Hezkuntza hitzarmena jomuga

2021-04-01

EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA SAILBURU JOKIN BILDARRATZEN
XEDEETAKO BAT ALDERDI POLITIKOEN ARTEKO HEZKUNTZA HITZARMENA BLINDATZEA DA. HEZKUNTZA
KOMUNITATEARENTZAT NOTIZI ONA DA.

 
 

Zenbaki honetako elkarrizketa nagusian Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak euskal hezkuntza sistemarentzat gakoak diren hainbat elementu aipatzen ditu, betiere bere esparrua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa direla kontuan hartuz, eta bere eskumena Iparraldera zein Nafarroara ez dela ailegatzen aintzat hartuz.
Legegintzaldi honetarako helburu batzuk finkatuta ditu, eta horietako bat hezkuntza hitzarmena erdiestea da, aurrena alderdi politikoekin eta gero hezkuntza komunitatearekin. Legearen aurretik egin beharreko lantzat hartua du, garbi duelako legearen aurretik akordio bat beharrezkoa dela. Aire berria eta ilusioa dakarren asmoa da. Alderdien arteko akordio zabal batek hezkuntza sistema blindatu beharko luke, babestu, egonkortasuna eman. Izan ere, Madrilera begiratuta, gobernura iristen den alderdi politiko bakoitzak bere legea egiten duela ikusi da azken urteetan, bakoitzak bere marka utzi nahiko balu bezala, eta horrek ez dio batere mesederik egiten hezkuntza sistemari, lege aldeketek beste hainbat aldaketa eragiten baitituzte ondoren: antolaketa mailakoak, curriculumaren arlokoak, formazioari dagozkionak, eskumenen banaketaren ingurukoak eta abar luze bat. Eta horrek, noski, egunero ikastetxeetara joaten diren irakasleengan eta ikasleengan eragin izugarria du.
Horrexegatik, pozgarria da hezkuntza hitzarmena egin nahi duela entzutea, adostasunak bilatu eta desadostasunak bigarren mailan utzi nahi dituela entzutea. Bide horretan errespetuz, apaltasunez eta eskuzabaltasunez jardun beharra aipatzen du, bakoitzaren egoera eta iritziak aintzat hartuz bidea elkarrekin egin dadin. Dagoeneko hainbat hezkuntza eragilek egindako proposamenak mahai gainean jarri eta josteko nahia adierazi ditu.
Kalitateko hezkuntza lortzeko, ikastetxeak ahalduntzea mugarri dela dio sailburuak. Horretarako, ikastetxeen autonomia defendatzen du, irakasleen etengabeko formazioa zutabetzat du eta irakasleen prestigio soziala handitzea du erronka. Garbi dago ez dela egun batetik bestera lortzeko moduko xedea, baina asmoaz gain baliabideak jartzen baldin badira, laguntza ematen baldin bada eta ilusioarekin batera kultura berri batekin elkarlanean aritzeko nahia zabaltzen baldin bada, aurrerapauso handia izan daiteke. Oztopoak eta desadostasunak izango dira, beti izan dira, baina bada horiek gainditzeko indarra emango digun motibazio handi bat: gure ikasleak. Merezi dute denon aldetik ahalegin hori egitea.