Ipuin motorrak, aniztasuna eta inklusioa lantzeko, NAROA FERNANDEZ Lehen Hezkuntzako irakaslea
Eskola inklusiboaren alde lan egiteko, erreminta eta tresna ugari erabili daitezke, eta artikulu honetan baliabide horietako bat aletzen da: ipuin edo kontakizun motorrak. Ipuin abestuaren eta antzeztuaren arteko kontakizunak dira, ipuin jolastuak, alegia, eta baliabide oso egokiak dira ikaslearen garapen osoa bermatzeko eta haurren heziketa integralerako.
Pujolàsen (2009) esanetan, aniztasuna beharrezkoa da ikasleak hezteko eta elkarrekin harremanetan egoteko. Horrela, ikasleek elkarrengandik ikasteko aukera izango dute, trukatzen den askotariko informazioari esker —iritziak, pentsamenduak, jakintzak...—. Hori lortzeko, eskola inklusiboaren alde egitea funtsezko ardatza dela iruditzen zaigu. Ikasleek ikaskide guztiak ezaugarri guztiekin onartu eta balioetsi ditzaten, inolako bazterketarik egin gabe. Guztiak partaide direlarik, eta aukera berdinak eskainiz. Guztien beharrei erantzuten saiatuz, inor baztertu eta diskriminatu gabe.
Tierrak (2001) dioenaren ildotik, gure saioetan ikasle guztien parte-
hartzea bultzatzen saiatu behar dugu, aniztasunari erantzungo badiogu. Ikasleak haien ezaugarriak kontuan izanik hezten saiatu behar dugu. Une bakoitzaren arabera egokienak iruditzen zaizkigun estrategiez baliatuz eta bakoitzaren behar eta gaitasunei erreparatuz, horrela, saioetan partaide senti daitezen, gainerakoekin batera.
Muntanerrek (2000) esaten duenez, aniztasunari erantzuteko beharrezkoa da guztiontzako eskola inklusiboaren garrantzia azpimarratzea. Horretarako, hark dioenaren ildotik, bereizketak egiten dituzten eskolak alde batera utzi behar dira, eta irakasleek guztien beharrei eremu berean erantzun, nahiz eta toki askotan oraindik nahiko utopikoa den. Utopikoa izatearen arrazoietako bat da ikastetxe askotan ikasle bakoitzaren ezaugarriei behar bezala erantzuteko gaitasunik ez dagoela. Saioetan aniztasunari erantzuteko egiten dituzten egokitzapen urrien ondorio da hori.
Ondo dakigunez, kalitatezko hezkuntza bermatzeko, berebiziko garrantzia du ikasgelan lantzen den metodologia egokia izateak. Tonuccik (2010) dioenaren ildotik, ikaslearen gaitasunetan oinarritzeak baldintzatuko du metodologiaren arrakasta. Ipuin edo kontakizun motorrak inklusioaren adierazgarri nagusiak direla ikusteko aukera izango dugu hurrengo lerroetan.
Bizkarraren (2008) esanetan, ipuin motorrak jolasaren bidez garatzen diren ipuin kontatuak dira, pentsamenduaren eraikitzaile bihurtzen direnak. Horrez gain, ikaslea kontatzen ari den ipuinaren bitartekari, protagonista nagusi eta antzezle bihurtzen da. Ikasleak beraien garapenaren protagonistak bilakatzen dira horrela. Haurrak ikaste-prozesuan protagonista bilakatzeak motibazioan positiboki eragiten baitu.
Gainera, Bizkarrak dio ipuinaren sinbologia erabilita hainbat interpretazio bultzatzen direla. Hori guztia ipuinetik ateratzen den irudi sortzaileari esker gertatu ohi da. Kontakizun motorra ipuin abestuaren eta ipuin antzeztuaren artekotzat har daiteke, jolasaren bidez kontatutako ipuintzat (ipuinen bitartez jolastu), alegia. Ipuin motorren esentzia mugimenduan datza eta haurraren heziketa integralerako erabiltzen da.
Perez, Martinez eta Fernandez (2010) egileek diotenaren ildotik, ipuin motorren helburu nagusia da haurra protagonista bilakatzea, kontakizunaren jabe izatea. Horri esker, haurraren jokabide kognitiboa, afektiboa, soziala eta motorra garatuko dira, kontuan hartuz haur guztien garapena lortu nahi dela, aniztasunari erreparatuz eta inklusiorantz bidea eginez. Beraz, ipuin motorren metodologiak ikaslearen garapen integrala bermatzen du, eta, horrela, helburu nagusia bermatzen du.
Hala ere, Bettelheimen (1995) esanetan, kontakizun motorrak baliabide pedagogiko egokiak izateko, beharrezkoa da ikaslearen arreta mantentzea, jakingura piztea, dibertitzea. Bestalde, mugimendura bideratu beharko dugu haurra, esperientzia partikularra bizi dezan eta arreta ekintza motorretan jar dezan. Fröbelek (1929) dio ekintzetatik eta bizipenetatik ikasten dugula. Beraz, ipuin horien bitartez, haurrak aukera izango du bizipenetatik ikasteko. Gainera, Serrabonak (2006) hauxe dio: “Zenbait haurren kasuan, bide bakarra da ipuinek izan dezaten guk nahi dugun eragin positiboa”.
Metodologia horrek izaera kooperatiboa du, eta norberaren kontzeptu positiboan eragin dezake, gizarte-abilezien garapenean, lagunen onarpenean eta baita berdinen arteko komunikazioan ere. Ruizek (2008, Velazquez 2004tik jasoa) dio adin txikieneko ikasleek egoera kooperatiboetan parte-hartzeak balio dezakeela une ebolutibo horretan dagoen berezko egozentrismoa gainditzeko.
Izan ere, metodologia horretan oinarritutako saioak produktiboak izateko, Martinezek (2007) dio hainbat irizpide metodologiko kontuan hartu behar direla. Esate baterako, irakasleak ipuina ezagutu behar du, aurretik landuta izan behar du, eta modu sinplean eta ulergarrian kontatu behar du. Horrek istorioan guztiz sartzen lagunduko dio irakasleari, istorioa sentitzen eta bizitzen.
Azaldutako irizpide metodologikoekin loturik, Ruizek (2008) kontuan hartu beharreko beste alderdi bat ere gehitzen du: materialen antolaketa egokia, bai eta espazio aproposen aukeraketa ere. Ruizek azpimarratzen du ipuin motorrak aproposak direla diziplinartekotasuna bermatzeko, globalizazio pertsonaletik hezteko, sormenaren garapena estimulatzeko, ikaslearen motrizitatea garatzeko, askotariko jokoak zein ariketak integratzeko eta baita hain garrantzitsua den jarrera kooperatiboa sustatzeko ere.
Azaldu bezala, diziplinartekotasuna bermatzen duela kontuan izanik eta, betiere, ikaslea ardatz izanik, inklusiorako bidea zabaltzen duen metodologia dela esan dezakegu. Beraz, kontakizun motorrek garrantzi handia izango dute metodologia inklusibo horren garapenean zein lorpenean.
Ipuin motorrak aniztasunari erantzuteko metodologia aproposa direla diote Vargasek eta Carrascok (2006). Izan ere, metodologia horrek aukera ematen die haurrei aurretik pentsatuta ez zegoen zerbaiten inguruan hitz egiteko. Bakoitzaren ikuspuntua errespetatuz eta bakoitzak esan nahi duena esanez, denen hitzak esanguratsu bihurtzen dira. Hala ere, irakasleak beti izan behar du kontrolpean egoera, eta erabilera pedagogiko baterantz bideratu behar du.
Hasieran azaldu bezala, ipuin edo kontakizun motorrak jolasaren bidez kontatutako ipuinak dira, eta pentsamenduaren eraikitzaile bihurtzen dira. Haurraren ikaste-prozesua ahalik eta integralena izan dadin, Vargasek eta Carrascok (2006) aipatzen dituzten hainbat alderdi hartzen dira kontuan, hala nola tratamendu intelektuala, afektiboa, soziala, morala eta fisikoa. Gainera, alderdi horien eraginkortasuna helburu edota gaitasun hauetan zentratzen da:
Nork bere gorputza ezagutzea eta dituen ekintza-aukerak ikustea.
Elkarren artean harremanak ezartzea, adierazteko eta komunikatzeko hainbat moduren bitartez.
Norbanakoaren testuinguru naturala, familiarra zein soziala behatzea eta esploratzea.
Autonomia garatzen joatea.
Ipuinean, mugimendu eta gaitasun horiek garatzea da protagonismo handien hartzen duen alderdia, eta jolasaren bitartez lor daitezke. Conde de Cavedak (1994) hauxe jasotzen du: “Ipuin motorrek esku-hartze pedagogiko eraginkorra errazten dute; istorio kontatuak eta parte-hartzaileak direnez, dibertigarriak izateaz gain, baliabide egokiena dira hezkuntza-zeregina betetzeko.” Izan ere, zenbait estrategia zuzentzailek eragin negatiboa izan dezakete haurraren interesean. Hau da, haurrari interesatzen ez zaiona alde batera uztea ekar dezake horrek.
Ipuin motorrak zuzenean eragingo du hizkuntzaren alorrean, eta ikaskuntzaren funtsezko helburua da hori. Jakin badakigu haur-literaturak duen garrantzia haur baten lehenengo urteetan. Izan ere, ipuinak tresna baliagarriak dira haurraren irudimena indartzeko. Umeek hainbat interpretazio egin ditzakete ipuinaren aurrean, eta protagonista bilakatzen dira. Gainera, ipuinek ezagutzen, sinesmenen, ohituren… transmisioa egiteko balio dute.
Hurrengo lerroetan, ipuin motorren ezaugarriak zein diren irakurtzeko aukera izango dugu. Metodologia horrek hainbat ezaugarri ditu, eta kontuan hartu beharrekoak dira.
Ipuin edo kontakizun motorren ezaugarriak
Ipuin motorrei buruz zertxobait ikusi eta gero, Vargasen eta Carrascoren (2006) esanetan, metodologia horrek ezaugarri batzuk hartu beharko ditu kontuan. Hurrengo hauek, hain zuzen:
Ipuin motorrak talde txikitan egitea komeni da.
Irakasleak aurretik ipuina irakurrita ekarri behar du, oztopo gehiegi ez izateko.
Irakasleak behar duen materiala prestatuta eduki behar du.
Irakaslea praktikan integratuta egotea komeni da, hau da, beste parte-hartzaile bat izango balitz moduan, ikaslearen eta irakaslearen artean lotura positiboa lortzeko.
Espazioa prestatuta eta pentsatuta egon behar da.
Ez du luzeegi iraun behar.
Geldiuneak egitea komeni da, azalpenak emateko.
Egitura bat izan behar du ipuinak: hasierako fasea, garapena eta bukaerakoa.
Saioan zehar, berebiziko garrantzia dauka ikasleen iritzi guztiak kontuan hartzeak.
Ipuinaren bukaeran, hausnartzeko faseak garrantzia du.
Behin ezaugarriak aipatuta, ezinbestekoa da ipuin motorren metodologiaren helburuak zehaztea. Vargasen eta Carrascoren (2006) esanetan, beharrezkoa da metodologia horren helburuak jakitea:
Haurra protagonista bilakatzea, kontakizunaren jabea, haren jokabide kognitiboa, afektiboa, soziala eta motorra garatzeko.
Pertzepziozko hainbat gaitasun garatzea (gorputzaren kontzientzia: oreka, arnasketa, erritmoa, erlaxazioa, koordinazioa…), oinarrizko gaitasunak (jauziak, jaurtiketak…) eta baita orokorrak ere (kolpeak…).
Gaitasun fisikoak garatzea (indarra, abiadura, malgutasuna eta erresistentzia).
Gaitasun kognitiboak garatzea (oroimena, pentsamendua, arreta, hizkuntza, arrazoiketa, arazoen ebazpena…).
Sortze-gaitasuna lantzea, esaten ari zaiona irudikatzeko.
Lehenengo urteetatik ekintza fisikoaren garrantziaz ohartaraztea, ohitura osasungarriak ezartzeko.
Hainbat eremu diziplinartekoak izatea; modu berean, Gorputz Hezkuntzaren edukiak beste ikasgaiekin elkartzea, hezkuntza globala izateko.
Conde Cavedaren (1994) esanetan, ipuin motorren bitartez ez da ikasleen motrizitatea soilik garatzen. Teknika horrek ikasleen garapen integralean bilakaera bermatzen laguntzen du. Ikaslearen ikaste-prozesu esanguratsua bermatzen laguntzen du, alor anitzetan fokua jarriz.
Erreferentzia bibliografikoak
- BETTELHEIM, B. (1995). Psicoanálisis de los cuentos de hadas. Bartzelona. Ed. Crítica.
- BIZKARRA, M. T. (2008). “Gorputz Adierazpena Lehen Hezkuntzan”. Euskal Herriko Unibertsitatea.
- CONDE CAVEVDA, J. L. (1994). Los cuentos motores. (I eta II. lib.). Bartzelona. Paidotribo.
- ESTEVE, O (2010). “Hausnartzen duten irakasleak prestatzen. Zazpi galdera Olga Esteveri”. HIK HASI, 20, 21-22.
- FRÖBEL, F. (1929). La educación del hombre. Itzulpena: J. Abelardo Núñez, New York, London. Appleton y Compañía.
- LATORRE, A, (2003). La investigación-acción. Conocer y cambiar la práctica educativa. Bartzelona. Grao, 3. or.
- MUNTANER, J. (2000). “La igualdad de oportunidades en la escuela de la diversidad”. Revista de currículum y formación del profesorado, 1-19.
- PEREZ, M., MARTINEZ, M. A., FERNANDEZ, C. (2010). “El barco intercultural. Cuento psicomotor”. Revista digital EF deportes, 144. http://www.efdeportes.com/efd149/el-barcointercultural-cuento-psicomotor.htm (Kontsulta: 2015/05/29).
- PUJOLAS, P (2009). “Aprendizaje cooperativo y educación inclusiva: una forma práctica de aprender juntos alumnos diferentes”. Universidad de Vic, 1-59.
- RUIZ OMEÑACA, J. V. (2008). “El cuento motor cooperativo como alternativa para la Educación Física”. Actas del VI Congreso Internacional de Actividades Físicas Cooperativas. (CD-R). La Peonza: Valladolid.
- SERRABONA, J. (2006). “De la palabra a la acción. El cuento vivenciado motrizmente”. Revista Iberoamericana de Psicomotricidad y Técnicas corporales, 6, 173-182.
- TIERRA, J. (2001). “Educación física y alumnos con necesidades educativas especiales”. Revista de educación, 3, 137-147.
- TONUCCI, F. (2013). Haurren hiria. Txatxilipurdi.
- VARGAS, R. eta CARRASCO, L.(2006). Pensamiento Educativo. 38. lib., 108-124. or.. “El cuento motor y su incidencia en la educación por el movimiento”.