ASPERTZEKO BETARIK GABE

2020-03-01
 
 

T

xikitan, irakasle izatera jolasten nintzen. Ikastolako gaiak errepasatzeko-eta, alegiazko ikasleak asmatu, eta sukaldean batetik bestera ibiltzen nintzen, buruz ikasitakoak haiei askatuz, irakasleek gelan egiten ziguten gisan. Bagenuen etxean ikasteko gela bat, baina gorroto nuen: mahai beltz handi bat, piano beltz handi baten ondoan. Han, aspertu egiten nintzen. Ihes egiten zidan buruak ikasmahaiaren aurrean zegoen munduko mapara, eta, ikasi beharreko paragrafoen artean, maparen gainazaletik bidaiatzen nuen, lekuak, tribuak, hizkuntzak, usainak irudikatuz. Far Westera iritsi berri zen familia bateko alaba izan nintekeen, edo itsasoak uharte bakarti batera eramandako naufragoa. Oheratutakoan, berdin: logurarik ez bazetorren, istorioak ziren etortzen zirenak, bata bestearen atzetik; neure film propioaren fotogramek burmuineko pantaila betetzen zuten.

Sasoi hartan, askotan aspertzen ginen. Denbora sobera genuen aspertzeko. Ikastolan, etxean, musika-eskolan, telebistan zeuden kanal urrien aurrean... Nik gorroto nuen sentsazio hura, aspertzearena. Ez ginen kontziente, eta uste dut ez garela oraindik, aspertzen garen une horietantxe ernetzen direla sormenerako haziak. Emankorrak direla oso tarte huts horiek. Gaur egun, ordea, aspertzeko momentuak pantailaz bete ditugu. Eta ez dago istorioak sortu beharrik: istorioak guk kontsumitzeko prest daude gure pantailetan, aspertzen hasten garen lehen segundorako. Zoragarria da nire modura istorio-gosez bizi garenontzat. Baina ze prezio dauka horrek? Ez dago ia aspertzeko eremurik, ez pantailarik gabeko gunerik. Ez etxe, ez taberna, ez autobus... Ezin zaie ihes egin.

Burura datorkit agian eskola izan litekeela gaur egun ikasleak lasai asper daitezkeen leku bakarrenetakoa —­pantailak itzalita dauden bitartean—. Baina zer eta, sormena aske utzi ordez, ikasleei hegoak ebakitzen dizkiegu. “Dizkiegu” diot; izan ere, sukaldean atzera-aurrera ibiltzen zen haur hura irakasle bihurtu baita, bizitzako hainbat atzera-aurrera eta itzulipurdiren ondoren. Eskola aldatu da zertxobait gure ikasle garaitik, baina ez gehiegi. Bai: ikasleek aspertuta jarraitzen dute. Eta, ez: sormenak ez du oraindik ikasgelan lekurik ia. Ikasleei zerbait sortzeko eskatzen zaienean, irudimena erabiltzeko esaten diedanean, “nik ez dut irudimenik” eta antzekoak entzuten ditut. Izutu egiten ditu ezezaguna den horretara jauzi egiteak, normala denez. Ez baitaude erabiltzen ohituta. Baina jauzi egitera ausartzen direnean... magia gertatzen da. Esperantza handirik gabe lurperatu zenuen landare-hazia ernetzen hasten denean bezala, poza eta harrotasuna gailentzen dira ikasleengan ere. Nik ezer esaterako, inguruko ikaskide guztiei erakutsia izaten dute aginduriko sormen-lana.

Pena da hain gutxi erabiltzea gogaitutako ikasle taldearen ahalmena. Ikasgelak digitalizatzean tematuta gauden honetan, 180 gradutako bira eman beharko genukeela uste dut, eta ahalmen sortzailearen aldeko apustu irmoa egin. Erronka ezezagunez beterik datorkigun etorkizunaren aurrean, sormenak desberdinduko ditu gure ikasleak, ez sagua erabiltzeko trebeziak. Lant dezagun, beraz, irudimena. Atera diezaiogun zukua ikasleen sormenari. Euren sortze-gaitasuna irakasleok ikasleak gogaitzeko daukagun gaitasunarekiko proportzionala izan daiteke eta.