BIDELAGUN BAT IZARAPEAN

2022-05-09
 
 

Gaua magiaz beteriko unea ei da. Diotenez, hortxe loratzen omen dira egun argitan egitera ausartzen ez garen horiek denak. Baina gauak badu ilunetik ere. Beldurrak aireratu, kezkak puztu eta bakardadea parez pare ageri ohi da. Errazagoa du ilunak gure emozioetan eragitea. Une hauetantxe bidelagun egokiak topatzea da gakoa. Horietako bat izan da niretzat Hik Hasi.
Irakasle eskolan hasi aurretik ezagutu nuen. Eta ohe ondoan izan dut gau argi eta baita ilunetan ere, izarapeko kide. Halako gau ilun batean sortu omen zela kontatzen da. 1993. urtea zen EAEko Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoaren Legea atera zuenean. 10 urte nituen nik orduan. Lege haren ondorioz, bide aberasgarri bati uko egin behar izan zion hezkuntza komunitateak eta Euskal Hezkuntza sistema bat helburu, osagarri izan zitezkeen hainbat bideren arteko konfrontazio artifiziala sortu zen. Bizitzako beste bidelagun handi batek esan izan dit, euskaldunon arazoetako bat, bizi izan ditugun gerrak beste batzuen begietatik sortuak izan direla askotan. Gehiegitan. Euskal Herria proiektu gisa helburu ez duten horiengandik. Honen adibide dira Karlistadak, Lehen Mundu Gerra, 36ko Gerra edota Bigarren Mundu Gerra. Historia errepikatu egiten da. 1993. urtea horren lekuko.
Giro mingarri hartan, iluna gailendu zitzaion argiari. Eta hantxe zuk izpi bat ikusi, Joxe Mari. Baita bete-betean asmatu ere. Gure herrian, argia ikusteko, ilunetan egosi izan direlako hainbat amets. Gauak pizten dituen beldurrei aurre egin eta beren loa eskaintzeko prest egon diren horiei guztiei esker. Horrek egin ditu gurean gau asko eder.
Lanean hasterako, eginak nituen hainbat ikastaro eta formazio Hik Hasiren eskutik. Aldizkariaz gain, proiektua hazten zihoan, gutako askorekin batera. Horren adibide dira Hik Hasik bultzaturiko edota haien parte izandako, egitasmo ezberdinak, gure herriaren bilakaera soziopolitikoaren adierazle izan direnak: Hezkuntzaren Gizarte GUNEA, Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa edota Hezkuntza Proposamena, edota Oinherri edo Bizipoza egitasmoak.
Haurdun geratzekotan nintzela jaio zen Hazi Hezi. Horretan ere aurreratu zineten, ekipo. Eta eskua garaiz luzatu. Unea heltzerako, izara artean irentsita bainituen ateratako ale guztiak. Iritsi zen lehen haurra. Bigarrena gero. Eta hirugarrena. Eta berriz ere gaua. Gogoa, ilusioak eta ametsak. Negarrak, beldurrak eta ezinegonak. Eta hantxe ondoan, zuek denak.
Izarapeko ohekide, maitale eta bidelagun. Hori guztia edo hori baino ez, 25 urtetan: heziketa, euskara, herrigintza. Konpromisoa, eraldaketa, komunitatea. Zaintza, bizipenak, hutsuneak. Ametsak, harremanak, askatasuna. Natura, gorputza, elkartasuna. Sormena, bizitza, konfiantza. Konexioa, sentimenduak, elkarlana. Kolektiboa, feminismoa, gozamena, Euskal Herria.
25 urte, lehen gau konspiratzaile haietatik. Lorik hartu ezinean, norbaitek ametsak egia bihurtzea erabaki zuenetik. Izan daitezela beste hainbeste, Joxe Mari. Eta zuoi guztioi, zorionak ekipo!