BALOREAK CD-A: Giza balioak lantzeko abestiak eskura

2019-06-01

Gaur egun gero eta gizarte indibidualistagoan bizi garela entzuten da behin eta berriz. Elkartasuna, auzolana, berdintasuna eta beste hainbat giza balio lantzeko beharra ikusten da, nabarmen. Eta saiakera ugari egin izan dira eskolan, etxean, aisialdiko taldeetan eta abar, bitarteko ugari erabiliz. Hemendik aurrera, beste baliabide bat gehiago izango da denon eskura: Baloreak proiektua (www.baloreak.org). Musikaren bitartez giza balioak Euskal Herriko txoko guztietara helarazteko proiektu berria da.

 
 

Musika eta giza balioak uztartu dituen esperientzia berri honen bultzatzaileak DeepScoda ekoiztetxeko kideak izan dira: Paxkal Etxepare Baionako soinu-ingeniaria, Joseba Razkin musika-manager eta ekoiztetxeko koordinatzailea, eta Pello Reparaz musikaria eta konpositorea. Azken bi horiek irakasleak dira, eta ikusi izan dituzte haurrekin giza balioak lantzeko esperientziak eta proiektuak. “Urteetan zehar, saiakera asko egin dira haurrengana giza balioak gerturatzeko, eta lortu duenik ere bada. Baina, gure ikuspegitik, ez erarik egokienean edo guri egoki iruditzen zitzaigun moduan”, dio Pello Reparazek. “Giza balio horiek kutsu erlijioso edo politikoetatik landu izan dira sarritan, eta gu hortik aldentzen eta era askeagoan jorratzen saiatu gara proiektu honekin. Kutsu horietatik aldendu, eta beste ikuspegi bat eman diegu giza balio horiei”. 

Ikuspegi hori emateko, hiru elementu baliatu dituzte: musika, haurrak eta giza balioen inguruko hausnarketa. Emaitza zortzi abestiko musika CD bat izan da; baina askoz ere gehiago da proiektua: “Proiektu musikal zabala da. Hilabete asko pasatu ditugu lanean bai guk, bai haurrek, bai gurasoek, bai horiez gain inplikatu den jende mordoak ere. Eta bere osotasunean, ez da musika soilik, haurrekin eta haurrentzat sortu dugun proiektua da, giza balioak jorratzeko xedearekin”. Hala, lan honek duen berezitasun handiena giza balioak jorratzeko modua izan da. Abestiak haurren esperientzietan oinarritzen dira, eta horrek ematen dio zeharkako kutsua benetan.

Hasteko, casting birtual bat egin zuten haurrak aukeratzeko, eta hortik abiatu ziren Euskal Herriko hainbat herritako 8-14 urte bitarteko bost haurrekin: Netsanet baionarra, Kaiet getariarra, Iradi bilbotarra, Luna berriozartarra eta Asier iruindarra.

CDak dituen zortzi abestietako hiru Pello Reparazek sortu zituen erabat, eta gainerako bostak ere bai, baina haurrekin izandako elkarrizketetatik abiatuta.  “Bost haur horiek elkarrizketa batzuk izan dituzte Skype bitartez beste herrialde batzuetako haurrekin” azaldu du Joseba Razkinek, ekoiztetxeko koordinatzaileak. 

“Kontaktuan jarri ginen munduko bost herrialdetako txikiekin, musika-eskolen, ikastolen eta beste erakunde batzuen bitartez. Horrela, Kanada, Katalunia, Korsika, Mexiko eta Mendebaldeko Saharako beste bost txikik hartu zuten parte proiektuan. Oso une politak bizi izan genituen elkarrizketa horietan. Oso era naturalean, giza balioen inguruan hitz egiten hasten ginen, eta umeei euren ikuspegia eskatzen genien, aurretiazko lanketa batean aukeratutako hainbat giza balioren inguruan. Herrialde eta kultura desberdinak izan arren, oso antzekoak ziren txikien ikuspegiak giza balio horien inguruan. Haien esperientzietatik abiatuz, gogoetak azaleratzen zituzten. Kaietek, esaterako, Mexikoko Diego ezagutu zuen, eta gauza ederrak esan zituzten berdintasunari buruz. Adibidez ‘desberdinak izatean berdinak gara’, zioen Kaietek. Desberdin izatea polita dela zioten biek, eta, hain urrun egonda ere, berdinak zirela”. 

Elkarrizketa horietatik tiraka, azkenean, gehien aipatu diren balioak zerrendatu dituzte: nortasuna, erantzukizuna, elkartasuna, ausardia, berdintasuna, umiltasuna, jarraikitasuna eta maitasuna. Hortik abiatuta sortu ditu Reparazek gainerako bost abestiak. Eta haurren eztabaida eta gogoetetatik harago, hainbat elkarterekin ere ideiak kontrastatu dituela erantsi du Reparazek; besteak beste, Eraikiz kolektibo feministarekin, Chrysallis-ekin eta SOS Arrazakeriarekin. “Hitzak ikusi, eta ekarpen baliotsuak egin dituzte, eta horrek aberastu egin du proiektua”.

Azkenean, Baloreak diskoko kanta bakoitzak giza balio bati egiten dio erreferentzia, eta haur bakoitzak balio horietako bati buruz abesten du. Bai Skype bidezko uneak bai grabaziokoak une ederrak izan dira, eta sekulako esperientzia izan da bost haur horientzat. 

 

Proiektuak jarraipena du

Euskal Herriko haur askoren ahotan entzuten dira CD honetako abestiak. Eta horrez gain, proiektua zuzenean ezagutzeko aukera ere badute. “Ongi etorri gunea” proiektu ibiltaria prestatu dute eta hara eta hona ibiltzen hasiak dira; besteak beste, Urdaibaiko ekoetxean eta Euskal Eskola Publikoaren jaian izan dira. Aurrera begira, beste hainbat tokitara joateko asmoa dute. “Gune honetara hurbiltzen denari proiektuaren nondik norakoak lehen pertsonan kontatzen dizkiogu, eta aldi berean, txikienak giza balioen inguruan hausnartzera gonbidatzen ditugu” azaldu du Razkinek.

Bestalde, datorren urteko urtarrilaren 7an lehen kontzertua eskainiko dute Bilboko Arriaga antzokian.

Ikastetxeetan ere gaia lantzeko beharra ikusten dute egileek, eta giza balioak lantzeko materiala sortu nahi dute. Baina ohiko prozeduretatik haratago joan nahi izan dute materiala prestatzerakoan. Zerbait berritzaileagoa eta gertuagokoa egin nahi dute, beste modu bateko lanketa bat, azken finean. Horrela, topaketa batzuk prestatu dituzte eta horietan sortzen den feedback-etik egingo dute materiala. Oraindik data eta tokia zehaztu gabe badituzte ere, topaketaren egitura finkatuta dute eta Razkinek eman dizkigu xehetasunak: “Topaketa horietan zortzi mahai-inguru planteatuko ditugu. Mahai-inguruetan Baloreak taldeak landutako zortzi giza balioen inguruko hausnarketa berritzaile eta hezitzaileak proposatuko dira. Mahai-inguru bakoitzean dinamizatzaile batek testuinguru ezberdinak planteatuko ditu helburu batekin: giza balio bakoitza ikuspegi berriekin lantzeko proposamen eta ideiak sustatzea. Azkenik, topaketei amaiera emateko zortzi pertsona publiko elkartuko ditugu eta bakoitzak giza balio baten inguruko 10 minutuko hitzaldi motz bat emango du”. Mahai-inguru sortzaileak eta irekiak izango dira, ezbairik gabe, eta nahiz eta irakasleei eta ikasleei zuzendutako deialdia izan, edozeinek izango du parte hartzeko aukera.