ZER NORABIDETAN JARDUN BEHAR DUGU GAZTE-NERABEEN ARTEAN EUSKARAREN ERABILERA IGOTZEKO?
PABLO SUBERBIOLA
Soziolinguistika Klusterreko
ikerlari-teknikaria
2020ko urriaren 28an egindako Euskal Soziolinguistika Jardunaldian Nerabe eta gazteen hizkuntza errealitatea izan zen gai nagusia. Jardunaldi horretako mahai-inguruan parte hartu genuen eta, Hik Hasik egindako galderari erantzunez, saiatuko gara han trukatutako ideia batzuk hemen papereratzen, edo sareratzen.
Soziolinguistika Klusterrean Arrue, Aldahitz edota D ereduko kirola bezalako proiektuetako ikerketa bidez lorturiko informazioa eta haren gainean eratzen diren hausnarketak daude ondorengo lerro hauen oinarrian.
Eskolaz kanpoko eremuetan jarri dugu hemen arreta nagusia. Horrek ez du esan nahi, noski, eskolan egiten den lana nerabe eta gazteen euskarazko erabilerari begira funtsezkoa ez denik; ez eta, eskola eremuan zer hobeturik ez dagoenik ere.
Egitura baten beharrean
2020ko irailean zabaldu zen Gazteak euskararen eszenatokian: erabileraren auzia ikerketa-lanaren txostenean1, ondorioen ataleko azken esaldian, horrela irakur daiteke:
Azkenik, eta beste ezeren gainetik, argi ikusi dugu (hizkuntz) gizarte egitura zabal eta sendo baten beharra, datozen belaunaldien erabilera mantendu eta handitu nahi badugu. Ezagupena ez da erabilera bilakatuko egitura hori gabe, eskolatik kanpo gazteen (euskararen) erabilera sostengatuko duen egitura hori gabe.
Oso bat dator baieztapen hori Arrue Ikerketan 2011z geroztik egin ditugun analisiek iradokitzen dituzten ideiekin. Bai, eskola da EAEko gizartean esparrurik euskaldunduena; eta bai, belaunaldi gazteenetan, ikasle gehien-gehienak dira —neurri batean— elebidun (edo eleaniztun) gaur egun. Baina eskolaren mugak ere agerikoak dira gizartea euskalduntzeko garaian, batez ere, erkidego autonomoaren kasuan bezala, transformazio hori modu desorekatuegi eta isolatuegian geratzen denean “eskolaren esku”.
Hala, hori da Hik Hasik egindako galderari emango geniokeen lehen erantzuna. “Zein norabidetan jardun?” Behar nagusietako bat da, gure ustez, eskolaren lana osatzea, euskararen erabilerarako aukera eta egiturei dagokionean.
Zentzu horretan, zilegi da geure buruari ondorengo galdera hau egitea: EAEko nerabe eta gazteek badute eskubiderik euskaraz eta gaztelaniaz hitz egitera iristeko? Bi hizkuntzetan hitz egiteko moduko ezagutza maila, erraztasun eta praktikarako aukerak izatera iristeko eskubiderik badute? Eta, gaur egun ez badute, beharko lukete etorkizunean?
Erantzuna ezezkoa bada, gaur eta hemen praktikan nerabe eta gazteek ez badute eskubide hori, orduan aitortu beharko dugu zenbait lege eta dekretuk diotena asmo mailan geratzen dela soilik, eta –oraingoz behintzat– ezingo dela bete. Aldiz, erantzuna baiezkoa bada, horrek eskatzen du gure ustez eskolaz kanpoko gizarte esparruetan urrats berriak ematea.
Kirola, klubak eta lidergo partekatua
“Eskolaz kanpoko” jardueren eta aisialdiaren esparruak —esan beharrik ez da— zabalak dira. Orokorregi aritzeko arriskua ekidin nahian, jarduera horien zati garrantzitsu bat hartzen duen kirolari erreparatuko diogu hemen. Eta —zehatzago— nerabe eta gazteekin aritzen diren kirol klubetara zuzenduko dugu begirada.
Koka gaitezen, beraz, nerabe eta gazteen taldeekin kirolean aritzen den klub batean. Ditugun erreferentzien arabera, pentsatzekoa da eskualde oso euskaldunetan izan ezik, kirol talde horietan gaztelaniaz aritzen direla gaur egun aipatu nerabe eta gazte gehienak2. Eta, nori dagokio jarduera horietan nerabe eta gazteek euskaraz aritzeko aukera erreal “gehiago eta gehiagotan” izan ditzaten aldaketak egitea? Sustapena, erabakiak, trebakuntza, probak… Nori?
Hik Hasik eginiko galderara itzuliz, hau da guk emango genukeen erantzuna: helduen belaunaldiari. Hau da, kirol jarduera horien antolatzaileei dagokie, oro har, euren taldeetan nerabe eta gazteak euskaraz aritu daitezen aukera egokiak, errealak… sortzea. Ez euskara modu puntualean edo testimonialki erabiltzeko aukerak, baizik egunerokoan euskaraz aritzekoa.
Bistan da, kirol taldean entrenatzailearekin eta jokalarien artean euskaraz aritzeko baldintza egokiak sortzea klub batzuentzat oso gauza erraza da, eta ahalegin berezirik gabe egiten dutena. Beste batzuentzat, aldiz, urruneko ametsa baino ez; ahalegin eta aldaketa oso handia beharko lukete horretara iristeko. Kasuistika zabala da. Baina, oro har, kirol talde horietan aukera handiak daude “eskolaren lana osatzeko”: hau da, euskaraz eskolatik kanpo aritzeko aukera (oso) mugatuak dituzten nerabe eta gazteei euren gustuko jarduera garrantzitsu batean euskaraz (ere) aritzeko aukera emateko.
Halako aldaketa bat progresiboki gertatzen bada kirol kluben esparruan, nerabe eta gazte horiek gertuago egongo dira —termino errealetan–— “euskaraz eta gaztelaniaz” hitz egiteko aukera izatetik. Praktikan, eskubidea hori izatetik.
D ereduko Kirola proiektuan gai honetan izandako esperientzia mugatuaren arabera, bestalde, badira hainbat klub, inork proposatuz gero, halako aldaketak egiteko dinamikan gogo onez inplikatuko liratekeenak3. Horietako asko, ordea, ez dira inoiz pentsatzen jarri euren jardueraren baitan aukera oso onak daudela jokalari gazte horiek, pertsona eta kirolari gisa hazten laguntzeaz bat, hiztun modura ere (euskal hiztun modura, kasu honetan), garatzen laguntzeko. Era berean, klub horietako gehienetan, seguruenik ez dute uste prozesu sozial horretan ekarpena egitea euren erantzukizuna ere badenik. Baina… ez al da?
Kirol klubetan halako aldaketak ugaritzen badira datozen urteetan, komeni da dinamika orokor bat osatzea, eskualde eta herri askotako klubetara zabalduko dena. Aurrerapauso polita litzateke hori hasieran aipatutako “egitura” horren osaketan. Eta dinamika orokor horretan, seguruenik, lagungarria da lidergo partekatu bat eratzea, kirol arloko aktore ezberdinak inplikatuko dituena.
Hizkuntza ohituren aldaketa eta agentzia
Aldahitz Ikerketa proiektuan azken urteetan garatu dugun ikerketaren ondorioetako bat honela laburtuko genuke: “posible da hizkuntza ohiturak aldatzea” (gaztelaniatik edo frantsesetik euskarara)4. Ondorio horrek urratu egiten du, nolabait, urtetan bertsio ezberdinetan gehienok entzun dugun “mantra” soziolinguistiko bat: alegia, “behin harreman batean hizkuntza ohitura bat finkatu denean, hori betirako da”.
Ohitura aldatzea eta euskarazko ohitura berria finkatzea posible da, eta ohitura berrian erosotasuna lortzea ere bai. Baina horrek ez du esan nahi edozein harremanetako hizkuntza ohitura edozein modutan alda daitekeenik. Aldaketa prozesu bakoitzak, arrakastaz garatuko bada, kasuaren araberako ezaugarri, baliabide eta energiak eskatzen ditu.
Zentzu horretan, nerabe eta gazteen euskarazko erabilera nola igo aztergai dugunean, eta haien hizkuntza ohiturak aldatzen lagunduko duen ekimenen bat irudikatu nahi dugunean, agentzia-rena da, gure ustez, funtsezko kontuetako bat. Nerabe eta gazteengana proposamen edo ekimenen bat heltzen bada (adibidez, euren kirol taldean), noren eskutik eta nola dator?
Gai zabala eta konplexua da hau, baina, gure orain arteko ikerketatik eta esperientziatik, ondorengo hiru kontuak aipatuko genituzke:
Batetik, eskolaz kanpoko eremuan ari garenean, garrantzitsua da “eskolaren eredua” ez errepikatzen saiatzea. Besteak beste, eskolak baditu ofizialtasun eta diziplina ezaugarri jakin batzuk, ez direnak errepikatzen beste esparruetan. Eta, hizkuntza ohituretan aldaketa bat proposatu nahi badugu, komeni da kasuan kasuko esparruko logikara egokitzea.
Bestetik, nerabe eta gazteekin egiten den kirolaren kasuan, halako aldaketei begira, entrenatzailea da katebegi gakoetako bat. Haren eta nerabe-gazteen arteko hizkuntza harremanetan aldaketaren bat proposatu nahi izanez gero, garrantzitsua da taldea egotea erdigunean, eta jokalari gazteek protagonismoa izatea dena delako prozesuan.
Azkenik, gako interesgarria da gure ustez zentzugintza-rena ere5. Labur esateko, hizkuntza ohitura berri batek, aurrera egingo badu, zentzua behar du taldeko kideentzat. Eta zentzu hori eraikitzea izango da prozesu horren puntu gakoetako bat.
ETB1/ETB2 gizartea
Gorago aipaturiko Gazteak euskararen eszenatokian ikerketaren txostenean bada nabarmendu nahi genukeen beste ideia bat. Horrela dio6:
Azkar somatzen dituzte ingurukoen “aurpegi arraro” zein “harridurako keinuak”. Euskara tartean dela, batzuen deserosotasuna arin antzematen dute. Eta hizkuntz aldaketa segituan dator. Euskaratik gaztelerara. Di-da batean, automatikoki. Horrela, egun guztia konektatzen eta deskonektatzen pasatzen dute; batetik bestera igaroz. Ariketa hau oso barneratuta dute eta “naturaltasun” osoz egiten dute. Egoera segituan irakurtzen dute eta gatazkak edo talkak ekiditeko estrategiak aplikatzen dituzte.
Kasu honetan ez gara ari euskararengandik urrunen dauden edo euskara mugatuen duten nerabe-gazteei buruz, euskaraz egiteko erraztasuna, ingurunea, eta harremanak maila batetik gora dituztenei buruz baizik.
Esaten dute gazteen jokaerek maiz ispilu bat jartzen digutela helduoi, gure gizarteko balio eta arauen inguruan. Hala, gazteen praktiketan gaur egun gertatzen den konektatu/deskonektatu hori uler genezake haiek —euren hizkuntza sozializazioan zehar— gizarte honetan euskararen inguruan jaso duten errealitateari ematen dioten erantzun modura.
Esan genezake “bai baina ez” errealitate sozial bat ezagutu dutela euskararekiko: teorian euskararen aldekoa den gizarte bat, baina gero praktikan, euskaldunen artean ere, gauza garrantzitsu askotan gaztelaniara jotzen duena. Edo “ETB1/ETB2 gizarte bat”, nolabait esateko: teorian euskara asko maite duena, baina gero gaztelaniazko bertsioetan baliabide eta indar gehiago jartzen duena.
Gazteen erabileraren konektatu/deskonektatu irudia metafora adierazgarria izan daiteke gaur egun EAEko gizartean euskarak duen balio sozialaz. Eta zentzu horretan, espero izatekoa da nerabe eta gazte horiek (gorago esan bezala, horretarako erraztasuna eta aukerak dituztenek) euskara erabiliko dutela haientzat (sozialki) komenigarria eta baliagarria den testuinguruetan. Ez egoera guztietan, baizik eta haientzat “errentagarri” den haietan soilik (koste komunikatibo eta sozialaren ikuspegitik).
Elementu hau ere lotu genezake Hik Hasik eginiko galderarekin. “Zein norabidetan?” Euskaraz zein gaztelaniaz ongi moldatzen diren gazteen kasuan, haien euskarazko erabilera handiagoa izatea nahi bada, ugaritu beharko dira gizartean esparruak, egoerak, erakundeak… non euskaraz aritzea, ez bakarrik onartua den, baizik ongi ikusia edo baloratua dagoen.