Gorputzari lekua egingo dion eskola

2022-05-09

DENA PASATZEN DA GORPUTZETIK. GURE ALDARTEAREN TESTIGU ISILA ETA FIDELA DA. GORPUTZARI
KASU EGITEAK ONURAK DAKARTZALA DIOTE HALA EGITEN DUTENEK, IKASLE ZEIN IRAKASLE IZAN.

 
 

Nekea. Inoiz baino gehiago entzun da hitz hori aurtengo ikasturtean, COVID-19aren pandemiak baldintzatutako ikasturtean. Aste Santuetako eta udaberriko oporrek atseden hartzeko tartea eman duten arren, askorentzat ez da nahi ordurako iritsiko ikasturte honetako azken eguna. Nekearekin batera, gauzak ondo eginaren sentsazioa ere badago, noski, aurrez aurreko irakaskuntzari eutsi izanaren betetasuna.
Sentsazio horiek guztiak gorputzean biltzen dira, hor nahasten eta korapilatzen dira, oraintxe aldarte bat eta geroxeago beste bat sorraraziz. Gorputza. Hor dago. Hitzik gabe dena esanez, tinko eta serio, geldirik eta mugimenduan, gezurrik esan gabe, gorputzetik pasatzen dena eta gorputzak bizi duena adieraziz. Baina zenbat begiratzen diogu? Kasurik egiten al diogu gorputzak adierazten duenari? Jabetzen al gara gorputzak esaten digunaz? Eta behin konturatuta, hartzen al ditugu horren araberako erabakiak? Eta haurren gorputzak zer leku dauka eskolan? Gorputzetara iristen al da hezkuntza? Beharko genuke, bizitzen ari garenaren adierazle nagusi den heinean. Alegia, nekatuta baldin bagaude, gorputzak deskantsua eskatuko du. Aztoratuta baldin bagaude, gorputzak lasaitasuna eskatuko du. Batetik bestera baldin gabiltza —fisikoki zein mentalki—, zentratzea eta kontzentratzea eskatuko du.
Adimen emozionalaren garrantzia azpimarratzen den modu berean, gorputzarena ere ezin da ahaztu. Zaintza erdigunean jartzeko beharra gero eta ozenago entzuten da, eta hori gorputza aintzat hartuta egin beharrekoa da. Naiara Gorroño mindfulness-ean adituak eta arituak aldizkari honetako gai nagusian dioen moduan, zaintza zer den ulertzeko praktika bilakatu behar da, ez diskurtso soil batean geratu. Eta horretarako gorputza zeharkatu behar du.
Izaskun Igoa Pedagogian graduatuak pedagogia gorputzera hurbiltzeko bide bat topatu du eta horren berri ematen digu zenbaki honetako ekarpenen atalean. Bere gorputz propioan bizitutakoa baliatu du hainbat gertaerez eta jokabidez konturatzeko eta ondoren eraldatzeko.
Mindfulnessa, meditazioa, yoga, arnasketa, masajea, kirola, harremanak... dena igarotzen da gorputzetik. Tresna baliotsua da, harekin adiskidetu eta bidelagun aparta izan daitekeena, baldin eta adierazten duenari kasurik egiten baldin badiogu. Ez legoke soberan gorputzari lekua egingo dion eskola.