Inklusioa lehen lerrora ekarri behar da

2021-02-01

INKLUSIOAN EGINDAKO URRATSAK MANTSOTU EGIN DITUZTE COVID-19AREN ONDORENGO PROTOKOLOEK. GAIARI SERIO HELDU BEHARRA DAGO DENONTZAKO ETA DENOK PARTE HARTZEKO GIZARTE BAT NAHI BADA.

 
 

Badira bost duroko hitzak, beste hitzek baino pisu edo kategoria handiagoa hartzen dutenak. Era berean, badira sententzia diruditen esaldiak, entzun edo irakurri orduko buruan indartsu sartzen direnak, zer pentsatua ematen dutenak, barrua mugitzen dutenak, loa kendu ere bai, batzuetan, eta arrazoi desberdinengatik gogoan iltzatuta geratzen direnak denbora luzean edo betiko. Zergatik? Argi dagoelako egia diotela, pisuzko egia, eta ez dagoela kontra egiteko argudioak aurkitzerik, diotena ebidentea delako.
Horrelako esaldi bat irakur daiteke aldizkari honetako gai nagusian, COVID-19ari aurre egiteko ezarritako protokoloak eta inklusioa gaitzat dituen erreportajean. Pandemiaren eraginez ikasturte hau ezohikoa izaten ari da, osasuna eta segurtasuna lehenesteko hartu behar izan diren neurriek ikastetxeen itxura eta bertako egunerokoa aldatu egin baitituzte. Denok egokitu behar izan dugu, baina batzuei gehiago kosta zaie eta beste batzuei gutxiago. Zalantzarik gabe, orokorrean edozein desgaitasun duten eta autonomia handia ez duten ikasleei gehiago eragin die. Kontua da aintzat hartu diren ala ez; alde batetik ikasle horien premia bereziak, eta bestetik inklusioa.
Hausnarketa horren erdian dator Nafarroako CERMIN Desgaitasuna duten Pertsonen Erakundeen Ordezkarien Batzordeko lehendakari Mari Luz Escuderoren esaldia: “Pandemia garaian hezkuntzan kezka handiena arrakala digitalak sortu du eta premia bereziko ikasleak ahaztu egin dira”. Hortxe sententzia gisa geratzen den esaldia.
Arrazoi du. Digitalizazioak garrantzi eta pisu handia hartu du konfinamenduan eta oraingo egoeran, ate batzuk itxi zirelarik beste batzuk ireki dituzte teknologia berriek. Horregatik entzun dugu behin eta berriro irakasleek digitalki prestatu behar dutela, ikasleek ere trebatu egin behar dutela eta nekazal guneetako eta baliabide horiek ez dituzten familietako ikasleei teknologia horietarako eta Interneterako sarbidea bermatu behar zaiela. Baina ez da ezer entzun berariazko hezkuntza laguntza premiak dituzten ikasleek nola erabiliko dituzten teknologia berriak, zer egokitzapen beharko dituzten, nola bermatuko den euren parte-hartzea, zer-nolako berezitasunak eduki behar dituzten plataformek eta programek beraientzat… Ikasle hauen berezitasunak ez baldin badira kontuan hartzen, ezin dute parte hartu, ezin dute beste ikaskideekin aritu. Eta horretaz ezer gutxi entzuten da.
Arrakala bat baino gehiago eragin ditu COVID-19aren pandemiak, eta batzuk ageriago eta beste batzuk ezkutuago geratu arren, denak dira arrakala, ez dezagun ahaztu. Inklusioaranzko bidean jarraitu beharra dago.