Skoobi plataforma: Errealitate birtualaren bidez ikasten

2019-07-01

Hezkuntza arlorako proposamen berri batekin datoz Educa Realitykoak. Errealitate birtualean oinarritzen den hezkuntza plataforma berri bat diseinatu dute. Skoobi izena jarri diote eta Eki metodologian oinarritutako 160 unitate didaktikok baino gehiagok osatzen dute. 10 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago eta dagoeneko egin dituzte zenbait froga hainbat ikastetxetan.  

 
 

Gaur egungo haurrek, oro har, beraien egunerokoan teknologia gertu daukatela ezin uka. Teknologiaren erabilera hori, dena den, modu desberdinetara egin daiteke, baina gauza nabaria da teknologia berriek haurra erakar-tzen dutela. Testuinguru horretan, hezkuntza plataforma digital bat sortu du Educa Reality enpresa gazteak. Errealitate areagotua eta errealitate birtuala hezkuntza arloan txertatzeko lanean ari da Educa Reality eta lau kidek osatzen dute: Iker Burguera da enpresako zuzendaria, Iñigo Frailek egiten du programazioa eta 3D teknikaren diseinua, Julen Garcia da 3D-ko animatzailea eta Miriam Uranga pedagogoa da. 

Guztien artean diseinatu dute Skoobi plataforma eta errealitate birtualaren bidez ikasteko aukera eskaintzen die 10 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteei. Eki metodologian oinarrituta, 160 unitate didaktikotik gora diseinatu dituzte, eta bi atal nagusi ditu plataforma digital honek: bisorea eta editorea. Bisorearen bidez, errealitate birtuala erabiltzen dute ikasgeletan lantzen diren gaiak modu ezberdin eta interaktibo batean ikusteko. Iker Burguera Educa Reality-ko zuzendariak azaltzen duenez, “errealitate birtualeko betaurrekoekin mundu birtual batean sartuko dira ikasleak guk prestatutako hainbat unitate didaktiko lantzeko. Hezkuntza arlorako eta errealitate birtualean oinarrituriko Netflix bat izango litzateke, ikastetxeak biltegi digital moduan erabili ahal izango duena”. Plataformaren barneko bigarren atala, editorea da eta hau ikasleek sormena lantzeko eta teknologia berriekin jolasteko 3Dko erreminta bat izango litzateke. Editorean testua, irudiak, bideoak, galderak, 3D-ko objektuak eta hainbat elementu sartu eta errealitate birtualeko espazio ezberdinak sor ditzakete ikasle zein irakasleek. 

Errealitate birtualeko esperientziaz gain, txantiloiak ere prestatu dituzte irakasle eta ikasleentzat eta ariketa desberdinak proposatzen dituzte modu horretan. Miriam Uranga enpresako pedagogoak azaltzen duenez, Heziberri 2020ko curriculumean oinarritu dira unitate didaktikoak garatzerako orduan. Horrekin batera, Gardner-en adimenen inguruko gida bat osatu dute. “Guk adimen guztiak landu ditzaten nahi dugu, eta horregatik, esperientzia birtualean lantzen direnez gain, txantiloietan proposatzen ditugun ariketekin adimen horiek osatzea izango litzateke helburua”. 

 

Teknologia berrien erabilpen egokia

Educa Realityko kideek haurrek teknologia berriak modu egokian erabiltzea nahi dute: “Guk nahi duguna da teknologia erabili behar badute, modu on batean egin dezatela. Izan ere, ordenagailu eramangarri bat eskaini diezaiekegu ikasleei eta pentsatu digitalizazioa bermatzen ari garela. Baina kontuan izan behar dugu modu horretan, Youtubera sartu daitezkeela, Youtuberrak ikusten pasa denbora… Interneteko mundu zabal horretan informazio ona aurkitu dezakete, baina baita desegokia ere. Horregatik, guk plataformaren bidez sortu ditugun unitate guztiek badakigu curriculum bat jarraitzen dutela. Ikaslea aktiboa izango da esperientzia horretan, baina guk bideratutako plataforma baten barruan, eta guk proposatutako informazioaren barnean”.

Gamifikazioaren terminoa askotan aipatzen dute Educa Realitykoek plataforma hau deskribatzerako orduan. Jolasaren bidez eta ikasketa modu dibertigarrian proposatzea izan dute helburu eta horretarako sortu dute Skoobi plataforma. Miriam Urangarentzat, “horixe da gaur egungo hezkuntzan dagoen arazoetariko bat: irakasleek duten erronka handi bat da ikasleentzat zerbait erakargarria proposatzea digitalki hain estimulatuta dauden haur eta gazteentzat. Gu ideia horri erantzuna ematen saiatu gara, motibaziorik gabe oso zaila delako ikastea”. 

Plataforma hau, bai ikasle zein irakasleentzako baliagarria dela uste dute eta EAEko ikasle guztiek erabiltzeko, Eusko Jaurlaritzarekin zein Ikastolen Elkartearekin elkarlan dinamika bat adostea da beraien asmoa. “Eusko Jaurlaritza hezkuntza arloan teknologia berriak txertatzeko urratsak egiten ari da eta norabide horretan beraiekin elkarlan bat abiatzea da guretzat biderik aproposena. Hortik abiatuta, ikastetxeekin osatzen ari garen sarea zabaltzea izango litzakete gure asmoa. Skoobi plataforma euskaraz, gazteleraz eta ingelesez eskainiko dugu”.

 

Errealitate aregotuko liburuak

Errealitate birtuala ez da, hala ere, Educa Realitykoek lantzen duten teknologia bakarra. Errealitate areagotuan oinarrituta hainbat liburu ere egin dituzte, 3 urtetik gorako haurrei zuzendutako Arbi liburu interaktiboen bidez, haur txikiei ere teknologiak modu egoki eta dibertigarrian erakustea nahi dute.