Gehiengo sindikalak greba deialdiei eutsi die

2007-05-15

EAEko mahai sektoriala berriro bildu zen hitz egiteko prest, baina ez da adostasunik egon eta egunotako greba deialdiak mantenduko direla jakinarazi zuten sindikatuek. EILAS, LAB, ELA eta UGTk, beraien eskaeren “gutxienekoak” aurkeztu arren Hezkuntza Sailak ez ditu onartu. Gaur Gipuzkoako ikastetxe publikoetan izango da greba, bihar Arabako eskoletan eta etzi Bizkaian.

 
 
Gehiengo sindikalak greba deialdiei eutsi die

Ostiralean elkartu ziren Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiako sindikatuak Tontxu Camposekin azken garaietako blokeoa bideratzeko asmoz. 13 ordu bilduta egon ostean, ez ziren akordiora iritsi eta astebukaera hartu zuten hausnarketa une gisa. Astelehen eguerdian berriz bildu arren, ez zen adostasunik egon eta sindikatuen gehiengoak greba deialdiei eustea erabaki zuten. Datozen egunotan beste akordiorik edo mugimendurik egon ezean, maiatzak 24ko greba deialdiak ere berean iraungo du. Sindikatuen gehiengoak, LAB, EILAS, ELA eta UGT-k, % 69a ordezkatzen dute.

Sindikatuek, egonkortasuna galdutako 1500 irakasleei enpleguari 2011.urtera arte eustea proposatu zuen, eta hori izan zen Jaurlaritza eta sindikatuak izan zuten hurbilpen bakarra. Bestalde, sindikatuek, lansariak hobetzeko poltsa irakasle figura guztietara zabaltzea, 55 urte baino gehiago irakasleen eskola orduak murriztea eta eskola behar berrietarako irakasleri ta kreditu orduak gehitzea ere eskatu zuten.

Astelehen iluntzean, CCOOk Jaurlaritzarekin aurreakordioa sinatu zuen, akordio posible baten abiapuntua.