‘IKASLAGUN’ EGITASMOA ZARAUTZEN: Boluntariotzatik, premia duten ikasleei lagun egiten
‘Ikaslagun’ izeneko proiektua jarri zuten abian Zarautzen duela hiru ikasturte. Izenak berak iradokitzen duen moduan, ikasteko laguntza ematea du xede egitasmoak. Hala, boluntario talde zabal batek laguntza akademikoa ematen die ekonomikoki baliabide gutxi dituzten familietako haur eta nerabeei. Orain arteko bideak eman dituen fruituekin pozik eta begirada etorkizunean jarrita, ilusioz mintzo dira Ikaslagun Irakaskuntza Laguntza Elkarteko bi kide: Mariaje Zumeta eta Iñaki Azkune.
Duela 10 urte Donostian jaio zen “Hazi eta ikasi” egitasmoa eredutzat hartuta, “Ikaslagun” proiektua sortu zuten Zarautzen 2016an. Udaletik sustatuta, jubilatutako hiru irakasleren ekimenez jarri zuten abian ekimena —Mariaje Zumetak, Eulojio Saavedrak eta Iñaki Azkunek—, helburu argi batekin: baliabide ekonomiko gutxiko familietako haur eta nerabeei laguntza akademikoa ematea modu boluntarioan. Baina, askok uste duenaren kontrara, ez da ikasle etorkinentzako programa bat eta edonori dago irekia.
“Azpeitiko institutuan jubilatu ondoan ere bertara joaten nintzen arazoak zituzten ikasleen integrazioan laguntzera, eta bururatu zaitzaidan Zarautzen ere antzeko zerbait egin zitekeela eta Udaleko teknikariari komentatu nion”, kontatzen du Azkunek. Hala, hiru irakasle jubilatu horiek taldea osatzeko deialdia egin zuten Zarautzen, eta 10-12 boluntario inguru elkartu ziren hasiera hartan. Donostiara joan ziren “Hazi eta ikasi” elkartea ezagutzera eta bertan lana nola egiten zuten ikustera. “Donostiako parroki bateko etxabeetan egiten zituzten eskolak. Eredua gustatu egin zitzaigun eta hura erreferentziatzat hartuta, Zarauzko Udalak berak lagundu zigun elkarte ofizial bat sortu eta erregistratzen”, eransten du Azkunek, eta hala sortu zuten Ikaslagun Irakaskuntza Lagun-tza Elkartea.
Elkarteko kideak Zarauzko bost ikastetxeekin jarri ziren harremanean. Proiektua azaldu zieten, eta bertako arduradunekin elkarlanean hasi ziren ekimena aurrera eramaten eta horrelaxe jarraitzen dute uneotan ere. Ikastetxeak eurak dira ekimenean parte hartzeko ikasleak hautatzen dituztenak. Zumetak azaltzen duen eran, bi baldintza bete behar izaten ditute: batetik, laguntza akademikoa behar izatea; eta, bestetik, era bateko zein besteko arrazoiak tarteko akademiarik edo bestelako laguntza-zerbitzurik ordaindu ezin izatea. Lehen Hezkuntzako 2. mailatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkun-tza osoa amaitu arterainoko ikasleak hartzen dituzte.
Hala, parrokiko lokaletan, astean hirutan —astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan—, ikaskuntzarako laguntza-saioak antolatzen dituzte 17:00etan hasi eta 18:30 arte. Ikasleak, ordea, behin edo bitan joaten dira saioetara. Ikasle bakoitzari arreta pertsonalizatua ematen saiatzen dira, eta horrexegatik premisa nagusi batekin egiten dute lan: heldu boluntario bakoitzeko ezin dira egon hiru haur baino gehiago, “eta bi baldin badira, hobe!”, dio Zumetak. “Ohiko geletan dauden kopuruekin ume asko galdu egiten da. Gure nahia da galtzen diren haur horiei begiratu eta esatea: ‘Goazen bide bat elkarrekin egitera. Zer nahi duzu?’; eta ikasleek esaten dizute: ‘Hau ikasi nahi dut’ edo ‘taula hauek ikasteko zailtasuna daukat’, edo ‘testu hau ez dut ulertzen’; eta laguntza ematen zaie zentzu horretan: ‘Zurekin nago’ esateko modu bat da”.
Horrexegatik dira inportanteak boluntarioak: bi haurrekin boluntario bat egon dadin saiatzen direlako beti eta horretarako jende asko behar da. Boluntario batzuk astean behin joaten dira saioetara, beste batzuk bitan eta badira hiru egunetan joaten direnak ere. Ikasleek, berriz, bi egunetan joateko aukera izaten dute, nahiz eta batzuk egun bakarrean joaten diren. “Zenbait umek asteko bigarren egunean bestelako jardueraren bat dauka: kirola, adibidez. Kasu horietan taldean egiteko jarduerari lehentasuna ematen zaio. Bestelako eginkizun sozial bat baldin badauka hari ematen zaio garrantzia, ez direlako laguntza akademikoa behar duten ikasleak soilik, eta errefortzu soziala ere ondo datorkielako”, argitzen du Zumetak.
Ikaslagun proiektuaren barruan, alderdi sozial eta ludikoari ere garrantzi handia ematen diote. Horrexegatik, saio bakoitzeko azken ordu erdian jolasak egin ohi dituzte: xakea, partxisa, kartak... ikasleek gustuko duten hori. Eta kanpoaldean berdegune zabal bat ere badutenez, baloiarekin edota soka-saltoan ere ibiltzen dira. Guztiaren gainetik, egitasmoaren arduradunek argi daukate ikasleek toki seguru eta lasai bat aurkitu behar dutela bertan. “Guk, hasteko eta behin, toki bat eskaintzen diegu; eta, horrekin batera, giroa. Arreta pertsonalizatua ere bai. Eta, guretzat horrek esan nahi du ikaslearen aurretik pertsona dagoela eta konfiantzazko harremanak eraikitzen saiatzen garela”, dio Azkunek.
Boluntario talde anitza
Hastapenean, jubilatutako irakasle taldea hasi zen boluntario lanetan, baina pixkanaka beste era bateko profila duen jendea ere ari da inguratzen proiektura: irakaskuntzakoetan ez bestelako lanetan ari diren pertsonak, irakaskuntzako ikasleak, bestelako gazte unibertsitarioak... gero eta anitzagoa da taldea eta horrek ere aberastasuna ematen dio Ikaslagun egitasmoari. Gainera, Azkunek azpimarratzen duenez, eurek artatzen dituzten haur eta gazteentzat oso garrantzitsua da era askotako helduekin egotea: “Guregana datozen ume gehienek, euren gurasoak kenduta, oso heldu gutxirekin dute harremana. Hemen era askotako helduak ezagutzen dituzte, baliteke konfian-tzazko harreman bat eraikitzea, edota helduren batekin konektatzea eta hori sekulakoa da”.
Ikaslagunen giro lasaia eta konfiantzazkoa eraikitzen saiatzen dira eta horrek beste era bateko harremanak eraikitzeko aukera ematen die. Zumetak gaineratzen duenez, teorian, ikastetxeetan tutoreak egin beharko lukeen hori egiten dute Ikaslagun proiektuaren barruan boluntarioek. “Baina, askotan, eskoletan ez dago horretarako tokirik. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ari dira beste harreman mota batzuk eraikitzeko eta beste era batera jarduteko lanean, baina DBHn oso gutxi. Eta, ikasle asko galduta daude”. Hala eransten du Azkunek: “Kontua da, institutuan zaudenean edukiak irakatsi behar direlako presiopean jarduten duzula lanean; hemen, berriz, ez. Askoz ere lasaiago aritzeko aukera daukazu eta horrek abantaila asko ematen dizkizu”.
Lehen egitekoa, etxerako lanak
Ikaslagun proiektuaren barruko saioetan egiten duten lehen ekintza praktikoa ikasleek dituzten etxerako lanekin laguntzea izaten da. Izan ere, egitasmoaren arduradunek dioten moduan, hurrengo egunean eskolara joandakoan, ikasle horientzat oso garrantzitsua izaten da etxerako lanak eginda edukitzea, bereziki beren autoestimurako. Behin etxerako lanak amaitutakoan jarduera multzoa izaten dute aukeran Ikaslaguneko boluntarioek hainbat arlo lantzeko. Gainera, ikastetxeekin koordinatuta aritzen direnez, irakasleek emandako eginkizunak ere edukitzen dituzte. Lasaitasunez eta gertutasunez, baina konstantziarekin egiten dute lan Ikaslagunen, beste helburu bat lan-ohiturak finkatzea ere bai baita. “Konfiantzazko harremana eraikitzea, autoestimua lantzea, lan-ohiturak hartzea... horietxek dira gure hel-buruak”, zehazten du Azkunek. Eta, horrekin batera, gurasoekin ere lan egiten dute euren seme-alaben gaineko usteak eta aurreikuspenak landu ditzaten: “Gurasoek euren seme-alaben gaineko begirada positiboa edukitzea inportantea da eta kontziente izatea euren umeak ere gai direla aurrera egiteko eta gauzak ikasteko. Gurasoek espektatibak goran jar ditzatzen saiatzen gara”.
Ikasleak eurak ere konturatzen direnean zenbat gauza egiteko gai diren, eta esfortzuarekin eta konstantziarekin, pixkanaka, aurrean dituzten erronkak gainditzen ari direla, beste urrats bat egiten dute aurrera. Eta, hain zuzen ere, Ikaslagun proiektuko boluntarioen helburuetako bat ere bada hori, ikasleak gaitzea eta ahalduntzea: “Dena kate bat da. Gai direla ikusten dute, pixkanaka lortu dutela erronka bat gainditzea, etxerako lanak ere eginda eraman dituztela eskolara... ume hauen autoestimuan sekulako aurrerapausoa nabaritzen da”, azaltzen du Zumetak. Eta, horretarako, Azkunek gehitzen duenez, umeak onartua, maitatua, errespetatua... dela sentitu behar du: “Eta, egia da, ikasle gehienak nahiko gustura etortzen direla”. Amaitzeko hala dio Zumetak: “Guk miraririk ezin dugu egin, baina guregana datorren umeak badaki astean bitan toki bat daukala lasai etortzeko, gurekin harreman ona eraikiko duela, seguru sentituko dela eta aurrera egiten lagunduko diogula. Guk txikitasunean egiten dugu lan eta hori abantaila handia da”.
Ikaslagun proiektuko arduradunek dei egin nahi die Zarautz inguruko bizilagunei proiektuan parte hartzera. Norbaitek interesa balu eurekin kontaktuan jartzeko eskatzen dute.
Ikaslagun proiektua zenbakitan
Hauexek dira 2018-2019 ikasturtean Ikaslagun egitasmoak utzi dituen zenbakiak:
Boluntarioak: 27 lagunek hartu dute parte. Horietatik erdiak inguru jubilatuak. Eta beste erdiak lan munduko profesionalak eta unibertsitateko ikasleak.
Ikasleak: 52 inguru denera. Ikasle bakoitza astean bitan joaten da Ikaslagun proiek-tura, gehienera jota. Batzuk behin bakarrik ere bai, bestelako jarduerak (adib. kirola) ere badituztelako eta haiei lehentasuna ematen zaielako.
Ordutegia: astearteetan eta ostegunetan 17:00etatik 18:30era. Baliabideak tarteko, bi egun horietarako ikasle gehiegi zirenez, astelehenetan ere saioak egin dituzte ikasturte honetan. Hala, boluntario batzuk astean hiru egunetan joan dira ikasleei laguntza ematera; beste batzuk bitan; eta badira astean egun bakarrean joan direnak ere, bakoitzak ahal duenaren arabera hartzen duelako parte.
Maila: Lehen Hezkuntzako 2. mailatik hasi eta DBH osoa amaitu arterainoko ikasleak hartzen dituzte.
Proiektuan parte hartuko duten ikasleen aukeraketa: ikastetxeek egiten dute. Ikaslagunek herriko bost ikastetxerekin dauka harremana. Horrez gain, eskola kontseiluan ikasturte hasieran eta amaieran proiek-tuaren berri ematen dute Ikaslaguneko kideek.