FILOSOFIA ETA LAN-MERKATUA: Filosofo izan nahi dut handitzean

2019-06-01

EKAI TXAPARTEGI. EHUko Filosofiako irakaslea

“Iritsiko al da eguna robotek gizakiak ordezkatuko dituztena?” Andy Kelly. “Erabaki al duzu zer ikasi behar duzun?”.  Oinazea sortzen diegu nerabeei behin eta berriro galdera hori bera eginez, baina funtsezko galdera beste bat da gaur egun, etorkizun ekonomiko duin samarra bermatuko dien erabaki bat hartzea bada helburua: “Pentsatu al duzu zertan izan zaitezkeen gaur egungo robotak baino hobea?”

 
 

Europan, makinek aspaldi ordezkatu zituzten animaliak lanean. Automobilaren bat-bateko agerpenarekin, adibidez, zaldiak desagertu egin ziren errepideetatik. Zaldiek “galdu” egin zuten, eta errekuntzako motorrak irabazi zuen. Eta galtzeak zera esan nahi du, 1915. urtetik 1960. urtera bitartean, zaldien kopurua 22 milioitik 3 milioira murriztu zela.

Bien bitartean, makinek bilakaera izan dute. Orain, robotak dira; esponentzialki konplexuagoak eta adimentsuagoak. Aurreko adibidearekin jarraituz, zaldiak ordezkatu zuen auto horrek ez du gidaririk behar, adibidez. Eta badirudi gero eta hurbilago dugula salgaien eta pertsonen garraioa gidarien beharrik gabe egingo den eguna.

Robot garraiolariak, esaterako, herrialde bateko langileen % 3 desagerraraz dezake kolpe batez.

 

Automatizatzea, digitalizatzea eta robotizatzea

Automatizatzea, digitalizatzea eta robotizatzea bereizi behar dira. Hiru prozesuek xede bera duten arren eta ekoizpena areagotzen duten eta kostua murrizten duten arren, desberdinak dira, eta hainbat modutan eragiten dute lan-merkatuan.

Automatizatzeari esker gertatu zen industria-iraultza. Kasu horietan, pertsonak makinarekin batera lan egiten du. Helburuak, estrategia eta pentsamendua gizakiak jartzen ditu, eta makinek gizakiaren lana arintzen dute, errutinaz eta lan errepikakorraz arduratzen baitira. Ludditen iraultza izan zen “komunitatearentzat kaltegarri” ziren makinen kontrako erresistentzia-mugimendu ezagunena, 1811. urtean Ingalaterran gertatu zena. 

Gure belaunaldiak, berriz, digitalizazioa bizi izan du, eraldaketa digitalak bultzatuta. Edozein gasolina-zerbitzugunetan ikus dezakegunez, digitalizazioak lanean jartzen du bezeroa. Hornigailuan ordenagailu txiki bat txertatuz, bezeroak gasolina hartu, ordaindu eta alde egiten du. Gasolina-zerbitzuguneek ez dute langilerik behar, bezerook egiten baitugu haien lana. Digitalizazioak lanpostu horiek desagerrarazi ditu, eta bankuetako eta supermerkatuetako kutxazainak ere desagerraraziko ditu laster. 

Baina orainaldi berria robotizatzeak zehaztu du. Lana ez dute makinistek edo bezeroek egiten, robotek baizik. Eta bakarrik egiten dute lan.

 

Gu baino hobeak

Gailu teknologikoak desiraren eskutik sartzen dira gure etxeetan, baimenik eskatu gabe. Sakelako telefonoak, tabletak eta gadgetak izan nahi ditugu gure inguruan; izan ere, horrelako edozein gailuk bikain egiten du irakatsi zaion hori.

Perfektuak dira domeinu jakin baten berariazko zereginak etengabe errepikatzeko. Gailuek ez dute egunean 8 ordu lo egin behar. Ez dute hanka sartzen, ez dira ezertaz ahazten eta ez dira kexatzen. Eta, garrantzitsuena, gero eta merkeagoak dira.

Zenbait pentsamendu-eremu gizakiok baino hobeto garatzen dituzte robotek, hala nola kalkulatu, informazioa prozesatu edo problemak ebatzi. Adibidez, ezinezkoa da xakean haiei irabaztea. Aukeraren bat izateko, partidaren aurretik tontotu egin behar ditugu, eta horrela lor dezakegu gure maila berean “pentsa” dezaten.

Ezin gara robotekin lehiatu. Robotak izanik, gu baino askoz ere hobeak dira.

 

Hezkuntza profesionalizatzailea

Ez al gaitu horretara eramaten gaur egungo hezkuntza-ereduak, hots, makinekin lehiatzera? Zer da, bada, espezializazio gero eta handiagoan oinarritutako hezkuntza-sistema hau, gizakiak robotizatzeko saiakera ez bada? 

Espezializatzea lanbide jakin bat perfekzioz gauzatzeko gaitzea da. Baina robotak horretarakoxe daude, errutinazko zeregin berezi eta errepikakor horiek perfekzioz egiteko. Beste zer ekarpen egin dezakegu guk?

Benetan pentsatzea edo emozionalki inplikatzea eskatzen ez duen lanbide oro robot batek garatuko du laster. Ez dago atzera egiterik. Robotiza-tzeak dakarren arriskua handitzen denean, lan horren balioa debaluatu egiten da, eta lanbide horri dagokion prestakuntza espezializatua zentzua galtzen hasten da.

Horregatik, milaka master eta espezializazioren unibertsitateak atzoko munduari erantzuten dio gehiago, industrializazio modernoari, gure orainaldi teknologikoari baino. Hezkuntza profesionalizatzailea eraginkorragoa izango da, pertsonaren robotizatzearen bidetik jarraitu beharrean, pertsonaren humanizazioa sustatzen badu, filosofiaren, literaturaren, arteen edo kulturaren bitartez. 

 

Filosofikoki lan egiten irakastea

Egia da oraindik enpresek profil tek-nikoak eta espezializatuak bilatzen dituztela, une honetan baliagarriak direlako, argi eta garbi. Ez dituzte filosofoak, artistak, idazleak edo poetak bilatzen. Baina lehentasun horiek aldatu egingo dira. Izan ere, aldatzen ari dira honezkero. 

Pertsona bakoitza bakarra eta ordezkaezina da bere gizatasunean. Eta, hain zuzen ere, roboten bidez ordezkatzeko zailenak diren gaitasunak filosofiarekin lotutakoak dira. Galderak eta gogoeta egitea, adibidez.  Gizakion portaera sakonkiago eta enpatiaz ulertzen saiatzea. Gure oraina kritikoki interpretatzea, bai eta gure sen ona ere. Idazten jakitea eta zintzotasun intelektualetik argudia-tzen saiatzea. Gure harremanetan presentzia afektiboa irabaztea. Gure inperfekzioak onartzea eta akatsei, forma estetikoari eta sormenari tokia egitea. Gure askatasuna erabiltzea ezetz noiz esan behar dugun jakiteko, eta gure asaldurak bizimodu hobeago batekiko konpromiso positiboa adieraztea.

Kapitalismo neoliberalak pentsatu du abilezia filosofiko horiek guztiek ez dutela ezertarako balio, eta arriskutsuak ere izan daitezkeela profesional ona izateko. Hezkuntza-sistematik baztertu ditu, dimentsio bakarreko gizakiaren zenbait espezie sustatuz eta hezkuntza humanista izateko desira zahar hori amets utopiko bihurtuz. Hala ere, gure inguru teknologikoan, gero eta robotizatze handiagorantz doan lan-merkatu berri honetan, edozein profesionalengan balioetsiko duguna haren gizatasuna izango da. 

Hamarkada askotan, filosofiak bazterretan eta zoko estuetan biziraun du. Baina ez ote da jada bihurtzen ari premiazko baldintza ekonomiko hotz, gizarte osoari begira?

Robotetatik bereizten gaituena ez da perfekzioz egin dezakegun hura, baizik eta egiten dugun hori zergatik egiten dugun. Horregatik, seme-alaba nerabe bat baldin baduzu, galdetu hauxe: “Pentsatu duzu jada zer gizaki mota izan nahi duzun?” Bizia salba diezaiokeen galdera da.