Teknologia digitalen erabilera arduratsua lantzeko dinamika

2021-02-01

Gazteek egunero erabiltzen dituzte sare sozial birtualak eta erabilera masiboak berarekin dakar, ezinbestean, erabilera okerra edo desegokia egiteko arriskua. Hori prebenitzeko eta teknologia digitalaren erabilera arduratsua eta osasuntsua sustatzeko, ekimen interesgarri bat burutu dute Oiartzunen gazteekin eta helduekin, Breakout Edu metodologian oinarrituta.

 
 

Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) eskuragarritasun eta erabilera askotarikoak komunikatzeko era berriak ekarri ditu egungo jendartera, eta, zenbait kasutan, ezinbesteko bitarteko bihurtu da teknologia. Facebook, Instagram,  Twitter eta horrelako sare sozialek eta bat-bateko mezularitza-
aplikazioek, besteak beste, iritziak eta bizitzako esperientziak elkarrekin partekatzeko gune berriak sortu dituzte.
Ikus ditzagun teknologia digitalen erabileraren inguruko datu batzuk: Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gazteen % 98,2 egunero edo ia egunero konektatzen da Whatsapp, Telegram edo bat-bateko mezularitzako beste aplikazio batzuetara. Halaber, gazteen % 74,1 Instagramera konektatzen da egunero edo ia egunero; Youtubera, % 73,7, eta Facebookera, % 32,8. Adin-taldeen araberako azterketak, berriz, Whatsappa kolektibo guztietara zabaldu dela dio. Alabaina, bada alderik beste sare sozial batzuen kasuan: Instagramen erabilera bereziki nabarmena da adin-tarte baxuenean (15-19 adin-tartea), eta egunero erabiltzen dutenen ehunekoa erori egiten da adinak gora egin ahala. Youtuberen erabilera ere beherantz doa adinak aurrera egin ahala, baina adin-tarte batetik besterako aldea ez da horren nabarmena (Gazteen Euskal Behatokia, 2019).
Erabilera masibo horrek berarekin dakar, ezinbestean, erabilera okerra edo desegokia egiteko arriskua. Nerabeak dira, hain zuzen ere, Interneteko erabiltzaileen artean talde zaurgarri edo ahulenenetako bat. EAEko 15-19 urte bitarteko gazteen hirutik batek (% 33,7) dio gutxienez behin baztertu izan dutela Whatsappeko talderen batetik; halaber, EAEko gazteen % 7,2k dio gutxienez behin norbaitek zabaldu izan duela sare sozialetan,  baimenik gabe, bera agertzen den argazki edo bideo konprometitu, iraingarri edo lotsagarriren bat. Maiztasuna gorabehera, gazteen % 17,9k bizi izan du inoiz jazarpen-egoeraren bat sare sozialetan (Gazteen Euskal Behatokia, 2019).
Ez dago teknologia digitalen erabileraren inguruko arriskuei buruzko zerrenda bakarra, baina Family Online Safety Institute (FOSI), Children’s Online Privacy Protection Act (COPPA), Childnet International eta Safekids or Staysafeonline erakundeak, esaterako, eta ikerlerro hau jorratzen duten hainbat autore (ikus Livingstone eta Helsper, 2013; Vanderhoven, 2014) ados ageri dira arrisku nabarmenenak zehazteko orduan. Arrisku horien artean daude hauek, besteak beste: cyberbullying-a, sarean gauzatutako parekoen arteko jazarpena; grooming-a, adin txikiko subjektu batekin lotura emozionala sortzea abusu sexualei bide emateko; sexting-a, sexualki esplizituak diren mezuak elkarbanatzea; mendekotasunak, bizitza erreala baztertzeraino irits daitezkeenak; sharenting-a, gurasoek sare sozialetan beren seme-alaben gehiegikeriaz erakustea; phishing-a, erabiltzailearen datu pertsonalak bereganatuz identitatea lapurtzea; eta desafioak, joko baten itxura emanez zenbait eginbeharretara behartzen duten mezu-kateak zabaltzea, alegia (Balea urdinaren desafioa, esate baterako).

Konpetentzia digitalaren esanahia
Datu horien aurrean, eta informazioaren jendarte edo ezagutza-jendarte deituriko egungo ingurunean kokaturik, administrazio publikoak konpetentzia digitalaren garapena bere lehentasun eta jomugen artean ezarri du. Horrela, Europako Parlamentuak (2006) eta hainbat hezkuntza-legedik —LOE, LOMCE eta Heziberri 2020, besteak beste— adierazi dute konpetentzia digitala dela pertsonok garapen pertsonalerako, jendarte eraginkor eta aktiboan parte hartzeko, inklusio sozialerako eta lanerako beharrezko ditugun funtsezko zortzi konpetentzietako bat. Baina argi al dugu zer den hainbeste entzuten dugun konpetentzia digital hori?
Galdera horri erantzun nahian, konpetentzia digitalaren bost eremuak eta horien ezaugarriak laburbiltzen dituen ondorengo infografia hau ekarri dugu lerrootara. Mondragon Unibertsitateko Amaia Arroyo irakasleak jarri zuen eskuragarri euskarara itzulitako infografia, IKT_ON Hezkuntza Aholkularitza plataforman. Horretarako, Marco Común de Competencia Digital Docente (2017, INTEF) eta DigComp 2.0: The Digital Competence Framework for Citizens (2016) erabili zituen iturri gisa. 2019an argitaratu zen azken lan horren bertsio eguneratua, The European Digital Competence Framework deiturikoa.
Konpetentzia digitala 5 eremuk osatzen dute: (1) eduki digitala sortzea: jabetza intelektualaren eskubideen jabe izanik, edukiak sortzen eta editatzen jakitea; (2) segurtasuna: norberarena, norberaren datuena eta identitate digitalarena; (3) arazoak konpontzea: arazo tekniko zein bestelakoen aurrean erabakimena izatea, tresna digitalak sormenez erabiltzeko; (4) informazioa eta informazio-alfabetatzea: mundu digitalean informazio egokia aurkitzea, identifikatzea, gordetzea eta aztertzea, betiere informazioaren helburua eta garrantzia kontuan hartuta; (5) komunikazioa eta kolaborazioa: baliabide digitalen bidez elkarrekin komunikatzea, elkarlanean aritzea, parte hartzea eta kulturartekotasuna baloratzea eta zaintzea.
Eskakizun hauen aurrean, administrazioko zenbait erakundek eta hezkuntza-arloan ardura duten zenbait instituziok —horien artean ikastetxeak edo hezkuntza ez-formaleko zentroak, esaterako— hainbat proiektu jarri dituzte abian, xede nagusi konpetentzia digitala lortzea dutenak. Modu horretan sortu dira, adibidez, nahiko zabalduta dauden ekimen hauek: EgOn line (2015), teknologia berrien arloko hezkuntza lantzeko EAEko gida pedagogikoa; Disfruta de la Red (2012), Interneten erabilera seguruaren aldeko Nafarroako kanpaina, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak #KulturaDigitala ekimenaren inguruan garatutako ekintza multzoa.
Norbanakoarengandik gertuago dauden zenbait erakundek ere hartu dute beren gain konpetentzia digitala garatzeko ardura, udalek, besteak beste; betiere, tokian tokiko errealitatea kontuan hartuta. Ingurumari horretan kokatzen den proiektu bat azalduko dugu ondorengo lerrootan. Gipuzkoako udalerri ertain batean aurrera eraman den ekimen bat deskribatuko dugu; zehazki, gailu digitalen erabilera arduratsuaren gaia lantzen du ekimenak gaztetxoekin zein gurasoekin.

Ekimenaren testuingurua eta eragile nagusiak
Adin txikikoen mahaia deiturikoa Oiartzunen sortu zen, 2014. urtean. Helburu nagusia da hango gaztetxoen beharrak zein diren identifikatzea, aztertzea eta horiei erantzutea. Arlo askotako prebentzioa lantzen da, horien artean teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasuntsua sustatzea. Horretarako, hainbat erakundetako ordezkariak biltzen gara mahaiaren bueltan bizpahiru hilabetean behin. Hiru multzotan sailkatu ditzakegu lantaldea osatzen duten erakundeen ordezkariak:
1. Oiartzungo Udala, zehazki, udaleko Gizarte Ongizate eta Gazteria Saileko ordezkariak. Ordezkariok dira mahai honen bultzatzaileak eta koordinazio-lana egiten dutenak.
2. Herrian hezkuntza-arloan lan egiten duten erakundeetako ordezkariak. Hauetako batzuk, noski, hezkuntza formalekoak dira, Elizalde BH Institutukoak eta Haurtzaro Ikastolakoak, hain justu ere. Beste batzuk, berriz, arlo ez-formalekoak dira; Oiartzungo Abaraxka Udal Ludotekako ordezkariak eta Kuadrilategikoak, esaterako.
3. Aholkularitza eta zerbitzu gehigarriak ematen dituzten erakundeetako ordezkariak. Horien artean daude Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Fishernet HezkuntzaTeknologia Taldeko kideak, Agipad eta Agintzari elkarteetakoak, eta, beharraren arabera, gure bilkuretara gehitu daitezkeenak.
Hala bada, herriko haur eta gaztetxoen beharretako bat teknologia digitalen erabilera arduratsua eta Interneten ohitura osasungarriak garatzea dela ikusi zuen mahaiak, betiere ikuspegi prebentiboa jorratuz. Izan ere, herriko gazteen artean sakelako telefonoa eta sare sozialak era desegokian erabiltzeak sortutako zenbait arazo identifikatu ziren. Mahaikideek gai horren inguruko prebentzio-lanari ekitea erabaki zuten. Gailu digitalen erabilera arduratsuaren inguruko ikaskuntzaprozesu hori, hain justu ere, arestian aipatutako konpetentzia digitalarekin lotuta dago zuzenean.
Hari horren inguruan hasi zen 2015. urtean EHUko Fishernet HezkuntzaTeknologia ikerketa-taldea adin txikikoen mahaiarekin lanean. Laburki, hauxe izan da azken bost urteotako ibilbidea: bi urtean behin, Elizalde eta Haurtzaro ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara bitarteko gazteek gailu digitalak nola erabiltzen dituzten aztertu dugu, galde-sorta baten bidez datuak bilduz. Datuak jasotze horrek bi helburu izan ditu: batetik, adin txikikoak teknologia digitalekin ari direnean, erabilera desegokiak benetan zein diren ezagutzea; eta, bestetik, erabilera desegoki horien larritasun maila zenbateraino hautematen den aztertzea.
Azterketa bakoitzaren ondoren, bildutako datu horien emaitzen berri eman diegu udalari, adin txikikoen mahaiari eta ikastetxeei. Analisi horiek abiapuntutzat harturik, gazteei zuzendutako zenbait egitasmo jarri ditugu martxan, eta sakelako telefonoen, tableten eta bestelako gailu digitalen erabilera arduratsua sustatzea dute helburu nagusi horiek guztiek. Agintzari Elkartearekin elkarlanean, hainbat prestakuntza-saio egin genituen bi ikastetxeetako hainbat mailatako ikasleekin. Saio horietan, gailu teknologikoen arriskuak eta gailu horien erabilera desegokiak ekar ditzakeen ondorioak landu genituen bereziki.
Beste ekintza batzuk, berriz, gazte horien gurasoei zuzendu zaizkie. Izan ere, gurasoak dira tresna digitalak haur, nerabe eta gazteen eskura jartzen dituztenak, eta, legeak dioenaren arabera, haiek dute seme-alaben erabilera zuzenaren azken ardura. Hori kontuan izanik, beraz, teknologia digitalen erabilera arduratsua lantzea helburu zuen lanketa bat egituratu genuen, gurasoei zuzendua. Ondorengo lerro hauetan, ekimen horren nondik norakoak aurkeztuko ditugu, eta baita han erabilitako metodologia berritzailea zertan datzan ere.

Gazteak, mugikorraren preso?
jardunaldia eta breakout edu
2019-2020 ikasturtean, Elizalde eta Haurtzaro ikastetxeetako gurasoei zuzendutako Gazteak, mugikorraren preso? jardunaldia antolatu zen. Bi arratsaldez, ikastetxe bakoitzeko gurasoak eta Fishernet Hezkuntza-Teknologia taldeko kideak bildu ginen, gai horri buruz jarduteko. Jardunaldia bi zatitan banatuta egon zen: hasteko, lehen aipaturiko galde-sortaren bidez bildutako datuen emaitza orokorrak aurkeztu ziren bi ikastetxeetan, eta, ondoren, Breakout Edu deritzon metodologiaren bidez, Mugikorraren erabilera egokia bultzatzeko 10 gako ikasi eta aztertu genituen.
Zer da, baina, Breakout edu metodologia?
Talde-lanean eta parte-hartzean oinarritzen den metodologia berritzailea dugu Breakout Edu. Brown eta Hessling-en (2019) arabera, landu beharreko edukiez gain, bestelako gaitasun eta konpetentziak lantzea du helburu, hala nola sormena, lankidetza eta arazoen aurrean beharrezko den ebazpena eta erabakimena. Horretarako, taldetan aritzen dira lanean partaideak, eta zenbait proba edo ariketa gainditu behar dituzte denbora-tarte jakin batean. Oro har, giltzarrapoz itxitako kutxetan egoten dira proba horiek, eta partaideek proba bakoitza gainditu ahala, giltzarrapoak irekitzeko kode edo gakoak lortuko dituzte, kutxa guztiak ireki eta erronka gainditu arte.
Maria Galanis eta Sylvia Duckworth irakasleek 2016an 10 reasons to play Breakout Edu deituriko infografia bat aurkeztu zuten, hots, Breakout Edun aritzeko 10 arrazoi. Metodologia hori erabiltzeko 10 arrazoi zerrendatzen dituzte infografia horretan, beheko irudian ikusten den moduan.
Guk ere gurera ekarri genuen ariketa hau, bada. Gurean, mugikorraren erabilera egokia bultzatzeko 10 gako lortu eta dekalogo bat osatzea zen helburu nagusia. Horretarako, talde bakoitzak lau erronka gainditu behar zituen; erronka bat gainditutakoan, hurrengo proba gordetzen zuen kutxa irekitzeko kodeaz gain, aipaturiko dekalogoa osatzeko bi gako lortzen zituzten. Ondorengo taulan, zehatzago azaldu dugu erronka bakoitza: zer helburu duen bakoitzak, zer eduki lantzen den, gainditzeko zer egin behar den, eta zer eskuratzen den kasu bakoitzean.
Bi ikastetxeetako partaideek gainditu zuten erronka, eta, beraz, mugikorraren erabilera egokia bultzatzeko 10 gako lortu zituzten. Dinamikaren amaieran, balorazioa egiteko aukera ere izan zuten.

Ekimenaren balorazioa
Ondorengo lerrootan, jardunaldian parte hartu zuten gurasoek zer balorazio egin zuten aurkeztuko dugu. Horretarako, batetik bosterako eskalan egindako balorazioaren emaitzak dituzue hurrengo taulan: jasotako puntuazio minimoa, maximoa eta puntuazioen batezbestekoa. Saioarekin lotutako lau alderdi hauetan emandako puntuazioak aztertuko ditugu: saioaren asebetetzeari dagozkionak, jardunaldiaren diseinuarekin lotutakoak, saioa nola egin zen adierazten dutenak eta, azkenik, partaideen parte-hartzeari buruzkoak.
Esan daiteke gurasoek balorazio positiboa egin dutela oro har jardunaldiari buruz, lautik gorakoak baitira batez besteko puntuazio guztiak, batetik bosterako eskalan: asebetetze globalari dagokion batez besteko puntuazioa 4,56koa da; diseinuari dagokion puntuazioa 4,42koa da (baxuena); burutzeari dagokiona, berriz, 4,56koa; eta parte-hartzeari dagokiona, 4,75ekoa (altuena). Bestalde, nabarmentzekoa da jasotako puntuaziorik txikiena 3,63koa dela, kontuan hartuta batetik bosterako eskala dela; puntuazio minimo hori jardunaldiaren diseinuari dagokio, eta, hain zuzen ere, arlo bereko altuena 5ekoa da.
Horretaz gain, gurasoek gehien zer gustatu zitzaien adierazi ziguten, eta hobetzeko zenbait proposamen ere egin zizkiguten. Bildutako datuen arabera, gurasoei gehien gustatu zitzaiena, oro har, Breakout Edu dinamikan elkarlanean aritzea izan zen. Era berean, jardueraren originaltasuna ere nabarmendu zuten, orain artekoarekin alderatuz berria izan dela adierazi baitzuten. Alderdi guztietan bezala, beti dago zer hobetua, ordea, eta aurrerantzean kontuan hartzeko zenbait proposamen ere egin zituzten: denborari erreferentzia eginez, maizago egitea edo hitzaldiari denbora gehiago eskaintzea egokia izan zitekeela esan zuten. Halaber, informazio gehiago eskatu zuten, bai eta hori guztia praktikara eramateko gakoak ere; eskatutako informazioa zehaztuz, adierazi zuten interesgarria izan zitekeela guraso-kontrolaren inguruko gaia lantzea.
Beraz, Breakout Edu dinamikak balorazio ona izan duela esan dezakegu oro har, eta ekintzaren alderdi ludikoa, elkarlana eta originaltasuna nabarmendu dira. Gurasoekin egindako saio horien ondotik, metodologia honetan oinarritutako zenbait esku-hartze egin dira ikasleekin ere, eta orain arteko saioak arrakastatsuak izan dira orokorrean.
Dena den, hau ez da hemen bukatu. Badakigu bide luzea dugula aurretik oraindik ere, eta hamaika kontu berri ditugula ikasteko. Ikasteko bideak, ordea, askotarikoak dira, eta ez dira berdinak guztiontzat. Gutxien espero dugunetan ere, beti dugu zerbait ikasteko. Horixe gertatzen da maiz jolasekin: itxuraz haurrei zuzendutakoak dirudite, baina helduok ere hasten garenean, behin baino gehiagotan gelditzen gara loturik, berriro aritzeko gogoz eta zerbait berria jaso dugula jabetuz, gainera. Breakout Edu dinamikan, denok izan dezakegu geure tokia, haur zein heldu, ikasle zein guraso. Eta zu, animatuko al zinateke, eta parte hartuko al zenuke horrelako erronka batean?

Gehiago jakiteko
- Arroyo, A. (2017). Konpetentzia digitalaren 5 eremuak. IKT_ON Hezkuntza Aholkularitza. http://www.ikton.eus/2017/03/08/konpetentzia-
digitalaren-5-eremuak/
- Brown, K., & Hessling, P. (2019). Breakout of a Traditional Classroom Reality With Game-Based Learning Pedagogy. In (Ed.) P. Hycy Bull & J. Keengwe, Handbook of Research on Innovative Digital Practices to Engage Learners (p. 52-67). North Carolina State University.
- Duckworth, S. & Galanis, M. (2016). 10 reasons to play Breakout Edu. https://twitter.com/sylviaduckworth/status/687826202179014657
- Gazteen Euskal Behatokia. (2019). Euskadiko Gazteen Egoeraren Diagnostikoa: 2019. https://www.euskadi.eus/web01-a2aznscp/es/k75aWebPublicacionesWar/k75aObtenerPublicacionDigitalServlet?R01HNoPortal=true&N_LIBR=052380&N_EDIC=0001&C_IDIOM=eu&FORMATO=.pdf
- Livingstone, S., & Helsper, E. (2013). Children, internet and risk in comparative perspective. Journal Of Children And Media, 7(1), 1-8. doi: 10.1080/17482798.2012.739751
- Vanderhoven, E., Schellens, T., & Valcke, M. (2014). Educating Teens about the Risks on Social Network Sites. An intervention study in Secondary Education. Comunicar, 22(43), 123-132. doi: 10.3916/c43-2014-12