara, teoriak dioena praktikan ikus dezaten eta alderantziz. Batetik bestera ibiltzea, beste modu batera esanda. Hori da gu egiten saiatzen garena. Ikusi dezaten ez dakit nork teorian esaten duenak, frogatuta dagoenak, eta hainbat ikerketen ondoren eratorri edo ondorioztatu denak, gero nola funtzionatu dezakeen praktikan. Ikastetxeetara joaten direnean eta han maisu-maistrak ikusten dituztenean edo beraiek aritzen direnean, teoria hori praktikarekin uztartzeko aukera dute. 

Gustatuko litzaiguke gehiago egitea; praktiketako egonaldi horietara joatea gure ikasleak nola moldatzen diren ikustera eta aztertzera, eta horren inguruan hausnartzea. Nik uste dut gero eta harreman estuagoa daukagula ikastetxeekin eta maisu-maistrekin. Gehiago egin daitekeela? Dudarik gabe. Agian, hemen fakultateko irakasleok ere pasa beharko genuke ikasgeletatik eta gaur egun irakasle izatea zer den bizi. Baina hori artikulatzeko dago oraindik.

Horrez gain, nik orain dela urte batzuk ikasleei esaten nien garrantzitsuena irakaslea zela. Irakasle on batek metodologia eskas batekin aurrera egin zezakeela, eta alderantziz, berriz, ez. Baina orain konturatzen naiz irakaslea bera ezetz, irakasle taldea dela garrantzitsuena. Irakasle bakar batek bakarrik zerbait egin dezake, baina bere esparru estu horretan. Baina irakasle taldeak, denek irizpide berberak, helburu bera eta ahalegin bera eginez, askoz gauza gehiago lor ditzake.

Adibidez, euskararen kasuan, edo ingelesarenean ere bai, ondoen funtzionatzen duten ikastetxeak edo esperientziak honakoak dira: irakasle beteranoren bat, prestakuntza ona jaso duena, oso konbentzituta dagoena egiten duen horretan eta irizpide argiak dituena, eta gero, inguruan sortzen duen taldea (noski, horretarako taldeak egonkorra izatea komeniko litzateke eta ikastetxe batzuetan badakigu zer gertatzen den, irakasleak joan eta etorri egiten direla). Baina irakasle taldea, denak batera, irizpide berberekin eta elkarlanean. Eta elkarlan hori beste lanbideetan egiten den moduan: nik zu ikusten zaitut, nola lan egiten duzun, eta zuk ni ikusten nauzu, nola lan egiten dudan. Elkarrekin aztertzen dugu egiten duguna, dena zalantzan jartzen dugu, ondo egindako gauzak azpimarratzen ditugu eta errepikatu, hobetu daitezkeenak hobetu... Horrek funtzionatzen du.

 

Talde lana da gakoa, beraz. 

Bai, taldea eta partekatzea. Lehen esan dudan moduan, beste lanbideetan egiten den bezala. Azkenean, edozein lanetan, supermerkatu batean, adibidez, ikusi egiten duzu aldamenekoak nola kobratzen duen, nola sartzen dituen gauzak poltsetan eta abar. Gu, irakasleok, bakoitza bere gelan sartzen gara eta ez dakigu ondokoak zer egiten duen.

Horregatik, nire ustez, esandakoa da bidea: besteen geletan sartu, bideoz grabatu eta ikusi, aztertu, komentatu (‘nik hau egin dut eta ez zait oso ondo atera’, ‘bada niri oso ondo atera zait’, ‘ikus dezagun zer egin duzun’). Partekatu eta ikusi. Eta irizpide garbiak izan.

 

Euskararen irakaskuntzan, orain dela urte batzuk hausnarketa sakonak egiten ziren nola egin taldekatzeak, zein metodologia erabili eta abar. Gaur egun, etxetik euskara ez dakarten ikasleak badaude oraindik ere, baina egiten al da horrelako hausnarketarik? Irizpide garbiak al daude?

Garai batean banatu egin ziren etxetik euskara zekartenak eta ez zekartenak. Baina, gero, elkartzen zirenean, errazenera jotzen zuten eta gaztelaniaz hitz egiten bukatzen zuten. Nire iritziz, banatzea ez da egokia, inklusioa da bidea: hasieratik denak elkarrekin egotea, gizartean bezala, eta hor jarri indar guztiak eta hor landu metodologiak.

Edonola ere, ez dut uste hizkuntzaren kasua bakarrik denik. Ikastetxe batzuk ghetto moduko bihurtzen ari dira, eta ez da hizkuntzagatik bakarrik, baizik eta ikasketen erritmoagatik eta abar. Hizkuntzarena edo hizkuntzena beti hor dago, azkenean dena delako hizkuntza. Baina nik uste dut orain hausnarketa edo fokoa ez dagoela hor jarrita, berez hori bil-tzen duen beste errealitate bat delako garrantzitsuagoa-edo. Hizkuntzak bai, baina bestelako errealitateak ere bai.

 

Demagun gela batean etxetik euskara dakarten bi ikasle bakarrik daudela, gainerakoek beste hizkun-tza bat dutela ama hizkuntza. Horrek kezka sortzen du bi haur horien gurasoengan, euskara bermerik gabe ikusten dute.

Kasu horietan, irizpide argiekin eta gauza interesgarriak egingo balira gelan, ez luke hainbesteko arazo izan behar. Talde lanetan bakoitzak dauzkan baliabideekin egiten du aurrera. Orduan, batek euskara oso aberatsa baldin badakar etxetik aberastasun hori ona izango da taldearentzat eta beste batek beste aberastasun mota bat edukiko du. Esan bezala, kontua da irizpide garbiak izatea. Euskaraz hitz egiten duten ikasgelan ohitura horiek sortzea eta aurrera eramatea onugarria izan beharko luke denentzat, etxetik dakarrenarentzat eta ez dakarrenarentzat. 

Ingelesarekin gauza bera gertatzen zen. Ikusi ditut ikastetxe batzuetan ingelesa etxetik dakarten ikasleak. Lehen, adibidez, ikasle horiek Ingeleseko eskoletatik salbuetsita egoten ziren: ‘zuk ingelesa baldin badakizu, ez duzu ingeles eskoletara etorri beharrik’. Bada, ze pena! Zeren, beraien lekua ematen baldin bazaie, eredu onak izan daitezke horretan, beste batzuk beste gauza batean diren moduan. Beraien jakituria besteen esku jarri eta denak elkarlanean arituz emaitza hobeak ateratzen dituzte. Aniztasun eta aberastasun hori aprobetxatu egin behar da. Horrek hizkuntza horretan hitz egiteko ohitura hartzeko balio badie, primeran.

Bada beste gauza bat ere: erronka eta sarien sistema. Ni beti kontrakoa izan naiz, baina ebidentziak ikusita, iritziz aldatu dut. Alegia, ikasleei esatea ‘Ingeleseko saioetan ingelesez hitz egiten baduzue denbora guztian, globo honetan ura botatzen joango gara bertan dagoen mezua irakur-tzeko. Eta lortzen baldin badugu, ingeles saio berezi bat egingo dugu’. Funtzionatzen du. Beraz,  funtziona-tzen baldin badu, zergatik ez erabili? Motibazio gehigarri bat da ikasleen-tzat eta irakasleentzat.

Ingelesarekin ikusi nuen orain dela urte batzuk, eta aurten euskararekin ikusi dut. Inguru ez euskaldun batean, aniztasun handia zegoen ikastetxe horietako batean, etorkinak pilatuta zeuden horietako batean, denbora guztian euskaraz hitz egiten zuten beraien artean. ‘Naturalki ateratzen zaie’, esan nion irakasle bati. Eta ‘naturalki ez, hau ahalegin handia egin dugulako lortu dugu’, erantzun zidan. Beraz, funtzionatzen baldin badu, ongi etorria erronka eta sari sistema hori.

 

Atzerriko hizkuntzaren irakaskun-tzari helduta, gaur egun gure kasuan ingelesa zein adinekin hastea komeni da? Egokia al da 4 urterekin hastea?

Teoria desberdinak daude eta nik ere zalantzak dauzkat. Ikerketa zientifikoak dio ingelesa 4 urterekin edo 8 urterekin hasi, ez dagoela alde handirik. Izatekotan ahoskeran izan dezake, ze haurrek oraindik ez dauzkate ahoko muskuluak oso zurrunak eta entzuten dutena ahoskatzen ikasten dute. Baina hortik aurrera, gehiago aurreratzen da kognitiboki hizkun-tzen ikaskuntzarako prestatuagoak daudenean edo adinean aurrera doazenean.

Orduan, nire zalantzak ditut. Gaizki ez dago 4 urterekin hastea, hori inoiz ez. Eta askok uste duten arren, ez dio kentzen euskarari. Guraso batzuei entzun izan diet ‘hobeto daki ingeleses euskaraz baino’, eta ez da egia. Horrek ez du ezer kentzen, gehitu baizik.

Nik esango nuke ingelesa 4 urterekin hastearen onura jarreran antzematen dela batez ere. Eta irakasleen motibazioan eta freskotasunean, gauza politak eta interesgarriak egiteko nahian. Zentzu horretan, nik uste dut gauzak ondo egin direla ingelesaren sarrera goiztiarrarekin hasita. Irakasleak oso motibatuta zeuden, prestakuntza ona eman zen eta horrek indarrak piztu zituen. 4-5 urteko haurrek oso gustura hartzen dituzte gauza berriak eta oso gauza interesgarriak eta motibagarriak egin ziren: ipuinak kontatu eta horien inguruan landu eta abar. Emaitzak onak izan ziren eta onak dira. Nik uste pizgarri bat izan zela irakasleak elkarrekin aritzeko, era motibagarrian eta prestakuntza jasoz. Horretarako, batez ere.

Zein onura dituen eta ea merezi duen? Hori beste kontu bat da. Adin horretan haurrek ohiturak hartzen dituzte eta jarrera ona izaten dute. Horregatik, gure ikasleek oroimen onak dituzte Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloetan jasotako ingeles irakaskuntzaren inguruan. Horrek jarraipen bat baldin badu, motibazioarekin, indarrarekin eta gustuko gauza interesgarriak eginez, bakoitza bere mailara egokituta, oso ondo. Orain, baldin bada ‘ze ondo pasa dugun Haur Hezkuntzan ipuinak kontatuz eta orain ikasi egingo dugu 4. mailan gaudelako’, beharbada ez du emaitza handirik izango. 

 

Ez al da posible hasierako freskotasun eta motibazio hori gorakogo mailetan mantentzea?

Bai, noski dela posible eta hori da guk sustatzen duguna. Jarrera horrekin eta elkarreraginean gauza interesgarriak egitea, maila eta egoera bakoitzari egokituta jarraitzea gaiari. Gaur egun, hori lantzeko zenbait ikastetxetan, adibidez, hasiak daude CLIL izeneko enfokea erabiltzen. Edukia eta hizkuntza integratutako ikaskuntza lantzen da CLILekin. Hau da, Ingelesa eta beste edukiak uztartu eta batera lantzen dira. Ez da edukietan oinarritutako hizkuntzaren irakaskuntza, baizik eta edukia eta hizkuntza aldi berean lantzea, hiz-kuntzaren inguruko hausnarketa ere bertan sartuz. Ez da etxetik euskara ez zekartenekin D ereduan egiten zena: Matematika euskaraz, Zientziak euskaraz, dena euskaraz. Ez da hori, baizik eta garrantzia biei ematen zaie, hizkuntzari eta edukiei. Esate baterako, Zientzietan hipotesiak egiten ikasten dute hizkuntza mota bat erabiliz. Hipotesiak eta hizkuntza molde jakin bat, biak batera lantzen dira. Murgiltzearen ordez integrazioa izango litzateke.

Eta horixe da metodologia honek daukan onura: integrazioa. Proiek-tuka lan egiten duten ikastetxe askotan irakasleen artean koordinazio handia dute, baina Ingelesekoak aparte geratzen dira. ‘Ingelesez ezin dira gauza hauek egin, ingelesez ez daukate nahiko mailarik’ eta horrelakoak uste dira, eta Ingeleseko eskoletan testu-liburuekin edo egiten ari zirenarekin jarraitzen dute.

CLILen bitartez atzerriko hizkun-tza ere integratzen da, ordea. Ingeleseko irakaslea ere gainerako irakasleen koordinazioan sartzen da. Horrela, Zientzietan uraren zikloa ikasten ari badira, Ingelesean gai horren gaineko hizkuntza lantzen da, eta ez horrekin zerikusirik ez duen beste gai bat. Azkenean, bizitzan horrela da eta ikasgelara bizitza errealean behar diren konpetentziak eraman behar dira.

Ikasleak ere konturatzen dira atzerriko hizkuntza beraiek daukaten beste gaitasun bat dela, beste aukera bat, euskara edo gaztelania izan daitezkeen bezala. Eta ez beti aparte eta maila baxuagoan. 

Beraz, metodologia berria parte-hartzailea da, taldeka lan egitea eskatzen duena, bakoitzak bere erritmoan eta egokia eta onuragarria izan daitekeena ondo erabiliz gero.

 

Haur eta Lehen Hezkuntzan beste aldaketa bat ere ikusten ari gara: lehen ingeleseko gelara joaten ziren ikasleak; orain ingeleseko irakaslea etortzen da haurren gelara. Zer da egokiagoa?

Biak dira balekoak. Azkenean ikastetxeek baliabideen arabera bata edo bestea egiten dute. Batzuetan oraindik ingeleseko gela badute eta murgiltze eremu gisa erabiltzen dute. Txip aldaketa egiteko egoki ikusten dute gela hori. Beste batzuetan haurrak ez dira mugitzen gelatik eta Ingeleseko irakaslea joaten da gelara. Han egiten ari direnarekin integra-tzen da, nahiz eta hizkuntza aldatu. Ikastetxe bakoitzak ondoen datorkion moduan antolatzen du eta ez dut uste eraginik duenik.

 

Ingeleseko akademiak. Beste errealitate bat. Zein iritzi duzu akademiei buruz?

Akademiak gurasooi sortu zaigun edo sortzen zaigun kezka batekin daude lotuta. ‘Ikastetxean ez dute ikasiko, kanpora eraman behar ditut. Kanpoan ikastetxean baino askoz gehiago ikasten dute’, esaten da. Eta orduan, obsesionatu egiten gara eta umeak akademietara eramaten ditugu oso-oso gazte direnean. Askotan kontrako erreakzioa sortzen du horrek: hainbeste ingeles, hainbeste ingeles, nazkatu egiten dira.

Txikientzako akademietan, esate baterako, umeak txikiak direnean beharbada landuko dute komunikazio gaitasuna. Baina, gero, adinean aurrera egin ahala, garbi dago gehienetan  zein den helburua: tituluak lortzea. Xedea ez da gaitasun komunikatiboa areagotzea.

Akademietara joaten direnek gehiago dakitela esaten denean, hala izan daiteke. Azken batean, ordu gehiago pasatzen dituztelako hizkuntza horrekin harremanetan, esposizio handiagoa dutelako eta talde txikitan egoten direlako ikastetxeetan ez bezala. Hori da sekretua, azken finean. Hori txiki-txikiak direnean. Baina, gero, zaharragoak direnean, akademietako irakaskuntza tituluak ateratzera bideratua dago. Horregatik, batzuek nahiz eta titulua eduki, ez dira komunikatzeko oso trebeak. Eta beste batzuk, akademietara joan gabe komunikatzeko oso trebeak dira, nahiz eta titulurik ez eduki. Hori beti gertatu da, euskaraz ere bai.

Argi eduki behar da helburua zein den: akademiara eramaten baldin badugu, badakigu ez dela beti gaitasun komunikatiboa areagotzeko, baizik eta titulua lortzeko.

 

Ikasgelan akademietara joaten direnak eta joaten ez direnak egoten dira. Nola kudeatu hori?

Gerta daiteke akademietara joaten direnak gehiago jakitea, aurreratuago egotea. Bada, ze ondo! Aprobetxa dezagun egoera. Irakasleak pentsa dezala, ‘ze ondo, oso lagungarriak egingo zaizkidan elementu batzuk dauzkat, bai niretzat eta bai ikasleentzat izango dira lagungarriak’. Azkenean, lehen esaten genuen elkarrekintza horretan batzuk asko baldin badakite lagungarri izan daitezke besteentzat, eta beste batzuk beste gai batean jakingo dute asko. Elkarreraginean batzuk besteengandik ikasiko dute. Horrela izan beharko luke: faktore askoren gehikuntza horretan, gehiago dakitenak ondo etorriko dira, bai ingelesaren kasuan eta bai beste edozein gairen kasuan.

 

Lortuko al dugu Ipar Europako herritarrek atzerriko hizkuntzan daukaten mailarik?

Ez dira gu baino azkarragoak. Eta ez da beraien ama hizkuntza ingelesetik gurea baino gertuago dagoelako. Kontua da jaiotzen direnetik esposizio handiagoa daukatela, lehen esaten genuen ohitura horiek: telebista, zinea, filmak... Ingelesez ikusten dituzte eta guk ez. Gu oso modernoak ginenez, dena itzuli egin behar zen.

Nik uste dut, gazteek, gaur egungo telesailekin, sare sozialekin eta abar, guk izan genuena baino askoz ere esposizio handiagoa dutela. Eta hori nabaritu beharko litzateke hemendik pixka batera. Eta baliatu egin beharko litzateke ikasgeletan ere jarraipen bat emateko.

Halere, normalean bakoitzak uste duena baino gehiago daki. Gertatzen dena da beti izan dugula konplexu hori. Ipar Amerikan denek esaten dute oso ondo hitz egiten dutela gaztelaniaz, eta ez da egia. Autoestimu handia dute. Guk kontrakoa: ze gaizki, ze lotsa, jendearen aurrean ez naiz ausartzen... Geure burua gai-tzesteari utzi behar diogu. Ez dakit Ipar Europako herrialdeetan duten maila lortuko dugun, baina munduan fisikoki eta birtualki ibiltzeko, komunikatzeko eta elkar ulertzeko adinako maila lortu daitekeela uste dut, eta lortzen dela askotan. Gure esku dago sustatzea eta animatzea. Gu saiatzen gara gure ikasleei transmititzen indarra daukaten bitartean eta gazteak diren bitartean saiatu daitezela gauzak martxan jartzen. Hain polita da zure lanarekiko gogo bizia edukitzea, hori transmititzen saiatzen garela.