Zaindu maite duzun hori

2021-03-01

JOXE MARI AUZMENDIREN BALIOAK GOGORATU GENITUEN OTSAILAREN 27AN HERNANIKO BITERI KULTUR-ETXEAN HIK HASIK EGIN ZION
OMENALDIAN, EZ DAITEZELA AHAZTU, EZ DAITEZELA GAL.

 
 

Joxe Marik jostorratzak eta artilea utzi dizkigu, josten jarraitzeko”. Hitz horiekin gogoratu zuen Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek Joxe Mari Auzmendi, Hik Hasik iaz zendu zen bere kideari Hernanin egin zion omenaldian. Jostuna baitzen Joxe Mari. Josi zituen haurrak eta familiak, eta hezitzaileak eta eskola eta aisialdia, eta udalak eta herriak eta eragileak... eta josi zituen hezkuntza sareak; ikastoletako, eskola publikoetako, kristau eskoletako irakasleak, lurralde guztietakoak. Jostunaz gain elkartzailea zelako, kide zirenak eta ez zirenak elkartzen baititzuen Joxe Mari Auzmendik bere abaroan. Eta zaintzatik elkartzen zituen, nola bestela? Hori zen bere marca de la casa. Zaintza erdigunean ezartzen zuen beti. Euskararekin. Bere lan guztia euskaratik eta euskaraz egin zuen Joxe Mari Auzmendik, eta hala sortu zuen Hik Hasi Euskal Herriko irakasleek bilgune eta topagune bat izan zezaten, duela 25 urte, inork gutxik aldeko apusturik jokatzen zuenean. Ausarta izan zelako.
Ausarta, euskaltzalea, zaintzailea, elkartzailea eta jostuna. Joxe Mari Auzmendiren hitzak gogoratu genituen otsailaren 27an, ahaztu ez daitezen, gal ez daitezen. Oholtzara igo ziren hezitzaileek, nahiz besaulkietan gelditu zirenek, guztiek, esker oneko hitzak izan zituzten oro bat Joxe Marirentzat. Eta, Hik Hasi, guk segi! leloari jarraiki, Joxe Marik urratu eta 25 urteotan jorratutako ibilbideari eusteko premia eta borondatea erakutsi zituzten bertaratutakoek. Josu Txapartegi Txapas-ek esan zuen bezala, badagoelako zer eginik: “Oraindik gure lagunaren helburu finkoena lortu gabe jarraitzen dugulako: euskal hezkuntza sistema osoa, edukiak, azterketak, tituluak, antolamenduak, pedagogiak, guztia askatasunez eta Euskal Herritik antolatzeko boterea”.
Norabide horretan, Hezkuntza Proposamena ondu zuen Joxe Mari Auzmendik azken urteetan Hik Hasin, kalitatezko hezkuntza bermatzeko hamar gako proposatuz. Joxe Mari Auzmendiren omenaldian, sare eta lurralde ugaritako Hik Hasikideek hezkuntza eragileei eman zieten dokumentua, inplizituki konpromisoak eskatuz. Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Kristau Eskola, Sortzen, Ikastolen Elkartea, EHIGE eta EHIZE, guztiak oholtzan batzeko gaitasuna izan zuen Joxe Mariren oroitzapenak. Unea delako, Xabier Sarasua Hik Hasikideak esan zuen bezala: “Euskal Herriko hezkuntzak unea du aurrera begira jarri eta eraldaketa sakona egiteko. Nor bere lubakian gotortu beharrean, guztiontzako hezkuntza-
eredu hobe baten alde elkartzeko unea da”.
Joxe  Marik haria eta jostorratzak utzi zituen. Hik Hasik josten jarraituko du, eta nahi duena batu dadila matazara, hark utzitako hariz bai baita zer ehundu.

“Bere burua defendatzera behartuta dagoen haurra hobetzen saiatzen da bere burua indartzen eta aldatzen”
Jorge Oteitza