SEGREGAZIOAREN GAIA LANTZEKO PROPOSAMEN BAT EGIN DU LAB-EK. ZER PROPOSATZEN DU?
LABen proposamen zehatza azaldu aurretik, sindikatuan segregazioaren inguruan egiten dugun irakurketa azaldu beharko genuke. Bide batez, segregazioaz hitz egitea baino, segregazioEz hitz egitea dugu nahiago.
Segregazioetatik inklusiora egin nahi —eta behar— dugun bide hau hiru helbururi erantzuten dion gure baitako prozesu baten parte da; jatorri, arraza eta egoera soziekonomikoaren araberako segregazioari erantzun asmoz abiatu duguna. Lehen helburua gure buruak formatzea da; izan ere, LABentzat garrantzitsua da prozesua bera gure buruetatik hastea, non gauden —Euskal Herrian—, non bizi garen —Ezkerraldea ez da Baztan—, nor garen eta zein praktika ditugun hausnartuz. Bigarrena, hausnarketa horretatik abiatuta, irtenbide eta alternatiba ezberdinak mahai gainean jarri eta praktikara eramatea. Eta hirugarrena, eragileen arteko elkarrizketa eta elkarlanaren bitartez, presioa handiagotu eta bereizkeriak iraunarazten dituzten gobernuak mugiaraztea.
Segregazioa bizi garen sistema heteropatriarkal-kapitalista-kolonial honen ondorioa da, jendartearen antolamenduan, hirigintzan, auzoetan, gizarte zerbitzuetan, lan merkatuan, eskoletan eta hezkuntzan, oro har, ondorio larriak dituena. Hortaz, segregazioa sistemikoa da, estrukturala, arrazista eta klasista. Hezkuntzaren antolaketan bere isla du, hau erabaki politikoen ondoriozkoa baita. Beraz, sistema irauli gabe, nekez gaindituko ditugu jendartean ditugun segregazio egoerak. Hezkuntzak bere horretan edo hezkuntzatik ez ditugu patriarkatua, kapitalismoa eta kolonialismoa gaindituko, baina hezkuntzak lagundu dezake eta hezi ditzake praktika horietan arituko garenak. Hezkuntzatik pausoak eta alternatibak exijitu eta ematea dagokigu.
Elkarlotuta dauden segregazio mota ugari gertatzen dira gure herriko eskoletan: generoaren araberako segregazioa, erlijioagatik, landagune-
hirigune, hizkuntzaren araberakoa, aniztasun funtzionala dela eta..., eta azken urteotan Hego Euskal Herriko eskualde askotan larriagotzen ari den jatorri, arraza zein egoera ekonomikoaren araberako segregazioa: etorkinen seme-alabak eta errenta baxuko familietako ikasleak ikastetxe publiko eta kontzertatu jakin batzuetan metatzen dituzte nagusiki.
Segregazio horiek elkarren artean gurutzatzen dira, hala, jatorri arraza eta klasearen araberako segregazioa maiz erlijio- edota hizkuntza-segregazioarekin ageri da. Horregatik, feminismoak jaso du nola aurre egin behar diegun begirada intersekzionaletik, zapalkuntza anizkoitzen sistema baten kokatu eta zapalkuntzen mailakatzerik egin gabe.
Badaukagu nondik hasi, begirada dekolonial, antiarrazista, feminista eta ezkertiar bat eraikitzetik. Horrek, halabeharrez, gure buruen azterketa egitera eraman behar gaitu, gure pentsaera arrazistaz jabetu, ditugun pribilegioen kontzientzia eta ardura hartu, kritiko izan eta praktika eraldatzaileak lantzera.
Hezkuntzak aukera berdintasunaren oinarriari ekarpena egin behar dio, haurrak jaiotzen diren momentu beretik, baldintza soziokultural eta
—ondorioz— pedagogiko kaskarrenak dituzten horiengan arreta jarriz beti.
Egun, hezkuntza orokorrean, eta eskola publikoa era partikularrean, azpi-finantzatuta daude, eta hezkuntza pribatizatzeko estrategia indartu dute kapitalismoaren zerbitzura dauden estatuek —interes ekonomikoei men eginez— eta hauen baitako administrazio autonomikoek, bereziki 2008ko krisiaz geroztik azeleratu dena. Horrek, Eskola Publikoa sistemaren ardatz eta lehentasun bilakatu beharrean, kontrakoa eragin du, zokoratu egin du.
Egoera honi aurre egiteko tresna guztiak ez daude gure esku, zoritxarrez, gure hezkuntzaren gainean erabaki nagusiak Madrilek eta Parisek hartzen dituztelako. Beraz, segregazioak gaindituko dituen hezkuntza inklusibo, publiko, doako, laiko, feminista, euskaldun, integral eta herritarra lortzeko, beharrezkoa da gure hezkuntza sistema propioa eta burujabea eraikitzea. Norabide horretan, hezkuntza eskumen guztiak jasoko dituen Hezkuntza Legeak exijituko dizkiegu Euskal Elkargoari, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Jaurlaritzari, segregazioak gainditzeko neurri konkretuak har ditzaten exijitzearekin batera.
Migrazioaren fenomenoa areagotzen ari den honetan, herri estrategia beharrezkoa da, gizarte kohesioan, aukera berdintasunean, euskara eta euskal kulturaren transmisioan atzera urratsik egin ez dadin. Herri gisa ditugun tresna politiko zein pedagogiko guztiak erabilita, egoera larri honi aurre egin behar diogu. Instituzioek ez dituzte orain arte behar diren neurriak hartu.
Badira neurri errealak
LABek egun martxan jarri daitezkeen neurri batzuk proposatu ditu:
• Harrera protokoloak ezartzea: batetik, instituziotan ahalik eta maila deszentralizatuenean ezarriko direnak; udaletatik. Eta bestetik, eskola bakoitzak izango dituenak. Haur eta ikasle migratuei zuzenduriko harrera protokoloak dira, berariazko baliabideak izango dituenak eta era koordinatuan gauzatuko direnak.
Haurrak zein ikasleak eta horien gurasoak hezkuntza komunitatearen eta eskolako hezkuntza egitasmoaren parte hartzaile bilakatuko dituen prozesua behar du izan. Inklusioa, erabaki horietan parte hartzetik etorriko da.
• Eskolako harrera protokoloak, Harrera Plana izan behar du, bakoitzaren hizkuntza-kulturari begirunez, egoera ekonomiko-sozial-akademiko berezian arreta jarriz, premia eta urgentziei erantzunez, haur eta ikasleak euskara eta euskal kulturara erakarriko dituena. Euskara ikas dezaten prozesu eraginkorra izan behar da eta hezkuntza sistema zein komunitate berrian arrakastaz murgildu daitezen tresnak eskaini behar dizkie. Harrera Planak berariazko baliabideak izan behar ditu.
• Euskal Herria Harrera Herria izatea nahi badugu, izan dadila euskara harrera hizkuntza eta murgiltze eredua horretarako bidea eta apustua. Horretarako, familia migratuei euskara ikasteko doakotasuna eta erraztasuna bermatu behar zaie. Euskal Herriko administrazioei euskaraz alfabetatzeko doakotasuna bermatu behar dutela exijitu behar diegu.
Zabaldu dezagun “Euskara Harrera Hizkuntza” izateko borroka, Euskal Herriko errealitate linguistiko ezberdinei erantzunez, tokian toki. Hizkuntza ez dadila segregazioa justifikatzeko arrazoia izan: Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua lortzeko borroka historikoari bultzada emanez eta EAEn legez eta berehala ezarriz, A eta B ereduak kenduz.
• Baliabide espezifikoak —pertsonalak, materialak, formazioa— eta ratioak txikitzea eskolako aniztasunaren arabera (maila sozioekonomikoa, jatorri aniztasuna, hizkuntzarena, funtzionala, generokoa...). Aniztasun handiagoa duten ikastetxeetan, errealitate anitz eta konplexuago horri erantzuteko baliabide gehiago eta ratio txikiagoak ezartzea.
Bide batez, konplexutasun handiagoa duten eskolak denboran ez iraunaraztea per saecula saeculorum (Hamaika Eskuko eskolak kasu). Egoera berezitu horri aurre egiteko neurriak hartu behar dira, era integralean, eskola mapa egokiekin, ez ikastetxe horien egoera denboran luzatuz.
• Inklusioa lortzeko hezkuntza ez-
formalak duen garrantziaz jakitun, eskolaz kanpoko ekintzak, aisialdia eta kirola haur eta ikasle guztiei bermatzea. Edozein delarik bere jatorria, klase soziala edo gorputza.
• KM0 ikastetxeak edo auzo eskola publiko komunitarioak: eskola guztiak, ikastetxe guztiak, izan sare batekoak edo bestekoak, auzoan eta herrian erroturik egon behar dira. Bertako haur eta ikasleak jasoko ditu eta gizarte kohesioari erantzun behar diote. KM0 edo auzo eskola, gertukoa eta komunitatearen zein herri horretako errealitatearen ispilu. Segraziotik inklusiora jardunaldietan Pascual Borjak esan zituen hitzak hona ekarriz: “Arazoa ez da eskola horretan zein haur eta ikasle dagoen, baizik eta zein ez dauden”.
GU berri bat sortu behar dugu, besteak beste, klasea eta arraza kontuan hartzen dituena. Gu eta haiek izatetik, gu anitzago bat osatzera. Komunitarioa izango dena, hezkuntza komunitatearen parte hartzetik eraikia, auzo eta herriaren parte dena. Herriko eragileekin eta udalarekin harremanean dagoena. Haur eta ikasle migratuen gurasoak subjektu aktibo izateko tresnak jarriko dituena: horiek eskolako organoetan parte hartzeko bermeak, guraso eskolak, euskaraz alfabetatzeko doakotasuna, etab.
• Segregazioaren mapa: herriz herri eta auzoz auzo tokiko instituzio eta mankomunitateetatik egindako mapak, zuzendu beharreko egoerak identifikatu, premiazko neurriak hartu eta udal horretako errealitateari era integral batean erantzuteko.
• Udal matrikulazio bulegoak: matrikulazio biziari eta harrera protokoloari lotuta egongo direnak. Horien helburua matrikulazio biziari loturiko matrikulazioa era egokian banatzea, harrera integrala bermatzea —gizarte zerbitzuak, osasungintza, hezkuntza— eta eskola mapa beste era batean antolatzea izango da.
• Doako hezkuntza: 0-18 urte bitartean hezkuntza, eskubide unibertsala den aldetik, doakoa izan behar da. Haur eta ikasle guztiei bermatu behar zaie doakotasuna. Hori dela eta, kuotek desagertzera jo beharko lukete.
• Baztertzaileak eta elitistak diren hezkuntza proiektuei finantzaketa publikoa emateari utzi behar zaio. Kontzertazio unibertsala mugatu behar da, irizpide edo baldintza batzuen araberakoa izan dadila finantziaketa publikoa. Laikotasuna bermatu behar da diru publikoarekin finantziatuta dauden zentro guztietan.
• Hezkuntzako langileon egonkortasuna eta lan baldintza duinak: kalitatezko hezkuntza izan eta egun daukagun eredua eraldatzeko, ezinbestekoa da langile guztiok -—ez soilik irakasleok— lan baldintza duinak izatea. Horrekin batera langileon egonkortasuna lortzeko irtenbideak negoziatu behar dira, egonkortasun horrek emango baitio eskola edo ikastetxeari inklusioari erantzuteko hezkuntza egitasmo sendoa eta bertako helburuak betetzeko aukera gehien.
• Formazioa: geure buruak, gure praktikak, kide garen eragileak,... eraldatu nahi baditugu, ezinbestean maila pertsonal eta kolektiboan dekolonialitatean, inklusioan, aniztasunaren trataeran, harrera planetan edota praktika konkretuetan formatu behar gara.
Hiru elementuren uztarketa
Egun martxan jar daitezkeen neurriak proposatzeaz gain, hiru elementu garrantzitsu uztartu beharko ditugu:
1. Borroka ideologikoa: segregazioak zapalkuntza sistema anizkoitz baten —sistema heteropatriarkal, kapitalista eta kolonialista— baitan kokatuz, klase ikuspegitik eta jarrera antifaxista eta antiarrazistatik aurre egin behar diogu. Nazio ikuspegia ahaztu gabe eta burujabetza prozesuan ekarpena eginez. Segregazioei aurre egiteko Hezkuntza Sistema Burujabearen beharra azpimarratuz.
Arrazakeria, kolonialismoa eta klasismoaren aurkako borroka gure buruetatik hasten dela kontuan hartu behar dugu. Horregatik, beharrezkoa da gure burua interpelatzea, ditugun pribilegioak kontuan hartzea, pribilegioekiko daukagun ardura hartzea, kontraesanez jabetzea, kontzientzia hartzea, konfort egoeretatik irtetea eta gure jarrera arrazistak deseraikitzea.
2. Mobilizazioa: konfrontazio dinamikak martxan jartzea garrantzitsua da, izan ere, presio egiteko eta indar posizioak irabazteko balio digu. Horrela, instituzioei baliabideak exijitzeko edo Hezkuntza Lege inposatuen aurrean herri gisa posizioa markatzeko modu eraginkorra da.
3. Alternatiben eraikuntza:
Eskolaz eskola, ikastolaz ikastola zein ikastetxez ikastetxe: euskara eta euskal kultura ardatz, kultur aniztasuna eta inklusiora bidea eginez; ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza, aukera berdintasuna bermatuz; matrikulazio bizirako plazak exijituz; ikasle euskaldun eleaniztunak heziz; aniztasuna balore positibo gisa landuz; inklusioa egunero landu beharreko gaia dela argi izanda.
Hezkuntza Komunitateetan: inklusioaren bidean inplikatuz.
Instituzioekin: hezkuntzaren deszentralizazioaren aldeko apustua eginez. Udalek, hezkuntza eskumenak izan behar dituzte hezkuntza komunitatearekin elkarlanean segregazioa gainditzeko urratsak emateko: harrera protokoloak egiteko, matrikulaziorako udal bulegoak sortzeko; herri hezitzaileen proiektuak garatzeko edota tokiko estrategia eta planak martxan jartzeko.