COVID-19aren aurrean, aurpegiak babesteko pantailak egin dituzte hainbat lanbide eskolatan
Askotan ez da beste
munduko gauzarik egin behar ingurukoei l
aguntzeko. Esku
artekoarekin eta borondate eta lan pixka batekin,
laguntza asko eman daiteke. Halaxe frogatu dute EAEko Lanbide Heziketako
ikastetxeek COVID-19ren aurrean: osasungintzako profesionalentzako aurpegia babesten duten pantailak inprimatu dituzte, 3Dko inprimagailuak eta
ikastetxeen arteko sarea baliatuz.
M
artxoaren 23an jarri ziren martxan EAEko 54 lanbide eskoletako 3Dko inprimagailuak; ikastetxeak itxi eta handik hamabost egunetara Arabakoen kasuan eta hamar egunetara Bizkaiko eta Gipuzkoakoen kasuan. Ikastetxeak hutsik egon arren, une honetan osasungintzan dauden beharrei eta hutsuneei erantzuteko modua bilatu dute eta birritan pentsatu gabe ekin diote euren esku dagoena egiteari: aurpegia babesten duten pantailak.
Izan ere, koronabirusaren hedapenak ekarri duen arazo eta beharretako bat da hori: material nahikorik ez izatea osasun arloan ari diren langileak babesteko.
Lanbide Heziketako Berrikuntza zentroa den Tknika izan da ekimen hau koordinatu duena eta bertako zuzendari Jon Labaka buru-belarri aritu da egitasmo honetan. “Martxoaren 20an Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako sailburuordetzatik enkargu bat jaso genuen eta zer egin genezakeen begiratzen hasi ginen Tknika zentroan”. Mundu mailan halako mugimendu bat bazegoela konturatu ziren eta hainbat maker edo sortzaile elkartzen eta antolatzen ari zirela osasun-materialen gabeziari aurre egiteko, eta horretarako 3Dko inprimagailuekin hainbat eredu eta material sortzeari ekin ziotela. Euskal Herrian bertan ere bazebilen talde bat lan horretan, CovidEuskadi. EAEko 400 maker inguru biltzen dituen taldea da eta orain arte hobby gisa aritzen baziren ere, osasungintzako langileak ahalik eta ondoen babesteko materiala egiteari ekin diote azken asteotan. Zehatzago esanda, 12.300 aurpegirako pantaila babesgarri egin eta banatu dituzte ospitaleetan. “Geuk ere aurpegirako babesgarria egiteko erabakia hartu genuen, baina konturatu ginen eredu askotarikoak zeudela eta, guk, egitekotan, baliozkoak egin nahi genituen, benetan balioko zutenak”, dio Labakak.
Medikuen iritziak balioetsiak
Alderdi horri berebiziko garrantzia eman zioten eta ezertan hasi aurretik eredu bat baino gehiago egiteari ekin zioten. Egun eta erdi jardun zinen horretan: diadema desberdinak diseinatzen, plastiko desberdinekin probak egiten, biak lotzeko piezak probatzen... eta egindako eredu desberdinekin Urdulizeko ospitalera joan ziren, han probatu zitzaten eta egokiena zein zen esan zezaten. “Osasun Sailarekin eta medikuekin batera aritu gara, haiekin kontsultatuz eta haiei entzunez, eta uste dut horretan asmatu dugula; haien gomendioak entzun eta haiek esandako ezaugarriak dituzten babesgarriak egin ditugu, eta horrela, badakigu erabilgarriak eta baliogarriak direla”, gaineratzen du Labakak.
Urdulizeko ospitalean medikuek probatu egin zituzten babesgarri eredu desberdinak eta balio zutela esateaz gain, haientzat aurpegiko babesgarriek eduki beharreko ezaugarriak zein ziren ere adierazi zieten: plastikozko pantaila modu sendoan finkatu behar zela, ezin zela mugitu, mugitzen bazen lanerako traba asko egiten zuela; garbitzeko edo desinfektatzeko aukera izan behar zuela; gomarik ez edukitzea; eta plastikozko pantaila aldatzeko aukera izatea markatzen bada edo edozer gauzagatik hondatzen baldin bada.
“Behin medikuen iritzia entzunda, ezaugarri horietatik gertuen zegoen eredua hautatu, egokitu, moldatu eta eredu berria finkatutakoan, EAEko lanbide eskola guztiei posta elektroniko bat bidali genien. Urdulizeko ospitalak baliozkotzat jotako eredu hori inprimatzen hasi nahi al zuten galdetu genien”, dio Tknikako zuzendariak. 54 ikastetxe agertu ziren prest eta hurrengo egunean ekin zioten aurpegirako babesgarriak inprimatzeari.
Iurretako Lanbide Eskola izan zen horietako bat. 3Dko bost inprimigailu dituzte ikastetxean, bi elektronikan erabiltzen dituztenak eta beste hirurak fabrikazio mekanikoan. Kepa Goenaga irakasleak hiru inprimagailu eraman zituen etxera eta trastelekuan ipini, eta beste irakasle batek beste bat eraman zuen. “Aurpegirako babesgarriak hiru zati ditu, nolabait esatearren: diadema, plastikoa eta plastikoa diademara lotzeko piezak. 3Dko inprimagailuan diademak inprimatu ditugu. Nire kasuan, egindakoak goizero eskolara eraman ditut. Han beste bi irakasle aritu dira plastikozko pantailak prestatzen eta horiek diademetara lotzen. Eta behin hori dena eginda, Tomas Maguregi zuzendariak eraman ditu Bilboko Emilio Campuzano ikastetxera”, kontatzen du Goenaga irakasleak.
Guztira 60 babesgarri inprimatzea lortu dute eta pozik daude. “Lagundu baldin badezakegu, lagundu egingo dugu, zalantza barik eta gustura, gainera”, dio Goenagak.
Lanbide eskoletatik ospitaleetara iritsi dira
Arabako lanbide eskoletako babesgarriak Gasteizko Mendizabal lanbide eskolan bildu dituzte, Bizkaikoak Bilboko Emilio Campuzanon eta Gipuzkoakoak Errenteriako Tknikaren egoitzan. Eta handik Euskal Herriko ospitaleetara bidali dituzte. Martxoaren 23tik 27 aritu dira babesgarriak egin eta egin, egunetik egunera ekoizpena handituz. “Azken egunean, esate baterako, 1.000 inguru jaso genituen Gipuzkoan, eta horietatik 500 makerrek bidalitakoak izan ziren, haiekin ere lankidetzan aritu gara”, kontatzen du Labakak. Ez dakite zehatz mehatz zenbat babesgarri bidali dituzten, ikastetxe batzuetan bi inpresora baituzte eta beste batzuetan hamar. “Edonola ere, garrantzitsuena da bakoitzak ahal duena ekoitzi duela eta denek egin dutela ahal dutena”.
Ekoitzitakoa banatzeko aurretik duten sareaz eta antolaketaz baliatu dira lanbide eskolak, eta hori giltzarria izan dela azpimarratzen du Labakak. “Horrelako ekimenak mundu osoan daude, baina eskualde desberdinetako ikastetxeak koordinatzea, ikastetxeak egiteko, jasotzeko eta entregatzeko prest egotea... hori zailagoa da, eta guk gaitasun hori badugula erakutsi dugu. Lehendik daukagun sarea erabili dugu: 54 ikastetxe aritu gara, elkar ezagutzen dugu, telefonoak eta korreoak dauzkagu, ohituta gaude ikastetxe guztien artean proiektuak koordinatzen, Tknika daukagu... Erraza egin zaigu ohituta gaudelako”.
Gertutik gertura, eskualdera
Hemendik aurrera, ordea, ospiletara bidaltzeko materiala Bizkaiko enpresa batek egingo du. “Injekzio bidez egiten dute lan eta modu horretara askoz ere diadema gehiago egiten dira; 3Dko inprimagailu batean ordu eta piku kostatzen da diadema bat egitea, eta injekzio bitartez ordubetean 200 egin daitezke”, azaltzen du Labakak.
Lanbide eskoletan ez dira eskuak gurutzatuta geratuko, ordea. Babesgarriak egiten jarraituko dute, baina ospitaleetara bidaltzeko partez eskualdeko anbulatorioetara, zahar egoitzetara, larrialde zerbitzuetara eta abar bidaliko dituzte. “Zentro txikiagoak dira eta material gutxiago behar dute, eta agian horrexegatik beragatik zailagoa suertatzen zaie Osasun Sailetik jasotzea, ospitalak aurretik dituztelako behar gehiagorekin”. Lanbide eskolek eskualdearekin duten gertutasuna baliatuz, hurbileko horiei banatuko dizkiete babesgarriak. Gainera, zenbait lanbide eskoletan osasungintzarekin erlazionatutako heziketa zikloak eskaintzen dituzte eta horiek harreman estua izan ohi dute anbulatorioekin, zahar egoitzekin eta abar, ikasleek bertan egiten dituztelako praktikak maiz.