Ongi oinarritutako arrazoiak daude Iruñeko euskarazko haur eskolak babesteko eta bultzatzeko

2020-04-01

Iruñeko alkate Enrique Maiak hiriko udal haur 

eskoletan euskarazko 

ereduak murrizteko 

hartutako erabakiaren 

ondoren, hainbat eta 

hainbat protesta egin 

dituzte hezitzaileek zein familiek. Donibaneko haur eskolako hezitzaileek 

idatzitako hitzak dira 

ondorengo lerroetakoak, orain arte egindako lanaren balioa azaltzeko, Iruñeko haur eskolen harribitxia baloratzeko eta 

euskararekiko 

konpromisoari eusteko argudioak gogoratzeko.

 
 

Gure altxorra

Nafarrok berezi egiten gaituen altxor bat daukagu, belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun duen harribitxia.

Gure berezitasuna ahuldu nahian, harribitxia desagerrarazten saiatu dira, mendez mende hura gaitzetsiz, demoniatuz, zikinduz, zokoratuz… Harribitxiaren dirdira, ordea, ezin izan dute inoiz erabat itzali.

Gure altxorra babestearren, ondokoak alde batera uztea leporatu izan digute anitzetan, eta, horren ondorioz, alboratu egin gaituzte nafarrok gure etxean arrotz sentiaraziz…, altxordunak estigmatizatuz, zapalduz, lotsatuz…, kanpotik ekarritako harribitxiak goraipatuz, gurea gaitzesteko.

Guk, ordea, jakin badakigu gure harribitxiak zenbat eta gehiago partekatu, orduan eta dirdira indartsuagoa izanen duela. Horregatik, gure etxera datorren orori gure altxor kuttuna oparituko diogu, etxean bezala senti dadin, gure altxorra ez baita baztertzailea, integratzailea baizik. Jakin badakigulako kanpotik datorren zapaldutakoari egin diezaiokegun oparirik hoberena etxeko ateak zabaltzea dela eta berezi egiten gaituen altxorra harekin partekatzea.

Horixe egin dugu azken urte hauetan Iruñeko haur eskoletan: gure altxorra maitasunez partekatu. Gure harribitxia ezagutzera eman. Aurreiritziak apurtuz, etxeko ateak munduari irekiz eta desberdinak garenon arteko harreman sendoak eraikiz. Eta gure harribitxiak dirdira handiagoa egiten du gaur, bizirik dirau!

Non dago euskararekiko 

konpromisoa?

Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna Europako Kontseiluko estatu kideek onartu zuten Estrasburgon, 1992ko azaroaren 5ean, Europako hizkuntza guztiak babestu eta sustatzeko xedez. Espainiak 1992an sinatu zuen akordioa (lehenetariko bat izan zen), eta 2001ean berretsi zuen.

Ildo horretan, Rozsa Hoffmann hungariarrak bere txostenean dioenez, “hizkuntza-aniztasuna Europako kultur ondarearen zati da”, eta, hortaz, “hizkuntzok babestu eta sustatzeak izan beharko luke giza duintasuna eta funtsezko eskubideak errespetatzen dituzten politiken osagai nagusietako bat”.

Baina ez dirudi egungo Iruñeko Udalak beteko duenik euskararekiko duen konpromisoa hiriko haur eskoletan. Bere espainoltasunaz eta europeismoaz harro agertzen den alderdi politiko bat izaki, ez dirudi Europako konpromisoak entzuteko batere prest dagoenik, Espainiako Gobernuak konpromisoak berretsi izanagatik ere, Aznar buru zelarik.

Euskara herritarren ondarea da, ez alderdi politikoena; eta herritar garen aldetik, espero dugu gure agintariak –politika alde batera utzita– gai izanen direla Nafarroako Foru Komunitate osoaren hizkuntza babesteko eta zaintzeko. 

Agintariei gure arbasoena izan zen eta gure ondorengoena izanen den hizkuntza babesteko eskatu ahal izateko, lehenik, gai izan behar dugu ulertzeko euskara komunikatzeko tresna bat eta guztion ondarea dela, eta ez alderdi politikoen arma.

Hannah Arendt alemaniarrak honelaxe definitzen du eskola: “Eremu publiko bat, non ikaskuntza-baldintza jakinak gertatzen diren eta pertsonak biltzen diren hitz egiteko, eztabaidatzeko, istorioak partekatzeko eta elkarrekin borrokatzeko, herritar aktiboen aukerak indartzen dituzten (eta ez ahultzen) gizarte-harremanen barruan, betiere”. 

Iruñeko Udalaren eskola batzuek geure egiten dugu eskola bizitzeko modu hori, euskaraz.

Maturanak dioenez, edozein proiektu abiatu aitzin, funtsezko galdera bat egin beharko genioke geure buruari; hain zuzen ere, honako hau: “Zer kontserbatu nahi dugu?”

Galdera handia, bizi dugun garairako.