GAIA: KIROLA HEZITZAILE ‘ESKOLA KIROLA ERALDATZEN’, OINHERRIREN JARDUNALDIAK

2021-04-01

Eskola kirolaren paradigma aldaketa gauzatzen ari da ikastetxe, herri eta eskualde ugaritan, baina oraindik ere ugari dira eskola kirol gisa beharrean kirol eskola gisa funtzionatzen duten ereduak. Oinherri herri hezitzaileen sareak eskola kirola ikuspegi hezitzailetik sustatzeko 'Eskola kirola
eraldatzen' izeneko jardunaldiak antolatu zituen otsailaren 19an Zumaiako
AitaMari aretoan, eta bertan hainbat gako jarri zituzten mahai gainean
hizlariek: lehia erdigunetik kendu eta plazera eta ludikotasuna ekartzea;
eta kirol hegemonikoen eta espezializazioaren aurrean kirol aniztasuna
sustatzea, oro bat, haur eta gaztetxo guztientzat gozagarri izango den
eskola kirola bultzatzea proposatu zuten adituek eta arituek eta ez
errendimenduan oinarrituriko kirol eredua. 

 
 

Eskola kirola eskola kirola da, eta ez kirol eskola. Begi-bistakoa da, baina, hitz ordenak markatzen duen ñabardura biziki garrantzitsua da. Hainbat herri eta ikastetxetan eskola kirola balioen hezkuntzarako tresna gisa baliatzen ari dira azken urteetan, baina oraindik ere izan badira eskola kirola ez eta kirol eskola gisa funtzionatzen dutenak. Eskola kirola hitzak dioena izan dadin eta balioetan hezteko erreminta izan dadin, “ipar partekatu horretarako urratsak” egin zituzten otsailean Zumaian Oinherri herri hezitzaileen sareak antolatutako Eskola kirola eraldatzen jardunaldietan. Hainbat eskualdetan abian den paradigma aldaketan aurrera egiteko eta eskola kirol hezitzailea erdiesteko, gakoak mahai gainean ezarri zituen herri hezitzaileen sareak: “Oinherrin eskola kirolak balioen hezkuntzarako tresna izan beharko lukeela uste dugu: kirolaren bidez elkarbizitzako oinarrizko baloreak, euskara, berdintasuna, aniztasuna, parte-hartzea eta naturarekiko kontaktua lantzeko tresna; hezkuntza ez delako eskola edota familiaren ardura soilik”.

Oinherriko Amaia Etxabek ezarri zuen jardunaldiaren markoa, sarrerako hitzartzean: “Eskola kirola hezten duen gunea izanik, Oinherritik eskola kirolaren ekimenak ere balio hezitzaileetan oinarritzea nahi genuke”. Eskola kirolaren erdigunean haurra eta bere beharrak (emozional, afektibo eta kognitiboak) ezarri zituen eta kirolari profesionalen begietatik begiratu beharrean, jarduera fisikoa haurren begietatik begiratzea proposatu zuen, haurrek egiten duten bezala, plazera eta ludikotasuna erdigunean jartzea, errendimendua eta lehiaren ordez. “Egiteko moduetan haurra subjektu aktibo izan dadin erabiltzen ditugun moduetan arreta jarri behar dugu, eskola kirolaren ekimenean ere iritzi, eztabaida eta erabakidun pertsona bezala aintzat hartuz. Izan ere, aisia eta heziketa eredu guztiak ez dira berdinak, denak ez dira hezitzaileak ezta balekoak ere”, zehaztu zuen.

Herri hezitzaile bat lortzeko bidean, kirola tresna bikaina da Oinherrirentzat: “Egungo gizartean kirolak duen presentzia eta garrantzia eztabaidaezina baita”. Baina gizartean nagusi den kirol eredu horrek transmititzen dituen balioak hezitzaileak izan beharrean “kontrahezitzaileak” direla ohartarazi zuen Etxabek, eta eraldaketa edo paradigma aldaketaren beharra nabarmendu zuen: “Egunerokotasunean mezu andana iristen zaizkigu batez ere kirol jakin batzuen inguruan, hainbat kasutan, kontrabalioak edo balio negatiboak transmitituz. Kirol jardueretan izandako lehian, esaterako, irabazle izan direnak nabarmentzen dituzte bereziki komunikabideek, kirolean edozein preziotan irabazi beharra dagoenaren mezua zabaltzen delarik”. Ikuspegi hegemoniko horri hezkuntzatik begiratzea proposatu zuen, “kirola egungo gizartean dugun eremurik eragingarrienetakoa dela jakinik, jendarte eraldaketa hezitzailerako norabidean kokatzea proposatzen dugu”.

Paradigma aldaketarako gako garrantzitsu bat tokian tokiko beharrak aintzat hartzea dela azaldu zuen Etxabek: “Oinherriren ustetan, aisia edo heziketa-proiektuak hezitzailea izateko beharrezkoa du jarduera garatzen den errealitatearen beharrei erantzutea. Tokian tokikoa izatea, bertakoek eta bertarako diseinatua, ez eredu estandar baten hamaikagarren aplikazioa”. Ereduak partekatzeko, foro bat sortuko dute Oinherriren gerizpean, eskola kirolaren eraldaketa prozesuan dabiltzan hainbat herri eta ikastetxek, jardunaldiak edukiz mamitsuak izateaz gainera, saretzeko ere balio izan baitzuten. “Euskal Herrian eskola kiroleko proiektuak herri hezitzaileen norabidean kokatzeko gune izan nahi du. Eskola kirola hezitzailea izan dadin, kirola bere horretan helburu izatetik balioen hezkuntza lortzeko tresna izatera pasa beharko litzateke, eta honetarako ezinbestekoak dira eskola kirolaren antolakuntzan parte hartzen duten ikastetxe, hezitzaile, udal eta gurasoen arteko elkarlana eta komunikazioa”.

% 1ari begirako eredua atzean uzteko premia

Eskola kirolak denentzako izan behar du, haur eta gaztetxo guztientzako. Hori izan zen Zumaian gehien azpimarratu zen ideietako bat. Errendimendua ardatz duen eskola kirola atzean utzi eta ludikotasuna ardatz duen eskola kirolaren alde egin zuten hizlariek. Lehia ardatz duen jarduera fisikoaren sustapena erdigunean gizon zuri arrakastatsua ezarririk egin dela esan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol planifikazioko teknikari Unai Asurmendik eta eskola kirola hezigarria eta osasuntsua izateko, ekitatearen ikuspegitik % 1ari begira ez eta gizartearen % 100ari begirako eskola kirol politika egiteko beharra aldarrikatu zuen. “Zer gorputz falta zaizkigu eskola kirolean?” hausnarketa pausatu zuen. Haur eta gaztetxo guztientzako eskola kirola pentsatu eta proposatu behar dela aldarrikatu zuen teknikariak, eta bestelako gorputzei eta aukerei leku egiteko funtsezko jo zuen  kirol hegemonikoen eta espezializazioaren aurrean bestelako kirol ugariei leku egitea, eta zehaztu zuenez horretan datza eta lerro hori indartuko du aurrerantzean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren multi kirol programak.

% 100az hitz egitean desgaitasunak dituzten pertsonez ere hitz egin behar da, ezinbestean. Inklusioaz ekarpena egin zuen Gipuzkoako Kirol egokituko federazioko teknikari Amaia Elizondok. Federazioaren helburua desgaitasuna duten haur eta gazteei kirol aukera sustatzea da. Elizondok azaldu zuen eran, haur eta gazte guztiek dute kirolerako eskubidea: “Kirol egokitua ez da gurpildun aulkietan dauden pertsonentzako arrapala bat ezartzea. Beharrak zabalagoak dira. Desgaitasunak asko direlako, adimen urritasunari dagokionez, buru nahsmenduak dituztenak, autismoa dutenak, desgaitasun sentsorialak dituztenak… begirada zabaldu behar da”. Ohiko eskola kirolaren ereduan ez dute aterperik aurkitzen desgaitasunak dituzten haur eta gazteek eta euren familiek, eta federaziora jotzen dute pertsona horiek ere kirola egin dezaten irtenbideak bilatzeko. Baina federazioaren ustez, prozesuak bestelakoa beharko luke izan: “Familiak zuzenean federaziora etortzen dira, baina guk uste dugu eskolatik hasi beharko litzatekeela prozesua, eskolako kirol koordinatzailearen, heziketa fisikoko irakaslearen, PT pedagogia terapeutikoko irakaslearen, eta diziplina ezberdinen arteko koordinazio bat egon beharko litzateke. Hezkuntza komunitatearekin elkarlan bat bultzatu behar dugu”. Momentuz, kirol jarduerak desgaitasunak dituzten haurrentzako talde espezifikoetan eskaintzea izan da federazioaren estrategia. “Momentuz ez delako posible talde normalizatuetan aritzea. Beste aukera gehiago egon daitezke, baina gutxienez pertsona guztiek kirola egiteko aukera izan dazaten bermatu nahi dugu”.