NOLA BALIA GENEZAKE NATURA KONPETENTZIAK LANTZEKO?
Ikasteko txikori lorea, arkatza baino hobea!
Zein da naturan pentsatzean burura datorkizun lehen hitza? Lasaitasuna, arnasa, askatasuna, bizitza, egon ohi dira hitz errepikatuenen artean, baina baita osasuna, sormena, maitasuna, zoriontasuna, poztasuna, etxea, kultura, aniztasuna... ere. Izan ere, anitza da natura, eta, beraz, baita eskaintzen dituen baliabideak eta aukerak ere.
Ez dezagun ahaztu gu ere natura garela. Ikuspuntu antropozentrista batetik, hau da, gizakia munduaren erdigunean kokatzen duen ikuspuntutik, asko dira naturak eskaintzen dizkigun zerbitzuak eta aukerak: turismoa erakartzen du, eguzki-izpi eta berotatik babesten gaitu, airea eta ura purifikatzen ditu, uholde eta lehorteak gutxitzen ditu, lurrak ongarritzen ditu, hondakinak deskonposatzen edo haziak barreiatzen ditu. Zerbitzu eta aukera hauei guztiei naturak eskaintzen dituen zerbitzu ekosistemiko deritze. Ekosistema batek, zuzenean zein zeharka, gizarteari ekartzen dizkion onurak dira zerbitzu horiek, pertsonen osasuna, bizi-kalitatea eta ekonomia ere hobetzen dituztenak. Gezurra badirudi ere, ekonomia eta ekologia oso lotuta daude. Bi hitzek erro bera dute: lehena Aristotelesek sortutakoa da, “gizarteko ondasunen ekoizpena, banaketa eta erabilera” definitzeko, eta bigarrena, berriz, Haeckel biologoak, “naturaren ondasuna eta aniztasuna” definitzeko. Kasualitatea?
Zerbitzu ekosistemikoez eta gizarteari naturak ematen dizkion onurez gozatzen jarraitzeko, beharrezkoa da planetaren egoera babestea. Baina, zoritxarrez, klima-larrialdi betean murgilduta gaude, eta 10 urte besterik ez dugu gertatzen ari den beroketa globala gelditzeko edo, gutxienez, gure planetaren batez besteko tenperatura 2 gradutik gora ez igotzeko (itzulerarik gabeko puntua) eta igoera horrek izango lituzkeen ondorio larriak gelditzeko. Garapen Iraunkorrari buruzko 2015eko Mundu Gailurrean, Nazio Batuetako Erakundeko Estatu Kideek Garapen Iraunkorrerako 2030 Agenda onartu zuten. Pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko xedez, 17 helburu definitu zituzten (18 gurean), hezkuntzari eta ingurumenari garrantzia emanez. Baina Italia izan da lehen herrialdea, eta oraingoz bakarra, 2019ko azarotik klima-larrialdia eskola-curriculumera eraman duena.
Garapen Jasangarrirako Espainiako Sareak (NBEak babestutako sare independentea) dioenez, egun ikastetxeetan klima-larrialdia lantzeko “ekintza puntualak” baino ez dira egiten, hala nola ingurumeneko efemerideen ospakizunak edo ikastetxeko ikasle kopuru mugatu bati zuzendutako ekintza zehatzak.
Euskal curriculumean ere, deigarria da klima-larrialdiaren presentziarik eza irakasgai nagusietan. Ingurumenaren aldeko kontzientziazio-izpiak ikusten badira ere, abagunezko esperientziak dira, osatugabeak, eta izaera periferikoa dutenak.
Iaz argitaratutako “Iraunkortasunerako hezkuntzarantz” txostenak irakasleen prestakuntza-gabeziaz ohartarazten du, eta aipatzen du ekimen horiek kasu askotan “irakasle kontzientziatuen” esku geratzen direla. Txosten horretan ere jasotzen da curriculumak berriztatzeko beharra dagoela eta hori ez dagoela ikastetxeen esku, baizik eta autonomia-erkidegoen esku.
Dena dela, adituek diotenez, klimalarrialdiko edukiek, ikasgai batean ala bestean txertatu baino gehiago, programa akademiko guztia blaitu behar dute. Ezinbestekoa da irakasgai nagusietan zeharka lantzea, ikasleen bizitzetan inpaktua izan dezaten. “Garapen iraunkorrerako helburuetarako hezkuntza” txostenean, Unesco etxeak dio “esperientzia zuzenak” behar direla, ikasleen arlo emozionala ukituko dutenak. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiko Bizkaia 21 egitasmoan, “Naturarekin begirunetsuak diren eskoletarako gidalerroak” gomendatzen dira; besteak beste, ikastetxeak euren inguruan integratzea ezinbestekoa dela jasotzen da, eta baso-eskolak dira horretarako modu bat.
Adibide horien guztien aurrean, ezin dugu uka premiazkoa dela naturan eta naturaren bidez ikastea, haurren garapen-prozesua osasuntsua izateko eta planetaren ongizatea bermatzeko. Errealitatea, ordea, guztiz bestelakoa da, azken ikerketen arabera egunean ordu bat baino gutxiago ematen baitugu kanpo-espazioetan. Hori dela-eta, ezinbestekoa da haurtzaroan naturak izan duen eta izan beharko lukeen lotura berreskuratzea, natura maitatuko duen belaunaldi berrirako agertokia ezartzen lagunduko duelako.
Naturaren eskaintza aberatsa
Hasieran, natura definitzeko erabili ohi ditugun hitzak bezain askotarikoa da natura bera, ikaskuntza-ingurune konplexua eta aberatsa, eta euskarri aparta. Natura etengabe ari da eraldatzen; hortaz, naturan topatuko ditugun baliabideak (zuhaitzak, zuhaixkak, belarra, harriak, ura, lurra, eroritako zuhaitzak, enbor zulatuak…) era mugagabean berriztatzen dira. Material irekiak, unibertsalak, doakoak eta demokratikoak dira, ez dute genero-desberdintasunez ulertzen, eta ez dute funtzio bakarra, ez eta helburu zehatzik ere.
Material natural horiek inspirazio-
iturri bihurtzen dira haurren eskuetan: aldi berean, motrizitate xehea zein larria lantzeko egiturak aurkitzen dituzte haurrek lurreko tontor, zulo, aldapa, makilatxo eta intsektuen artean. Urtaro bakoitzak aukera berriak eta bizigarriak eskaintzen ditu: orain orbela eta adarrak nonahi, gero putzu izoztuak eta, aurrerago, belarra, lore berriak eta haziak. Horiek guztiek jolaserako aukerak handitzen dituzte, eta jolas sinboliko aberatsa gertatzen da, beti desberdin, beti interesgarri. Elkarlana sustatzen da, eta talde-interakzioa era naturalean gertatzen. Azken finean, naturan eta naturarekin jolasteak curriculumean dauden eta ez dauden gaitasunak eskuratzen laguntzen baitie haurrei.
Beraz, naturan haurren ikasteko prozesua esanguratsua dela baiezta dezakegu, zentzumenen bidez ingurua arakatu eta ezagutzeko aukera izaten dutelako, esperimentatzeko, jolasteko… eta, garrantzitsuena, jolas librerako tartea utziz gero, haien behar zein interesetatik abiatuko direlako. Naturan, edozein mugimendu onartzen da, norberak nahi duen erronka biziko du, pentsamendu konplexua edo dibergentea garatuko da, eta erronkei aurre egiteko beharreko negoziaketaren bidez harreman aberasgarriak sortuko dira.
Motibazioari ekarpenak
Naturak, halaber, diziplinarteko ikuspegia eskaintzen digu, naturari buruzko ezagutza bera barne. Naturan gertatzen den berezko ikaskuntzak eta sortuko diren gidatutako egoerek aukera anitz eskaintzen dituzte, ikasleen askotariko ikaskuntza-estiloetara eta nortasunetara egokitzen baitira. Naturaren bidezko ikaskuntzaren ikuspegia hezkuntzan edota modu natural batean ikasteak ekarpenak egiten dizkio berezko motibazioari: jakin-mina, hautaketa, edukia, elkarlana, erronka eta testuingurua.
Hasteko, kontuan izan behar dugu jakin-mina haur batek mundu fisikoarekin duen interakzio ludikoaren berezko indarra dela. Hautaketari dagokionez, naturaren aniztasuna kontuan hartuta, modu aske batean gertatzen da, eta denboran zehar aldatu egiten da. Horrek guztiak aukera mugagabeak eskaintzen ditu, eta, beraz, asperdurarako antidotoa dela esan dezakegu. Edukiarekin gauza bera gertatzen da, adibidez: zizareak enborren azpian, hosto erraldoiak, lore usaintsuak, urak harrien gainetik sortzen dituen uhinak, lurzoruaren hainbat testura… eta zerrenda amaigabe bat aipa genezake horrela.
Elkarlanarekin jarraituz, naturan haurrek ideia bat aztertzen dutenean, enbor bat mugitu behar dutenean, proiektu bat gauzatzen dutenean… sortzen den zerbait da. Azken finean, etengabe aldatzen diren esperientzia partekatu horiek harremanak eraikitzeko eta aberasteko moduak dira.
Bestalde, erronken bidez, gure gaitasunak frogatzeko aukera daukagu naturan, bai eta gure mugak zein beldurrak kudeatzeko eta autorregulatzeko ere. Haurrek, bakarrik edo besteekin batera, arriskuak hartzen dituzte, gauzak nolakoak diren probatzen dute etengabe, mugak zein eta nolakoak diren ulertzeko; eta, bide batez, munduaren funtzionamendua nolakoa den ikasteko aukera daukate.
Amaitzeko, egoeren eta inguruen arteko trebetasun- eta ulermen-transferentziari dagokio testuingurua; hau da, naturan gertatzen den jolasak eta ikaskuntzak ikasgelara, etxera edo beste leku batzuetako lagunengana zabal daitezke.
Naturan gertatzen den jolasa oso fisikoa da, eta gorputza espazioan mugitzera behartzen du: goian, behean, barruan eta inguruan, besteak beste. Ikaskuntza aktibo eta praktikoari modu positiboan eragiten dio horrek. Berezko motibazioa, jolas librearen esentzia, parte hartzeko konpromisoa bultzatzen du, zeinaren bidez haurrek ingurunearen balio sakonak bereganatzen dituzten, esperientziari eta ezagutzagune bati lotuta. Azken finean, ingurunea ikaskuntza-testuinguru gisa ulertuz, ingurunean sortuko diren berezko zein gidatutako egoerak eta jolasak hezkuntzaren curriculumarekin lotzeko aukera daukagu. Azken batean, lagunekin abenturaz betetako natura-eremu batera maiz egiten diren bisitaldien bidez, haurrei lekua ezagutzen, han zer gertatzen den eta egunaren eta urtaroen arabera nola funtzionatzen duen ulertzen laguntzen die. Haurtzaroko esperientzia praktikoak mundu naturala sistema interaktibo gisa modu adierazgarrian ulertzen laguntzen digu. Eta garrantzitsuena zera da, ikuspuntu antropozentrista alde batera utzita pertzepzio ekozentrista bat garatzea ahalbidetzen digula, gure planeta erdigunean jarriz.