ZORIONAK!

2021-02-01
 
 

Ez da gaur goizekoa denboraren joan-etorrian Hik Hasirekin ehundutako harremana. Urte batzuk badira dagoeneko hezkuntzaren saltsa hauetan gabiltzala, eta, euskalduna izanik larre motzean haztera behartuta egon garenez, ez zaigu arrotza izaan ekimen eraikitzaileetan murgilduta ibiltzea edo lekuko izatea batean eta bestean. Horietako bat da Hik Hasi egitasmoa, eta horrelakoei esker jarraitzen dugu aurrera, ilusioa galdu gabe, hezkuntzaren akademia euskalduna eraikitzeko eta elikatzeko oraindik beharrezkoa delako, gezurra badirudi ere, borondatezko lana, apustua, aukera kontzientea edo dena delakoa.
Gogoan dut egitasmoaren beraren sorrera…
Aspaldikoa da hezkuntzaren teorizaziorako, dibulgaziorako, elkarren berri izateko… pedagogia-aldizkari euskaldun baten premia, eta urrats batzuk egin zituen Urrats pedagogia-aldizkariak 70eko hamarkadaren bukaeran, oroimenak kale egiten ez badit behintzat. Gutxienez bi ale argitaratzea lortu zuten, baina…
Isilik pedagogia-aldizkariak hartu zion txanda, 80ko hamarkadaren hasieran; Gipuzkoako ikastoletako Irakasle Elkarteak sortu zuen, premia horri berari erantzun nahian, eta horrek bai urratu zuen bidea, urte batzuetan. Hantxe hasi nintzen neroni ere idazten, orduan guztion beharra baitzegoen. Gogoan ditut Maixol eta Agustina. Han ezagutu nuen Joxe Mari Auzmendi, eta ordutik aurrera, noizik eta behin egiten zidan kukua, irribarrez, honetarako edo besterako gonbita eginez… Zenbat zeregin eta neke! Ezin, baina, Joxe Mariri ezetz esan!
Urteak joan, urteak etorri, Isilik ere desagertu zen, eta umezurtz gelditu ginen euskarazko hezkuntza- eta irakaskuntza-alorreko dibulgazio-bitartekoen esparruan. Orduan Tantak aldizkaria sortu zen EHUn, baina esparru unibertsitarioari erantzuten zion: gogoeta, ikerketa…. Ez zen gutxi! Ikastetxe mailakoa falta genuen, ordea, egitasmoen berri ematea, esperientzia berriak zertan zeuden aztertzea, nor zertan edota non zebilen jakitea, unibertsitateen eta ikastetxeen arteko zubi-lana egitea… Hortxe genuen premia. Behin baino gehiagotan atera zen gaia topaleku ugaritan, neroni sailburu nintzen garaiko UEUko Pedagogia Saileko udako ikastaroetan, besteak beste. Eta hara! Hortxe hasi zitzaigun Joxe Mari, beste hainbaten laguntzaz, akuilu-lanak egiten, hortxe bata eta bestea animatzen, hortxe bere onenak jartzen, eta nola ez, lortu ere lortu zuen, jakina. 90eko hamarkadan izan genuen esku artean zero alea, bai eta lehena, bigarrena...
Horrela, lipar batez, 25 urte pasatu direla esan didate. Ene! 25. Bata bestearen atzetik, hutsunerik gabe. Aldizkariaz gainera, jardunaldiak ere etorri ziren, Udako Topaketak, monografikoak, liburuak, baliabide- bildumak, ipuinak, diskoak, bestelako topaketak, agiriak, bilguneak... Itzelezko lana, lan oparoa, Joxe Marirekin batera eratutako lantaldearen atxikimendu eta lan profesional eredugarria bistan… Lika izan dira sare, eredu edota pentsamolde desberdinetako ikastetxeak, gurasoak, irakasleak, adituak elkartzeko. Hara bidaia pedagogikoak erakusle, hara Hazi Hezi gurasoei zuzendutako aldizkaria…
Eta horretan zebilela, bere lanaren fruituek aurrera egiteko elikatzen zutela, joan zitzaigun Joxe Mari irakaslea, laguna, eragilea, aditua, dinamizatzailea, antolatzailea... Ez adiorik Joxe Mari, gugan zaude. Zuk antolatutako lantaldeetan ere bizi-bizirik zaude, eskerrak haiei, eskerrak zuei.