ALVARO BEÑARAN PSIKOMOTRIZISTA
“Irakasleen rola bikoitza da itxialdian: familiei lagundu behar diete haurren ikaste-prozesuan; eta haurrei presentzia eskaini”
Koronabirusaren krisiak eta itxialdiak haurrengan zer-nolako eragina duen aztertzeko Alvaro Beñaranengana jo dugu. Psikomotrizistak irakasleentzako eta gurasoentzako hainbat gako ematen ditu itxialdi honetan umeek euren garapenarekin eta ikasketa-prozesuarekin jarraitu ahal izateko eta oraingo bizitza hau, bai haurrentzat baina baita helduentzat ere, eramangarriago eta bizigarriago egiteko. Filtroa helduak dira, beraz, helduak ondo egotea da gako nagusietako bat. Irakasleen egitekoari dagokionez, orain rol bikoitza dutela uste du: “Zentro bezala, antolatu familiei erremintak emateko eta nola-hala haurren ikasketa-prozesua mantentzeko, eta bestetik, teknologiaren bitartez posible baldin bada, haurrei eman noizbehinka presentzia”. Alvaro Beñaran ASEFOP Europako Psikomotrizitate Praktiketako Eskolen Elkarteko lehendakari eta Bergarako Luzaro Psikomotrizitate Eskolako formatzailea da.
Konfinamendu egoerak, etxetik atera gabe luze egoteak, hainbat arlotan eragiten die umeei. Mugimendu beharra dute, kontaktu beharra dute, harremanak… egoera honetan zein premia nagusi dituzte umeek urratuak?
Egoera zail honetan argi izan behar dugun lehen gauza da, gure bizitzan aldaketa handia dakarrela. Gure gizarte-egituran, haurrek ordu asko pasatzen dituzte gurasoengandik urrun, eskolan edo eskolaz kanpoko jardueretan. Hortxe dugu lehen aldaketa handia: orain 24 orduz familian egongo dira haur horiek. Beraz, familiek baliabide berriak beharko dituzte euren umeekin egun osoan egoteko, umeekiko maitasuna ez baita nahikoa egunari aurre egiteko. Soluzio eta erantzun praktikoak behar dituzte orduz ordu egoera berri honetan bizitza aurrera eraman ahal izateko.
Familia bakoitzak egoera honen aurretik zeukan egoera oso garrantzitsua da, eta asko baldintzatuko du itxiera-egun hauetako egonaldia. Egoera ona baldin bazen, errazagoa izango da egoerari aurre egitea; zailtasunak zituzten familiek zailago izango dute, baina aukera bat ere izan daiteke, gauzak ongi bideratzen saiatzeko.
Mezu hau garbi utzi nahi dut: helduok oso inportanteak gara haurrentzako, ez gara dena izan behar eta ez dugu denbora guztian gainean eta eusten egon behar, baina zaindu egin behar ditugu haurrak, eta zaintzen baditugu eta gure jokaerak zaintzen baditugu, eramangarriagoa egingo zaie egoera; gu gara filtroa. Helduengan dago gakoa: Itxialdi honek haurrengan gehiegizko ondorioak ez izateko helduen galbahe lana funtsezkoa da. Haurrak zaintzen dituzten helduen eskuetan dago errealitatea filtratu eta egoera hau jasangarriagoa egitea. Horretarako, funtsezkoa da haurrekin etxean dauden helduen arteko elkarlaguntza, elkarlana eta elkarzaintza. Haurrak zaindu ahal izateko, haur horiekin dauden helduek elkar zaindu behar dute. Esate baterako, haurrak oheratutakoan helduek eurentzako denbora hartu behar dute, hitz egin, lagundu, prestatu hurrengo eguna lasaitasunean, zaletasunak mantendu, atseden hartu… zaindu helduen espazioa, gero haurrak zaindu ahal izateko. Bilatu sistemak helduok ahalik eta ondoen egoteko.
Haurrei begira, 0-8 urte bitarteko haurrek, mugimendua, jolasa, ekintza, helduekiko harremana behar-beharrezkoak dituzte, beraz hori guztia zaindu egin beharko dugu, eta mugimendua, jolasa, ekintza eta harremanak nola mantendu ditzakegun moduak bilatu beharko ditugu bizitza berri honetan. Alde praktikoari begira, kontura gaitezen egoera berezi honetan eszitazio handia sortu dela hasieran, dena izan baita ezustekoa. Orain bizitza hau normalizatzen saiatu behar gara, eta erritmoa bilatu behar diogu. Oinarrizko egitura bat eman behar diogu bizitza berri honi. Egitura horretan momentu alaiak egongo dira, inportanteak dira, esate baterako, leihora atera eta komunitatea sendotzen duten erakustaldiak egitea, baina momentu guztiak ez dira horrelakoak izango, eta festa momentuez gain, errutinazkoak egongo dira, eta bi horiek orekatzeko ahalegina egin behar dugu. Otorduek lagunduko digute egunari erritmoa markatzen: gosaria, hamaiketakoa egin ikastetxean bezala, bazkaria, merienda eta afaria. Haurren adinaren arabera, interesantea da beraiek prestatzea otorduak eta ondoren mahaia jasotzea. Eta otorduak izan daitezela komunikazio momentuak, kendu teknologiak familia momentu horietatik. Otorduen erreferentziek eguneko denbora handia beteko digute, eta gainerakoa betetzeko mugimendua, jolasa, ikasketa-momentuak eta atsedena tartekatu behar ditugu.
Etxe askotan, ordea, zail izango da zuk diozun egitura hori mantentzea, familiaren ezaugarriengatik, ahalmenagatik, gurasoen egoeragatik, lanagatik… irakasleak nola lagundu dezake? Zer garrantzia izan dezake egoera honetan irakaslearen erreferentziak?
Irakasleen rola bikoitza da egoera honetan: Batetik, batez ere 6-7-8 urte bitartean, familiei lagundu behar diete umeen ikaste-prozesuan. Erremintak eman behar dizkiete familiei eta etxeko lanetarako gomendioak eta ideiak ematea interesgarria da —marrazkiak, ipuinak…—. Ikastetxeek hartu behar dute ardura familiei euren haurren ikaste-prozesuan lagunduko dieten egoera aberatsak sortzen laguntzeko. Familiei laguntzeko momentua da, material didaktikoak eta ideiak emanaz egin dezakete euren ekarpena, beraiek dira alor horretako profesionalak. Sare sozialetan ideia asko daude, gehiegi, eta batzuk ez dira gomendagarriak, beraz, hezkuntza zentroek lan interesgarria egin dezakete gomendioak filtratzen.
Bestetik, teknologia berrien bidez irakasleen eta haurren arteko harremana mantentzea interesgarria da, hezitzaileek teknologia berrien bidez kontaktua egin eta irakaslea etxeko telebistan ikustea, esate baterako, handia litzateke haurrentzako. Hezitzaileak beraiekin gogoratzen direla ikusteak asko lagunduko die haurrei itxialdi egoera honetan, eta badaude horretarako sistemak.
0-2 urte bitartean, haurrek euren gurasoekin nahikoa dute, baina gero, haurrak kozkortu ahala, irakaslearekiko harremanez gain, gelako beste familien artean harremanak mantentzea ere interesgarria da. Beste haurrak ikusteak on egingo die, eta horretarako bai, balia ditzagun teknologia berriak. Orain arte teknologiak oztopo izan dira askotan gure arteko harremanetarako, eta orain da unea ondo baliatzeko eta harremanak mantendu ahal izateko teknologiak erabiltzekoa, oraingo gure bizitzetan argia ikusteko.
Horrez gain, azken urteetan ukitzen ari garen debate bat mahai gainean jarri du egoera honek: indibiduala eta komunitatearen zaintzarena. Itxialdiaren hasieran, irakasleok eta oro har denok, geure buruaz arduratzeko lana hartu dugu lehenik. Baina hemen arazo komunitario bat dago, eta horri ere heldu egin behar diogu: nik nirea bideratu dut, orain has gaitezen komunitate mailan pentsatzen. Irakasle bezala gure biziak antolatu baditugu lehen egun hauetan, orain heldu diezaiogun berez gizartean daukagun funtzio sozialari, eta saia gaitezen egoera berri honetan ere lan sozial hori egiten. Behar indibidualak eta komunitatearenak orekatu behar ditugu.
Une honetan, eskolaren eta familiaren arteko harremana inoiz baino garrantzitsuagoa da, ezta?
Bai, eskolak ez du ahaztu behar bere funtzioa. Bilatu beharko lituzke sistemak harreman horiek mantentzeko, ez desagertu eta kito. Sortu baliabideak… Orain sortzaileak izateko momentua da, eta haurrek ikus dezatela hezitzaileek gogoa daukatela beraiekin harreman hori mantentzekoa, ez dela lan soil bat eta orain lanik ez dagoenez, ahaztu direla beraietaz.
Ikuspuntua, nire ustez, bidelagun izatearena da: nola lagundu diezaiekegu haurrei eta familiei une honetan? Krisi honetan, profesional bezala, eta zentro bezala profesional talde bezala, zer egin dezakegu familiei laguntzeko? Gainera, kontuan izan behar dugu haur guztiak zentroetara bueltatuko dira. Nola bueltatuko dira? Zer egingo dugu orduan? Guztioi komeni zaigu haur horiek ahal den ondoen egotea, eta ahalik eta gutxien kargatzea. Egoera hau ez badugu ongi bideratzen elkarrekin, arriskua dugu elkartzen garenean leherketa handiak bizitzekoa.
Familia bakoitzak bere estiloaren arabera egingo ditu gauzak, orain ezin dute beste familia bat izan. Saiatu gaitezke gauza batzuk xehetzen, egoera berezia izanik aldaketak egin behar ditugu, baina bakoitzak bere estiloan. Niretzat garrantzitsua da marra gorriak ezartzea: haur txikiei ez zaie gehiegi exijitu behar, ez da momentua, 6, 7,8 urte bitartean ez dago ikaskuntza exijentzia gehiegi edukitzeko beharrik. Horregatik garrantzitsua da zentroek markoa ematea familiek egoera estimulagarriak sor ditzaten. Marra gorri bat gehiegizko exijentziarena da, eta beste marra gorria da une oro festa batean bageunde bezala bizitzea.
Estimuluak mantentzea garrantzitsua da, familiek ingurune aberatsak eskaintzea, ipuinak irakurtzea, 6, 7, 8 urterekin matematikekin eta zenbakiekin jolastea… 5-6 urtetik aurrera mahai jolasetan ibiltzea, eta txikiagoak direnean, 0-2 urte bitartean, lurrean utzi, eman objektuak, utzi jolasten.. Haur txikienekin ondo neurtu eskaintzen dizkiegun materialak. Lasaitasun horretan, konfiantza horretan, giro seguru bat lortzen badugu, beraiek ere garatu ditzakete baliabideak.
Irakasleak lan handia egiten ari dira, gehienak etxetik, on-line. Euren gain exijentzia handia baitago, besteak beste, haurrek ez dezaten materia galdu. Haatik, egoera honetan ez irakasleentzat ez haurrentzat, ezta familientzat ere ez da erraza eskolan baleude bezala lan egitea… Gainera, guraso askori ez zaie ari egiten erraza eskolako martxa jarraitzea.
Adin hauetako haurren kasuan [8 urte bitarte], itxialdian dauden denbora honetan, egiteko nagusia ez da hainbeste eskolako curriculuma betetzea eta materia aurreratzea, baina haur hauek ikasteko estimulua mantentzea interesgarria da, irakurtzea, idaztea, zenbakiekin jolastea… beti ere familiako ekintza bezala, gurasoek ezin baitute profesional bihurtu goizetik gauera.
Egoera honetan, normala den bezala, gurasoak egongo dira arduratuta ea euren seme-alabak ikasketa-prozesuan atzera geldituko ote diren, eta ikastetxetik esaten dieten horretan konfiantza izan behar dute. Hor kokatzen dut nik zentroen egitekoa, filtroa, gomendioak, zaindu familiak… Orain dugun informazio ekaitza ikusirik (sare sozialen bidez bidaltzen diren bideo eta proposamen guztiak ikusirik), ikastetxeek filtro rol hori jokatu dezakete: gurasoei eman ondo zaindutako gomendioak, lagundu ekaitz honetan ez galtzeko. Horretarako familiekin presentzia eta komunikazio bat izan behar du irakasleak, haurren ikaste-prozesuak antolatzen laguntzeko.
Une honetan, gainera, sareetan kontu handia eduki behar dugu, sare sozialetan metodo eta baliabide asko aterako dira, zikinkeria asko ibili daiteke hortik. Eskola zentroak izan daitezke babes filtro garrantzitsua egoera honetan, bidelaguntza eskainiz. Hartara, eskoletatik ikasketa-prozesuan jarraitzeko orientabideak eta jarduerak proposatzen badizkiete, familiak gehiago zentratu ahal izango dira euren egitekoan, familia egitura zaintzen.
Ziurgabetasun egoera batean gaude guztiok, ez dakigu hau guztia noiz arte izango den, okerrera egingo duen, hobera… horrek irakasleei eta familiei angustia sor diezaieke… Nola kudeatu behar dugu ziurgabetasuna, haurrei ahalik eta kalte txikiena egiteko?
Ez dakigu zenbat denbora luzatuko den hau guztia, beraz, bizitza horrela izango balitz bezala antolatu behar dugu une honetan, ariketa mental hori egin behar dugu: “Hauxe da momentu honetan daukagun bizitza!”.
Ikaste-prozesuari dagokionez oso interesgarria da eskolen laguntza, esan dudan bezala, eta hortik aparte, gurasoek harremanak mantentzeko ahalegina egitea garrantzitsua da, familien arteko sarea sortzea, esate baterako, beste familiekin bideo-deiak eginez, adibidez.
Bizitza berri honi erritmoa hartzea garrantzitsua da. Horretarako, lehenengo, egunari erritmoa bilatu behar diogu, jolasa eta festa izan behar dugu, baina atseden momentuak hartzea ere interesgarria da, bai atsedena elkarrekin —denok batera pelikula bat ikusiz, adibidez— edo bakarka. Eta haurren atsedenari bezala, helduen atsedena ere garrantzitsua da. Gurasoek ez dute denbora guztian haurrentzat gauzak sortzen ibili behar. Noizbehinka, bi heldu dauden kasuan behintzat, bakarra egon dadila umeekin eta besteak atseden har dezala. Haurrei ere eman autonomia, beraiek jolas daitezela euren kabuz gurasoek beste gauza batzuk egiten dituzten bitartean, saiatu orekak mantentzen, ez izan animatzaileak, joan eta etorri horretan erritmoak bilatu behar dira. Haurrekin joan erabakiak adosten eta bizitza antolatzen. Interesgarria da une hau aukera bezala bizitzea, zer baliabide pertsonal ditugun ikusteko aukera daukagu, orain arte asko utzi dugu hezkuntza-zentroen gain, eskolaz kanpoko jardueren gain eta teknologien gain… baliabide pertsonalak berreskuratzeko momentua izan daiteke, erritmo batekin eta erre gabe, hil gabe, iraun egin behar dugu-eta.
Baliabide pertsonal horiek berreskuratzeko momentu zaila da, ordea. Une batzuetan beldurra eta antsietatea izan ditzakegu helduok, bai birusaren arriskuagatik, lan-egoeragatik, edo beste egoera batzuengatik… Helduok izan dezakegun beldurra nola kudeatu behar dugu umeei ez eragiteko?
Ez da erraza. Hemen denok ari gara ideiak ematen, baina ez dakigu ondo nola bideratu egoera zail hau. Faktore oso garrantzitsua da nola dagoen pertsona bakoitza, nola gauden helduok. Lehendik ez bageunden ondo, are zailagoa izango da. Horregatik esaten dut sistemak bilatu behar ditugula geure artean zaintzeko. Helduen artean pertsona bat ahulago baldin badago, bestea konturatu eta lagun diezaiola atseden hartzen, berak hartuz ardura handiagoa. Helduon arteko harremana oso-oso funtsezkoa da une honetan, hori ondo mantentzen baldin badugu, beste guztia errazagoa izango da. Benetan momentua da elkarri gehiago entzuteko, elkar laguntzeko eta helduon artean geure indarrak zaintzekoa, egun batean batek denbora gehiago gelditu behar badu ohean, gera dadila, eta besteak har dezala ardura handiagoa. Ez gara denbora guztian biok egon behar haurrekin, ez da hori, kontua da haurrak ondo egotea, eta horretarako, bi guraso dauden kasuan, txandaka daitezke, batzuetan elkarrekin egongo gara, bestetan banaka. Haurrek ere hori ikusi behar dute, eta haurren exijentziak ere kontenitu egin behar ditugu: “Horrela egingo ditugu gauzak, geure buruak zainduz hain justu zuek zaindu ahal izateko”.
Eta kanpora ateratzeko aukerarik balego! Ez dakit nola egin daitekeen, baina 0-2an interesgarria litzateke haurrak gurditxoan bada ere kanpora ateratzea, distantziak eta arau guztiak errespetatuz, pasiatu eta haizea hartzea… Edo komunitatean aukerarik balego txandaka pixka bat ateratzeko! Haurrek benetako beharra dute. Eta etxean zabaldu leihoak, haurrek haizea eta eguzkia behar dituzte, horrek eragin zuzena dauka euren osasun fisikoan eta animoan. Familia batzuentzat hau izango da egoeraren alde zailena, kalea ikusteko aukerarik ez duten etxeetan bizi diren familien kasuan, balkoirik ez daukaten etxeetan… egoera horiek benetan zailak izango dira.
Mugimendua galarazita edo mugatua edukitzeak, ikusten dugu askotan haserrea errazten duela… zer lotura dauka mugimenduak eta egoera emozionalak haurren kasuan?
Aipatu dugun eguneko estruktura horren barruan gorputzarekin eta mugimenduarekin jolasteko momentuak bilatu behar ditugu, beti ere eszitazioarekin eta harrotzearekin kontu izanda. Mugimenduko jolasak egitea beharrezkoa da. Planifikatu egunero denbora bat mugitzeko jolasak egin ditzaten, eta horrez gain, baita lasai egoteko denborak ere planifikatu. Erlaxazio bat egin liteke esate baterako, edo ipuin bat kontatu.
Bi momentuak bilatu behar dira eguneroko estruktura horretan: mugimenduarena eta atsedenarena. Egia da familia batzuentzat hau guztia berritasun handia izango dela, lehen geneukan bizimoduaren arabera, honek guztiak aldaketa txikiagoa edo handiagoa ekar dezake.
Haur txikiengan batez ere, 6-7 urtera arte, haurrek ez dute gure pentsamendu logikoa, ez dute erabiltzen pentsamendua erreminta nagusi bezala, beraiek mugimenduaren eta emozioen bitartez adierazten dira. Barruan sentitzen duten hori espresatu ahal izateko ez dute pentsamendu-tresnarik, orduan, urduritasuna, beldurra, haserrea… sentitzen badute, zailagoa dute hori guztia adierazten. Mugimendu-mailan euren sentimenduak adierazteko aukerarik ez baldin badaukate, normala izango da leherketak errazago gertatzea noizbehinka. Gainera, haur txikia konturatuko da berak lehen zituen ahalmenak desagertu egin direla, egiten zituen gauzak ezin dituela egin… guk egoera azaldu arren, eurek ez dute ulertzen egoera, ikusten dutena bakarrik ulertzen dute.
Mugimendua eta emozioak dena batera doaz haur txikiengan, beraz, kasu honetan helduoi dagokigu gure emozioez gain haurren emozioak ez epaitzea, ez zapaltzea eta bidea ematen eta kontenitzen saiatzea. Leherketak ahalik eta gutxien gerta daitezen, eguneroko estruktura asko zaindu behar dugu. Mugitzeko eta jolasteko aukerak eman behar dizkiegu, planifikatu une horiek haurrentzat.
Gure haurrak nolakoak diren ikusteko momentu ona da, haurrei gustatzen zaizkien gauzak partekatzeko momentua da, dinosaurioak gustatzen zaizkiela edo kotxeak, edo dena delakoa… partekatu zaletasun horiek eta lagundu beraien gauza horiek espresatzen eta bideratzen, bihurtu zaletasun horiek komunikazio eta harremanerako giltza. Partekatzeko eta komunikatzeko momentuak areagotzen baldin baditugu, egoera zailak gehiago kontenituko dira. Baina beste behin diot, egoera honetan oso garrantzitsua da lehen nola geunden, baita umeak ere. Ume batzuk oso zailak dira, oso urduriak diren haurrak, asko mugitzen direnak, asko haserretzen direnak, erraz lehertzen direnak… familia horiek gaizki pasatzen ariko dira.
Itxialdian segur aski pantailen erabilera asko handitu da: sare sozialetan zabaltzen ari diren proposamenak, irakasleekiko hartu-emanak, beste haur edo familiakideekin harremanak… pantailen bidez ari gara hau guztia bultzatzen. Haatik, urte osoa pasatzen dugu pantailen arriskuaz hitz egiten… Orain pantailak hainbeste bultzatzea ez ote da kontraesankorra?
Badago gauza inportante bat jakin behar dena: berez haur batek, berak teknologia erabiltzeko eta ez alderantziz, teknologiak bera erabil ez dezan, 11 urte baino gehiago izan beharko lituzke, lehenago, haur txikiagoek ez daukate aski tresna beraiek menderatu ahal izateko teknologia. Hori da abiapuntuan kontuan izan behar duguna, eta ez da errespetatzen.
Gaur egun hilabeteak dituzten haurrekin ere pantailak erabiltzen dira, baina kontuan izan behar dugu lehenengo 2-3 urteetan haur bat teknologiaren aurrean uzten badugu pantailako irudiak jasotzen lasaitu dadin, jan dezan… bere estrukturan teknologia sartzen ari garela, eta teknologia ordezkatzen ari dela bere estruktura pertsonala.
Haurrak berak garatu behar dituen baliabide pertsonalak ordezka ditzake teknologiak, haurra ez baita ari jasotzen helduarengandik baliabide pertsonalak eta harreman pertsonal bat, teknologia ari da hori guztia ordezkatzen, beraz, haurra barneratzen ari da lasaitzeko, ondo egoteko, jateko… teknologia behar duela, berak ezin baitu garatu baliabide autonomo hori pertsona bezala. Adin horietan oso arriskutsua da haurrak pantailen aurrean uztea.
Gero, 3 urtetik 8 urtera bitartean, haurrek ez dute teknologia modu autonomoan erabili behar, beti helduek bideratua izan behar da eta denbora aldetik ondo neurtua. Teknologiak ez ditu gizakiaren baliabideak eta aukerak ordezkatu behar, laguntzeko erabili behar da, eta haurrek euren kabuz ezin dute erabili 11-12 urtera arte. Lehenago haur bat uzten baduzu pantaila baten aurrean, pantailak menderatuko du haurra.
Egun hauetan teknologiak erabiltzeaz ari garenean esaten dugu baliatu behar ditugula fisikoki posible ez ditugun harremanak sortzeko, beste familiekin egoteko, lagunekin egoteko, hezitzailearen erreferentzia mantentzeko… eta zerbait ikusi behar badugu telebista aurrean, elkarrekin ikusi, pelikula bat, dokumental bat… elkarren ondoan eserita edo besarkatuta, une goxoa izan dadila guztiok atseden hartzeko. Ez utzi haurrak pantailaren aurrean orduak eta orduak bakardadean, une zail hauetan inoiz baino gutxiago.