FAMILIEKIN IKASTURTE HASIERAKO BILERA: NOLA EGIN “INTERESGARRIAGO” DENONTZAT?

2019-06-01

MARTA QUINTAS eta AMELIA BARQUÍN. HUHEZIko irakasleak

 
 

Jakina da familien inplikazioak onura anitz dakartzala haurren heziketan; besteak beste, haurren arrakasta akademikoa bultzatzen du. Eta hori hala da, batez ere, haurra talde gutxitu batekoa bada edo gizarte-bazterketa arriskuan badago (Jeynes 2003).

Gaur egun, uste hau zabaldu da hezitzaile batzuen artean: guraso ugarik ez diote arreta nahikoa eskaintzen seme-alaben hezkuntzari, eta, horregatik, ez dira eskolan nahiko inplika-tzen. Gai horren inguruko ikerketek ondorioztatu dute gurasoek garrantzi handia ematen diotela seme-alaben hezkuntzari.

 

Zein dira familiak eskolan inplikatzeko zailtasunak?

Familiek eskolan inplikatzeko zailtasunak dituzte: eskolan inplikatzeko tradizio urria, gurasoek hezkuntza-sisteman bizi izandako esperientziak (guraso zein ikasle moduan), hezkuntza-sistemaren ezagutza falta, interes falta eta, noski, norberaren izaera eta faktoreak. Gainera, batzuetan, familiaren eta hezitzaileen arteko harremana falta izaten da, eta horrek eragina du pertenentzia-sentimenduaren faltan, helburu komunen faltan eta parte hartzeko dauden moduen ezagutza faltan (Parra, García, Gomariz eta Hernández, 2014).

Talde gutxituetako familiek edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden familiek zailtasun gehiago izan ditzakete arrazoi hauek direla-eta: haien egoera sozioekonomikoa, haien kolektiboen kontrako estereotipoak eta aurreiritziak, eskolako beste gurasoekiko harreman falta, desberdintasun kulturalak edo harrera-gizarteko hizkuntza ondo ez jakitea… Familia horien parte-hartzeak eskola benetan ekitatiboa izatea bultzatuko luke.

 

Nola eragin dezakegu familien inplikazioan?

Hezitzaileok, hezkuntzako profesional garen aldetik, ikastetxeko familiekin harremana hobetzeko lehen urratsa egin behar dugu; eta, horretarako, hezitzaileen eta familien arteko harremanak hezkuntza-proiek-tuaren oinarrizko ardatz izan behar du (Collet eta Tort, 2017). 

Hori lortzeko, berebiziko garrantzia dute hezitzaileak eta familiak interakzioan jarriko dituzten espazioek eta ekintzek, horien bidez elkar ezagutzeko, onartzeko eta elkarlanean aritzeko aukera izango delako.

Helburu horrekin lotuta, Educació Demà talde katalanak ikasturte hasierako bilerak berriro diseinatzea proposatzen du, ikasturtean familien eta hezitzaileen artean izaten den lehen kontaktua horietan izaten delako eta etekin gehiago atera dakiekeelako. Lehenengo kontaktu hori egokia izateak txinparta moduan joka dezake eskolan inplikatzeko dauden beste modu batzuk eraldatzeko; eta hasieratik familien eta hezitzaileen artean erantzunkidetasunean oinarritutako harremana garatzeko modu bat da. 

Gainera, gaur egun familiak biltzea lortzen duen parte hartzeko estrategia bat da. Familiek jarduerari abantailak aurkitzen dizkiotelako gertatzen da hori: informazioa jasotzea, onartuta eta babestuta sentitzea, seme-alabek ordu asko igarotzen dituzten espazioak eta egiten dituzten ekoizpenak ikusteko aukera izatea...

Horrek ez du esan nahi bilerek ahulguneak ez dituztela. Alde batetik, informazioa ematen duten bakarrak hezitzaileak dira gehienetan; familiek entzun egiten dute soilik, eta galdera eta iruzkin batzuk egiteko aukera dute. Partaideen arteko interakzioa ere ez da ohikoa. Bestetik, familia batzuei irudituko zaie bilerak aspergarriak direla eta haien edukia aurreikus daitekeela (formatua eta edukia askotan antzekoak direlako eskola batetik bestera).

Posible da, baina, bilerak berriro diseinatzea gabezia horiek kontuan hartuta. Adibidez, noranzko anitzeko komunikazio-kanal bihur daitezke. Bilerak birformulatzean, bestalde, erakargarri izan daitezen lortzea erronka garrantzitsua da, familien parte-hartzea motibatzeko.

 

Nola deseinatu berriro familiekin egiten diren lehen bilerak?

Garrantzitsuena da eskola-komunitate bakoitzak haren testuingurura ondo egokitzen den irtenbide berritzaileak bilatzea eta horren arabera dagokien aldaketa egitea (Educació Demà, d.g.).

Berriro diseinatzeko prozesua aurrera eraman da Kataluniako zenbait ikastetxetan, Educació Demà taldearen laguntzarekin. Eta gaur egun baditugu Euskal Herriko eskoletan birformulazioaren hastapenetan oinarri gisa azter ditzakegun hainbat praktika interesgarri. Artikulu honetan, bide berri hori urratzen ari diren eskoletan gauzatu diren dinamika batzuk zerrendatuko ditugu, orientabide gisa erabiltzeko.

Familien iritziak jasotzeko dinamikak: gurasoen, haurren eta hezitzaileen arteko batzorde bat era daiteke, bileren eraldaketa aurrera eramateko; batzorde hori izango da berriro diseinatzeko ardura izango duena. Batzordeak, bere funtzionamenduan, arrisku bat gainditu beharko luke: familien ordezkariek beren iritziak eta interesak azaleratzea soilik (Vallespir, Rincón eta Morey, 2016). 

Familia guztien iritziak jasotzeko estrategia bat postontzia da. Eskola barruan, mugimendu handiko espazio batean, postontzia, paperak eta errotuladoreak koka daitezke gurasoek, hezitzaileek eta haurrek honako galdera hauei erantzun ahal izateko: Ikasturte hasierako bileran, zer aldatuko zenuke? Egin proposamena (azalpen labur bat txerta daiteke, komunitateak helburua eta ekintza ondo uler ditzan).

• Familiak erakartzeko dinamika: bilerak arratsaldeko 15:00etan egin daitezke, familiek eskola martxan ikusteko aukera izan dezaten. Ikasleak gelan ez dauden tarte batean egin daitezke bilerak, gela eta tutorea libre daudela ziurtatzeko.

Bestalde, ordua familiekin adostu daiteke. Planifikazioarekin hasi aurretik, familiei galdetegi bat bidal dakieke, haien ordutegien araberako aukerak zehazteko. Informazioa jasotakoan, etapa bakoitzeko hezitzaileek erabakiko dute zein den tarterik egokiena.

Bilerarako gonbidapenak ikasleek egin ditzakete. Gonbidapen horiek erakargarriak egiteko, estrategia ugari egon daitezke, besteak beste: haurrek hegazkin batzuk egitea eta etxeko postontzietan uztea, edo ikasleek bileraren inguruan dituzten igurikimenak orri batean idaztea eta orri hori familiei betetzeko eskatzea.

• Hezitzaile taldea ezagutarazteko dinamikak: familiek eskolako hezitzaile guztiak ezagutzeko, taldeko argazki bat proiekta daiteke. Oso zaila da hezitzaile guztiek bilera guztietara joateko aukera izatea; hori dela eta, interesgarria izan daiteke pantailan taldeko argazki bat proiek-tatzea eta tutoreak bakoitza nor den azaltzea. Eskola oso handia denean, etapa horretako hezitzaileen argazkia proiekta daiteke. Argazki hori, norberaren izenarekin, gelako horma batean eskegi daiteke, edo beste toki batean, familiek ikusteko. 

• Espazioak ezagutzeko dinamikak: familiek eskolako toki desberdinetan zer egiten den jakiteko gogoa izaten dute. Hori dela eta, eskolako espazio bakoitzean gauza-tzen den ekintza bat jar daiteke abian. Adibidez, jolas kooperatibo bat antola daiteke, ikasleek gimnasioan erabiltzen dituzten materialekin.

Beste aukera bat LHko 6. mailako ikasleek eskolan zehar ibilbide bat antolatzea da, eta gune bakoitzean egiten dena familiei azaltzea. Azalpen hori euskarririk gabe edo horma-irudien laguntzarekin egin daiteke. Aldez aurretik prestatuko dituzte ikasleek horma-irudiak. 

• Helburu komunak partekatzeko dinamikak: familiek elkar ezagut dezaten bultzatzeko (eta helduak betiko ezagunen eta lagunen artean ez biltzeko), taldetxoak zoriz sor ditzake tutoreak. 

Hezitzaileek aurretik hainbat zeregin zehaztu ditzakete, familiak interakzioan jartzeko. Taldeak sortuko dira, zeregin kopuruaren arabera, eta zeregin bat eskainiko zaio talde bakoitzari. Egindakoa talde handian partekatuko da bileraren amaieran.

Tutore bakoitzak dagozkion familien interesak, prestutasuna eta igurikimenak ezagutzeko, orri bat betetzeko eska diezaieke. Orri horretan, familiek galdera batzuei erantzun beharko diete: Eskolan zer egitera etorri nahi duzu? Zertan parte hartzen sentitzen zara eroso? Zer espero duzu ikasturte berri honetatik? Ze espero duzu zure umearengandik?

Hezitzaileok familien kezkak ezagutzeko tarteak susta ditzakegu. Horretarako, post-it batzuetan zer jakin-min dituzten idazteko eska diezaiekegu familiei, jakin-min guztiak horma-irudi batean jaso eta gero talde handian azaltzeko. Kezka horien inguruan aritzeko bi modu daude: talde txikietan (gurasoen artean), edo talde handian (denon artean).

• Gurasoekin oinarrizko informazioa partekatzeko dinamikak: bilerak horrela planifikatuta, informazioa partekatzeko denbora gutxiago izango dugula jabetu behar dugu. Horren ondorioz, oinarrizko informazioa duen karpeta bat presta daiteke bileran banatzeko. Horrek ez du esan nahi bileraren parte bat ez dela baliatu behar informazio esanguratsuena partekatzeko.

Dinamika horien guztien helburuak ez dira begi-bistatik galdu behar: komunikazioaren norabide askotarikoak sustatzea, familien parte-hartze aktiboagoa bultzatzea, familientzat (eta hezitzaileentzat) bilerak motibagarriagoak eta esanguratsuagoak izatea, familien arteko harremana bultzatzea eta kezkak eta hezkuntza-helburu komunak partekatzea.   

Eta ezin dugu ahaztu bilerak egin ondoren ebaluatu egin behar ditugula. Nahikoa izan daiteke galdetegi erraz bati erantzutea edo denon artean gure balorazioak partekatzea. Zein da ebaluazio horren helburua? Berriro diseinatzearen indarguneak eta hobekuntza-proposamenak zehaztea, eta ondo baloratu diren aldaketak sistematizatzea. Egindako lanak jarraibidea izan behar du hurrengo ikasturteetan.