ENRIQUE M. REGUERA PSIKOLOGOA ETA PEDAGOGOA
“Pertsona bezala joanda, konektatu egiten dugu; irakasle edo psikologo bezala joanda, ez”
Psikologoa, filosofoa, pedagogoa eta idazlea da Enrique Martinez Reguera galiziarra, baina berak azpimarratzen duen moduan, “denen gainetik pertsona naiz”. 60 urte pasa ditu hezkuntza-arloan lanean, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eta unibertsitatean, baina laster konturatu zen inork nahi ez zituen ume zailekin moldatzen zela ondoen. “Ez dakit zergatik, baina ongi moldatzen nintzen ume zailekin, egokitu gabekoekin eta abar, eta horiekin lan egitea erabaki nuen”.
Urte luzez ibili da zaurgarritasun-egoeran dauden haur eta nerabeekin lanean,
Madrilen gehienbat, han bizi delako eta han lan egin duelako. Etxean hartu izan ditu epaileek eta erakundeek bidalitako umeak, haiekin bizi izan da. Eta argi eta ozen dio
ikasi duen guztia ume horiek erakutsi
diotela, ez unibertsitateak. Haiekin ikasitakoa partekatu zuen Donostiako EHUn aretoa
gainezka zuelarik eta, orain, elkarrizketa
honetan xehetu ditu bizitu eta ikasitakoak.
Nola hasi zinen egoera zaurgarrian zeuden umeekin lanean?
Madrilgo ijitoen auzo batean ume zailekin erlazionatzen hasi nintzen. Nire etxean hartzen nituen, eta haiekin bizi nintzen. Garai hartan, 60ko hamarkadan, babes-batzordeak deitzen ziren erakundeetakoek jakin zutenean, niregana jo zuten. Gainera, ni unibertsitatetik nentorren, prestigioa nuen, eta galdetu zidaten ea tutoretza-zentroetan egokitzen ez ziren mutikoak hartu nitzakeen. Baiezkoa erantzun nien, eta etxea mutil koskorrez bete zidaten. Garai hartako tutoretza-epaileak ere jakin zuen tutoretzan zeuden umeak hartzen nituela, eta hark ere galdetu egin zidan: erreformatorioko mutilak hartuko zenituzke, inongo erreformatoriotan kabitzen ez direnak, inon nahi ez dituztenak? Baietz esan nion, baldintza batekin: nirea etxe bat zela eta ez geneukala zerikusirik justiziarekin.
Baldintza onartu zidaten, eta inongo erreformatoriotan kabitzen ez ziren mutikoak bidaltzen hasi zitzaizkidan, egunero egunkarietan agertzen ziren umeak, Madrilgo gaizkilerik arriskutsuenak –Guille, Gasolina, Mosque, Pipi...–. Horiek guztiak nire etxetik pasa ziren.
Azken hamarkadetan, gizartea eta bizimodua aldatuz joan dira, eta zuk beste aldaketa bat ere azpimarratu izan duzu: legedia. Umeen eta gazteen gainean sortu den legediari ez diozu inolako onurarik ikusten.
Halaxe da. 80ko hamarkadan, haurren gaineko legeak egiten hasi ziren. Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Legea sortu zen aurrena, gero Adingabeen Lege Penala, eta, ondoren, oso zuzenean eragiten digun beste bat: Ikasleen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Dekretua.
Nire iritziz, Adingabeen Babes Juridikoari buruzko Legea familien babesgabetasun juridikoari buruzko legea da. Familia guztiak estatalizatzeko saiakera bat da, familia batzuei eskubide guztiak eta babes juridiko guztia kentzen baitie. Urte asko daramatzat lege horren kontra borrokan, ezer lortu gabe, noski; Europa guztian lege bera dago, eta uste dut mundu-mailako proiektu bat dela.
Adingabeen Lege Penalarekin gauza bera gertatzen da. Lehen, umeak 16 urtera arte ezin ziren inputatuak izan. Umeak zirenez, ez ziren errudunak. Adingabeen Lege Penalarekin, 13-14 urtetik 18 urtera arteko tarte berri bat sortu da, eta horiexei zuzentzen zaie legea. Horren ondorioz, nire ustez, babes juridiko guztia kendu zaie gazte horiei 13 urtetik 18 urtera bitartean. Orain, lege berezi bat dago haientzat, eta demokrazia guztietan dakigu zeinen arriskutsuak diren lege bereziak, batez ere biztanle jakin batzuentzat sortutakoak.
Adingabeen Lege Penalak gauzei beste modu batera deitzeko trikimailua erabiltzen du. “Atxiloketa” erabili beharrean, zehazkiago definitutako kontzeptu juridikoa, “atxikitzea”, erabiltzen du umeen kasuan, eta kontzeptu hori juridikoki existitzen ez denez, nahi dutena egiten dute. Gauza bera gertatzen da “galdeketarekin”. Galdeketa zer den oso ongi definituta dago legeetan, baina ume baten kasuan ez dago galdeketarik, “esplorazioa” baizik. Eta inork ez dakienez zer den hori, bada kolpeka ere egin daiteke.
Azken batean, esan nahi dudana da Adingabeen Babes Juridikoari buruzko Legeak babesik gabe uzten dituela familiak, Adingabeen Lege Penalak babesik gabe uzten dituela adingabeak, eta, hezkuntzaren esparruan sartuta, Ikasleen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Dekretuak, nire ustez, hezkuntza ahitu duela.
Ikasleen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Dekretuak hezkuntza ahitu duela diozu. Baieztapen gogorra da, ezta?
Bai, gogorra, latza, izugarria, baina halaxe dela uste dut. Pedagogia eta zuzenbidea, batez ere zuzenbide penala, oso diziplina garrantzitsuak dira biak. Pedagogia beharrezkoa da hezkuntzan, eta zuzenbidea, baita zuzenbide penala ere, ezinbestekoa da, oso beharrezkoa den diziplina da. Baina erabat desberdinak dira. Are gehiago, bateraezinak dira. Pedagogia dagoen lekuan ez dago zuzenbide penalik, eta zuzenbidea dagoen lekuan ez dago pedagogiarik. Biak batera ez dira kabitzen.
Pedagogiak helduen barnetik umeen barnera joatea lortu nahi du. Hezkuntza edo heziketa batetik bestera joanaraztea bezala da pedagogia; helduok geure printzipioak, geure iritziak, geure irizpideak, geure balioak, geure ohiturak... haurrei erakusten saiatzen gara. Gero, umeek horri guztiari galbahea pasako diote, guretik desberdina den beste garai batekoak direlako, eta interesatzen zaiena erabiliko dute. Baina, printzipioz, pedagogiaren muina intimoa da. Nire barrukoa haurren barruan sartzen saiatzen naiz, nahiz eta gero eurek nahi dutena aukeratuko duten.
Pedagogia, nagusiki, konplizea da: helduari interesatzen zaiona umeari interesatu behar zaio, eta umeak behar duena eta interesatzen zaiona helduari interesatu behar zaio. Gurasoen eta seme-alaben eta irakasleen eta ikasleen interesek bat egin behar dute, bestela bakoitzak bere aldera jotzen du, ez dute topo egiten, eta horrela ez dago inongo heziketarik eta hezkuntzarik. Horregatik, pedagogiaren muina intimoa edo barnekoa da, pertsona modura eragiten diguna, inplikatu eta konprometitu egiten gaitu barrutik.
Aldiz, zuzenbidea guztiz kontrakoa da, kanpokotasuna baizik ez da. Lege bat egiten den unetik, behartu egiten gaitu, nahiz eta lege hori ez ezagutu. Ba al dago gurekin zerikusi gutxiago duen beste ezer? Ezagutu ere egiten ez dugun zerbait da, eta, hala ere, behartu egiten gaitu. Zuzenbidea kanpokotasuna besterik ez da, kanpoko inposizioa baino ez. Ez dauka zerikusirik lehen aipatzen genuen intimitatearekin. Zuzenbidea konplizitatearen aurkakoa da, noski, erabat bateraezina da. Irudikatu dezakezue gaizkilearen konplizea edo laguna den epailerik?
Gauzak horrela, zuzenbideak hezkuntzari edo heziketari lekua kendu diola uste duzu?
Esan nahi dudana da Ikasleen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Dekretua, izenak argi erakusten duen moduan, dekretu bat dela, eskubideen dekretua. Hau da, jada zuzenbideaz ari gara hizketan, ez pedagogiaz. Une batean, estatuek, Europakoek eta Amerikakoek behintzat, mundu zaila zetorrela ikusi bide zuten, konplikatua, elkarbizitza zailekoa, eta esan bide zuten: hezkuntzak jada ez du balio. Hezkuntza Ministerioak hezkuntzan sinesteari utzi diola ikusten da. Hezkuntza zuzenbidearekin ordezkatzea erabaki du, kanpoko zerbaitekin, inposatutako zerbaitekin, zorrotza den zerbaitekin, gurea ez den zerbaitekin. Horrela esanda izugarria dirudi; alegia, Hezkuntza Ministerioa eta Justizia Ministerioa ados jarri direla hezkuntza eskubide eta betebeharren katalogo bihurtzeko.
Zer ondorio ekarri ditu horrek?
Bada, konplizitatea eta intimitatea desagertu direla. Ikasleen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Dekretua atera zutenean, haurrak berehala ohartu ziren zerbait aldatu zela: lehen, irakaslea euren laguna zen, dena intimoa zen, sekretuan mantentzen zen, interes berberak zituzten, eta, bat-batean, irakasleek arautegi bat bete behar zuten eta ikasketen eta diziplinaren zaindari bihurtu ziren.
Gobernuak oso garbi zeukan hezkuntzari intimitatea, konplizitatea eta autonomia akademikoa kendu nahi zizkiola, eta horren ordez arautegia, legeak, dekretuak, eskubideak, betebeharrak eta abar ezarri. Hain argi zeukan, non gobernua erabiltzen hasi zen prozedura guztiak polizia eta epaileak zein garrantzitsuak ziren argi uzteko izan baitziren, eta haurrak, familiak eta irakasleak zein garrantzi gutxi zuten erakusteko.
Ez da kasualitatea garai horretan Madrilgo ikastetxeetara zirkulazioaz hitz egitera poliziak joatea. Irakasleak hain ezdeusak eta hain ergelak bihurtu ziren, non zirkulazioko poliziak joaten ziren zirkulazioko lezioak ematera. Zer gertatzen da? Hezitzaileek ez dakitela bidea gurutzatzen erakusten?
Hizkuntza, hizkera eta kontzeptuak aldatzea ere ekarri du horrek guztiak, ezta?
Bai, erabat. Uste dut erabiltzen den hizkuntza oso hezigarria dela eta kontuz ibili behar dugula erabiltzen ditugun hitzekin, zeren gure burmuinak, gustatu edo ez, gauzak hitzen arabera jakiten ditu edo ez. Guk hitzak erabili behar ditugu; beraz, gure hitzen jabe den hori gure burmuinaren jabe bihurtzen da. Esate baterako, ni ume nintzenean eta gero irakasle lanetan hasi nintzenean, umeak ume ziren. Ume, haur, mutiko, neskatxa... deitzen genien. Haurrak hori guztia ziren. Gaur egun, beste kontzeptu bat dago: adingabea. Kontzeptu juridikoa, penala eta zibila da. Adingabeez hitz egiten dugunean, zuzenbideaz ari gara, eta, haurrez hitz egiten dugunean, gure seme-alabez ari gara. Begira zer alde dagoen bien artean! Eta kontua da adingabe kontzeptua gehiago erabiltzen dela, gure burmuinean sartuta dagoela.
Testuinguru horretan egin duzu lan haur “zailekin”. Zer eman dizute?
Dakidan guztia. Dakidan guztia eta kontatzen dudan guztia nire etxetik pasatako haurrek erakutsi didate. Ez dit ezer erakutsi ez moralak, ez justiziak, ez zuzenbideak, ez erakundeek, ez eskolak, ez unibertsitateak. Nire bizitzarekin zerikusirik ez zuten bizitzak zituzten, eta zerotik hasten eta bizitzaren ikuspegia haiengandik hasita berreraikitzen erakutsi didate.
Horrela entzunda, polita ematen du, baina zuk haiekin izan duzun elkarbizitza ez da posible izan beste askorentzat; ezin izan dute haur ‘zailekin’ bizi; zuk bai. Zer irizpide erabili izan dituzu? Zer erakutsi diezagukezu?
Erabili ditudan hainbat “trikimailu” aipatuko nituzke: aurreiritziak deseraiki, pertsona gisa jokatu, umearen beharrei begiratu, irtenbide koherenteak bilatu, portaeraren eta harremanen arteko lotura ulertu, haurraren lekuan jarri, haurren alde egin, haurrentzat esanguratsuak izan, sen ona berreskuratu eta elkarrekin sentitu, eta arrakasta neurtzeko modua aldatu.
Aurreiritziak deseraikitzeak zenbat aldatzen du harreman baten abiapuntua?
Erabat. Nik etxeko umeekin erabili behar izan nuen lehen trikimailua izan zen. Zeren, konturatu gabe, umeek gure kontrako aurreiritziak dituzte, eta guk haien kontrakoak. Lehen aipatu dudan moduan, umeek pentsatzen dute irakasleak aginduz eta diziplinaz beteta daudela. Uste dute irakasleak eurei agintzeko, euren bizitza antolatzeko eta zuzentzeko daudela, eta ez dutela interesik jakiteko zer sentitzen duten, zer bizitzen duten edo zer duten. Umeen bizitzan dauden bi gauza dira ikasketak eta diziplina, baina, horrez gain, haurrek desirak, beldurrak, sentimenduak, itxaropenak, etab. dituzte.
Elkar ezagutu behar dugu, zer gertatzen zaigun jakin, eta bestea ulertu behar dugu, harengandik abiatuta. Aurreiritziz beteta baldin bagaude, harresi bat daukagu, eta ez gara bestearengana iristen. Beraz, aurreiritziak alde batera uzten hasi behar dugu. Ahalegin ikaragarria eskatzen du, aldatzera behartzen baikaitu.
Bigarren trikimailu modura pertsona gisa jokatzea aipatu duzu.
Irizpiderik garrantzitsuenetako bat da: bizitzan zehar eta gure ikastetxeetan pertsona gisa jokatu behar dugu. Ni psikologoa izan nintzen, eta haur bat eta haren familia artatzen nituenean, ni psikologoa nintzen, jakintsua; haiek, ostera, eroak, psikologoaren laguntza behar zutenak. Irakasle gisa aritu nintzenean, ni nintzen irakasten zuena, azkarra, eta haiek tontoak, ikasi behar zutenak. Nagusitasunezko hierarkia zegoen. Hezi gaituzten hezkuntza-sisteman beti dago funtsezko aldagai erabakigarria: hierarkia eta nagusitasuna.
Aldiz, pertsona gisa hurbiltzen baldin banaiz haur batengana, konturatuko naiz haurrak desirak dituela, beldurrak dituela, itxaropenak dituela. Neuk ere desirak, beldurrak eta itxaropenak ditut. Beraz, berdinak gara. Eta, horretaz jabetuta, erraza da elkarrekin konektatzea. Pertsona bezala joanda, konektatu egiten dugu. Irakasle edo psikologo bezala joanda, ez.
Ikastetxe batean, haur guztiak gogoratzen ziren irakasle jakin batekin. Zer dela-eta? Irakasle hark gainerakoek bezala irakasten zituen Matematika eta Gaztelania, titulazio berbera zeukan, eta ordutegia ere berdina zen. Baina, haur bat erdi lo ikusten zuenean gelan, galdetu egiten zion zer gertatzen zitzaion. “Erdi lo egon zara, zer gertatzen zaizu?”, “Uf, atzo gauean aita mozkortuta iritsi zen etxera, eta iskanbila handia sortu zuen”. “Nahi duzu berarekin hitz egitea?” “Ez, ez, okerrago izango da”. “Beno, ba gero hitz egingo dugu ea zer irtenbide aurkitzen diogun”. Irakasle hark, Matematikako eta Gaztelaniako irakaslea izateaz gain, bazekien haurrek beste gauza asko behar zituztela eskolaz gain. Irakasle hura haur haien ondoan zegoen. Beste pertsonen baldintzekin ondo konektatzen zuen pertsona zen. Horregatik zuten ikasleek ere irakasle haren beharra, harekiko gertutasuna eta estimua.
Pertsona gisa joan behar dugu bizitzan, ez irakasle, psikologo edo katedratiko gisa. Pertsona gisa joan behar dugu, beste pertsonari erraza egin dakion elkarrekin ditugun gauzetan gu aurkitzea; eta gauza asko dira elkarrekin ditugunak.
Irakasleok gure pertsona izaera berreskuratu behar dugu haurrekin, gure intimitatea. Irakasleok umeentzat gaude, pertsonatik pertsonara. Eta gurasoentzat gaude, pertsonatik pertsonara. Gaur egun, gurasoen eta ikastetxeen arteko harremana lehen baino okerragoa da. Eskola asko ez dira gurasoez fidatzen, eta guraso asko ez dira eskolez fidatzen. Intimitatea puskatu da, konplizitatea hautsi da, eta horixe da pedagogiaren muina. Horregatik, haurrekin eta haien gurasoekin konplizitatea berreskuratzen ahalegindu behar dugu.
Horrek haurren beharrei begiratzen lagunduko digu, eta horixe da aipatu duzun hirugarren irizpidea.
Bai, hala da. Ez da gauza bera irakasle batek behar duena eta ikasle batek behar duena. Normalean, irakasleok behar duguna da soldata irabaztea. Eta protokoloa betetzeak bermatzen digu soldata; hau da, eskola emateak, irakatsi behar duguna irakasteak eta kontrolatu behar duguna kontrolatzeak. Baina, batzuetan, haurrak horien aurretik dauden beste gauza batzuk behar ditu: haurrak behar duena eta irakasleak behar duena ez datoz bat. Garrantzitsua da irakaslea kezkatzea haur jakin batek berarengandik behar duenagatik, eta ez berak soldata irabazteko behar duenagatik. Erne! Soldata edukitzea lehendabiziko eskubidea da, eta beharra ere bai, ez diezaiola inork uko egin soldataz kezkatzeari. Baina haurrak aintzat hartzea ez da nahitaez soldatak zuri bermatzen dizuna egitea.
Irtenbide koherenteak bilatzea ere aipatu duzu elkarbizitzarako lagungarri moduan. Zer esan nahi duzu irtenbide koherenteak bilatzearekin?
Arazo pedagogikoek irtenbide pedagogikoak behar dituzte, ez psikologikoak eta ezta juridikoak ere. Arazo psikologikoek soluzio psikologikoak behar dituzte, ez pedagogikoak, polizialak edo juridikoak. Arazo juridikoek irtenbide juridikoak behar dituzte, ez psikologikoak edo beste jatorri batekoak.
Baina Ikasleen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Dekretua asmatu zutenean, beste gauza bat ere asmatu zuten: bideratzea. Ikasle batek gelan enbarazu egiten badu, irakasleak dakiena egiten du. Horrek ez badu funtzionatzen, agian ikasleari psikologoaren beharra duela esaten diote. Orduan, gelan enbarazu egiten duen ikasle bat duelako arazo pedagogiko bat duen irakasleari psikologoarengana bideratzeko aukera ematen diote. Behin psikologoarengana bideratuta, irakaslea gustura gelditzen da, jada ez daukalako arazorik. Orduan, eskolako psikologoak umea eta familia aztertzen ditu, eta txosten bat egiten du. Behin txostena eginda, psikologoak bere eginbeharra bete du.
Txostena egiteak arazoa konpontzen badu, nahikoa da. Baina normalean ez da horrelakorik gertatzen. Orduan, Ikasleen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Dekretuak atea irekitzen du: bideratzea. Eta honela esaten du: jada ez da eskolaren arazoa, eskolak txosten pedagogikoa, psikologikoa eta soziala behar ditu, eta horrek udalera pasa behar du. Orduan, udalak psikologo bat, pedagogo bat eta gizarte-langile bat bidaliko ditu. Horiekin guztiekin, jada hiru txosten egin dira.
Txosten horiek arazoa konpontzen baldin badute, primeran. Bestela, Dekretuak dio: jada ez da udalaren arazoa, komunitateari pasa behar zaio. Eta komunitateak psikologo bat, pedagogo bat eta gizarte-langile bat bidaliko ditu. Horiek txosten bana egingo dute. Bederatzi txosten jada (eskolakoak, udalekoak gehi komunitatekoak).
Txostenekin arazoa konpontzen bada, kito, hor bukatzen da dena. Baina konpontzen ez bada, Dekretuak esaten du ume hori oso zaila dela eta adingabeen epaitegira joan behar duela. Adingabeen epaitegiak hiru txosten egiteko aginduko du: pedagogikoa, psikologikoa eta soziala. Jada hamabi txosten ditugu.
Bien bitartean, urteek aurrera egiten dute, eta ikaslea gero eta hondoratuago dago. Eta une bat iristen da, non jada ez den adingabeen epaitegiari dagokion gaia, haurra hazi egin baita. Orduan, zer gertatzen da? Badirudi ez dela ezer gertatzen, inork ez baitu esku hartzen. Baina benetan ez da ezer gertatzen? Gazte hori eta haren familia erabat kriminalizatuta geratzen dira. Zeinen anormala izango den haur hori eta haren familia lau hezitzaile, lau psikologo eta lau gizarte-langile pasa eta ezer ez lortzeko. Haur hori munstro bat da. Eta, hortik aurrera, munstroez arduratzen diren erakundeetara pasatuko da. Zoriak markatuta pasatuko da.
Arazoa beste norabait bideratzea zoragarria da: arazoa begien bistatik kentzen dugu.
Portaeraren eta harremanen arteko lotura ulertzeaz ere jardun duzu. Ingurukoekin dituzten harremanek umeen portaeretan eragina dutela esan nahi duzu?
Bai, bizitzan dena da erlazioa, eta izatera iristen garen guztia gure harremanen ondorioa da. Geure harremanen produktu gara. Eta erne, harremana beti biren artekoa da. Gutxienez bi alde dira beharrezkoak. Eta hezkuntza edo heziketa ez da salbuespena: irakaslearen eta ikaslearen arteko harremana da hezkuntza. Eta berriro diot, bi dira; irakaslearen biografia eta ikaslearen biografia; irakaslearen nozioak eta ikaslearen nozioak; bienak.
Gauzak ez badoaz bere bidetik, umeak aldatu behar duela erakutsi digute. Eta zergatik ez irakasleak, harremanaren erdia izanik? Aldaketaren erdia ikasleak egin beharko du, eta beste erdia irakasleak.
Haurraren lekuan jartzea ere garrantzitsua da. Horrek ere asko laguntzen du bizikidetzan.
Bai, oso garrantzitsua da haurraren larruan sartzea eta gauzak haren bizipenetatik ikustea, haren ikuspuntutik, eta ez guretik. Haurraren beharrak onartu behar dira, eta, horrela, haurrak ere zureak onartzen ditu. Heztea ez da erraza; zure emozioak eta agintzeko nahiak hezi behar dituzu.
Gauza bat da haurraren lekuan jartzea, eta bestea haurra defendatzea edo haurraren alde egitea. Hori ere egin izan duzu eta garrantzitsutzat jotzen duzu.
Bai, haurren alde egin behar da. Ni, jaso nuen heziketagatik, justiziaren, erlijioaren eta moralaren aldekoa nintzen. Eta haurrek erakutsi zidaten behar zutena zela nik haien alde egitea. Eta, orduz geroztik, haien alde jokatu dut, baita gaiztakeriak egiten zituztenean ere. Zeren bihurrikeria bat egiten zuen umeak behar zuen norbaitek bera zen bezala onartzea eta jokatzen zuen modua onartzea. Horregatik, haurren alde egin behar da, nahiz eta horrek immorala dirudien.
Eta bada beste gauza inportante bat horrekin batera: haurrentzat esanguratsuak izan behar dugu, zerbait positiboa izan behar dugu harremana daukagun ume horientzat.
Nola lortzen da heldu esanguratsua izatea umeentzat? Nola lor dezake irakasle batek hori?
Behin baino gehiagotan esan izan didate niretzat hori erraza zela, haurrekin bizi nintzelako; azkenean, haientzat aita bat bezalakoa nintzelako eta oso esanguratsua bihurtzen nintzelako. Baina Matematikako irakasle izanda eta umeak ordu batzuetan bakarrik edukita, esangura hori nola lor daitekeen galdetu izan didate, bai.
Hara, ez da denbora kontua, denborak ez digu esangura hori ematen. Horren adibide da 30 urtez umeekin bizi izan arren elkar gorrotatzen duten gurasoen eta umeen kasua. Ez da denbora, baizik eta zuk umearentzat esan nahi duzuna. Nire haurrak naufragoak ziren, eta ni heldu zezaketen ohola nintzen. Ume bat itsasoan galduta baldin badabil eta ikusten baldin baditu XVIII. mendeko luxuzko altzari bat eta erraz heltzeko moduko ohol bat, zeri helduko dio, luxuzko altzariari, katedratikoari, ala erraz heltzeko moduko oholari? Guk oholak bezalakoak izan behar dugu umeen naufragioan. Eta gure umeek nabaritu behar dute asko inporta zaizkigula. Ni arnasarik hartu ezinik baldin banago ospitalean, erizaina etorri aurreko bost minutuak egunaren gainerako denbora guztia baino garrantzitsuagoak dira. Oxigenozko baloia izan behar dugu gure haurrentzat.
Sen ona edo zentzua berreskuratzea ere aipatu duzu, eta sen hori elkarrekin sentitzearekin lotzen duzu. Zer da zehazki esan nahi duzuna?
Sen ona berreskuratu behar dugula esan izan dudanean, batzuek arrazoiketarekin, erokeriarekin eta zuhurtziarekin lotu izan dute, eta nik ez dut hori esan nahi izan. Sen ona horixe da: sentitzea eta ona zer den elkarrekin adostea.
Irakasleek eta ikasleek gero eta gauza gutxiago dituzte komunean, gero eta gutxiago sentitzen dute komunean. Gainera, kontzeptu berri bat sortu dute: distantzia optimoa. Hezitzaileak gainean eta hotz egon behar du. Nire lagun Enrique Castrok egun batean esan zuena bikaina iruditu zitzaidan: distantziarik onena besarkada da.
Gaur egun, irakasle batek ume bat besarkatzen badu, arriskutsua izan daiteke. Arriskurik ez hartzeko gomendatzen dizuet, baina erabat makurra den arautegiari muzin egiteko gomendatzen dizuet baita ere; gauza bihurtu nahi gaituen araudia delako, biografiarik gabeko plaza bihurtu nahi gaituena, erabiltzaile bihurtu nahi gaituena.
Batzuetan, ez da erraza norberaren printzipio eta balio hezitzaileak egungo sistemaren barruan aurrera eramatea; esku-hartze protokoloak direla, sistemaren arauak direla, malgutasun eza... Umeek baino buruhauste gehiago ematera irits daitezke. Zer egin egoera horretan?
II. Mundu Gerran, alemaniarrek Frantzia inbaditu zutenean, frantziarrek hiru aukera zituzten soilik, eta, nahiz eta adibidea izugarria izan, gaur egun baliagarriak iruditzen zaizkidan aukerak dira. Lehendabizikoa, kolaboratzailea izatea, sistemarekin kolaboratzea; horren barruan dena ongi joango zaizue. Bigarrena, erresistentziara jotzea, sistemaren barruan egonik, hau eta hura salatzea eta sistematik kanpora gelditutakoan ere salatzen jarraitzea. Kasu horretan lana beste esparru batean bilatu beharrean izango zarete. Eta, hirugarrena, klandestinitatea edo infiltrazioa. Aurreko biak nahastu eta sabotatzea, baina konturatu gabe. Sistema onartzea, horren barruan egotea, baina norberaren printzipioei muzin egin gabe.
Hiru aukerak dira zilegiak: bizi garen lekuan bizi gara, eta egokitzen saiatu behar dugu, suntsitu ez gaitzaten. Baina, mesedez, izan zaitezte zeuok, jatortasuna, duintasuna, irizpideak eta balioak dituzue-eta. Ez utzi dena irensten, zanpatzen eta suntsitzen duen sistema hiperkapitalista honek gauza bihur zaitzaten eta duintasunik gabeko gizaki bilaka zaitzaten.
Inoiz galdetu al dizute etxean izan dituzun umeekin zenbateko
arrakasta izan duzun?
Bai, eta hasieran lekuz kanpo geratzen nintzen galdera hori entzutean. Baina galiziarra naizenez eta galderekin erantzuten badakidanez, galdera bat asmatu nuen galdera hura saihesteko: zuk badaukazu familiarik eta lagunik? Eta zenbat da zure arrakastaren ehunekoa zure familiarekin eta lagunekin? Badira ehunekotan neurtu ezin diren gauzak.
Etxean izan nituen umeek erakutsi zidaten arrakastaren eta porrotaren irizpidea. Gure etxean egondako ume bat hilik agertu zen, eta gainerako umeek hala esan zidaten: “Begira, Enrique, Felixen bizitza infernu bat zen hona etorri aurretik. Hemendik alde egin ondoren ere segur aski infernu bat izango zen. Felixek eduki zuen bizitza polit bakarra gurekin egon zenean izan zen. Gogoratzen zara nola egiten zuen korri zaldien atzetik Galiziara joan ginenean? Gogoratzen zara nola ibiltzen zen zilipurdika belardian? Gogoratzen zara nola bainatzen zen hango errekan? Gogoratzen zara nola egiten zuen barre eta nola gozatu zuen gurekin? Felixek eduki zuen bizitza bakarra gurekin eduki zuen”.
Hori entzunda, arrakastaren eta porrotaren nire irizpidea honako hau da gaur egun: ume batek esaten badu nirekin hobeto dagoela ni gabe baino, % 100eko arrakasta. Galdetu ea zure umeak zu ezagutzearekin pozik dauden; hala bada, gertatzen dena gertatzen dela haien bizitzan,
% 100eko arrakasta daukazu.