Elkarlanerako kultura berria: erantzunkidetasuna hezkuntzan

2023-09-05

Herri batean hezkuntzaren artikulazioa oso estrategikoa eta ezinbestekoa da politikoki, hezkuntzatik beste helburu asko lor daitezkeelako. Errenteriako Udalean baieztapen hori paperetik errealitatera eramaten ari dira azken urteetan, hezkuntza arlo estrategikotzat hartua daukatelako eta hezkuntza politikak teknikarien eta zinegotzien artean, bulego batzuetan egin ordez, hezkuntza komunitateko kideekin egin nahi dituztelako. Hala, ‘Errenteriako hezkuntza komunitatea saretzen, erantzunkidetasunean sakontzen’ prozesua abiatu zuten 2017-2018 ikasturtean, herriko hezkuntza komunitatea saretzeko helburuarekin. Besteak beste, protagonistak diren herriko bederatzi ikastetxeetako zuzendariekin bildu da Hik Hasi, elkarrekin egin duten prozesuaren lekukotasuna jasotzeko. Zuzendari taldean egindako lanketaren ondorioz, elkar ezagutzen dute, konfiantzazko eremua sortu dute eta ikastetxetik herriko talaiara zabaldu dute begirada.

 
 
Elkarlanerako kultura berria: erantzunkidetasuna hezkuntzan

I

tziar Ostolaza Errenteriako Hezkuntza zinegotzi ohiak argi dio: “Ez dauzkagu hezkuntza konpetentzia nagusiak, baina gu gara herriko ikastetxe guztien ingurune; herria da testuinguru eta horrek batzen gaitu. Eta batzen gaituen heinean, behar indibidualez gain, kolektiboak ere topa ditzakegu, gutasuna osatzen dutenak”. Udal gisa gutasun hori erdigunean jartzea zen xedea, hori baita herria. “Zer zen komunitate txiki guztiok amankomunean genuena? Herri bat, bakoitza bere berezitasunekin. Hor hasi ginen gure tokia bilatu nahian”. Berehala konturatu ziren sarea josteko kanpo laguntza beharko zutela eta halaxe abiatu ziren elkarlanean Olaia Jimenez Mondragon Unibertsitateko (Huhezi) irakaslea eta Idoia Aldekoa Elhuyarreko aholkularia errenteriarrei bidean laguntzen.

 

Prozesuaren ardatzak bi dira: hezkuntza komunitatea saretzea eta erantzunkidetasunez aritzea. Saretzeko, ikastetxeen arteko harremana sustatu behar da eta horretarako, zuzendari taldea osatu zuten. Erantzunkidetasuna da bigarren ardatza, ardura-hartze kolektiboa esan nahi du, bakoitzaren ardura postuaren eta karguaren baitan. Eta partaide guztiek kate bat osatzen dute, eragile bakoitza katebegi bat delarik. 

 

Aipatu bi ardatzetan oinarrituta abiatu ziren 2017-2018 ikasturtean. Prozesuarekin hasi aurretik Errenteriako UEK Udalak Udal Eskola Kontseilua sortua zeukan eta bertan biltzen ziren zuzendariak, gurasoak, sindikatuetako kideak, langileen ordezkariak, ikasleak... Udalari diagnostiko bat egiteko eskatu zion Kontseiluak eta horrekin argazki bat osatu zuten. Jarraian, zuzendari taldeak heldu zion diagnostikoaren irakurketa egiteko lanari eta horretan murgildu ziren Errenteriako Haur Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzara bitarteko bederatzi ikastetxeetako bederatzi zuzendariak, hezkuntza zinegotzia eta teknikaria, Irungo Berritzeguneko zuzendaria, eta Huheziko eta Elhuyarreko aholkulariak.

 

Diagnostikoaren irakurketa partikularretik kolektibora

 

Hasieran diagnostikoaren irakurketa partikularra egin zuen ikastetxe bakoitzak. Ondoren, irakurketa partikularra zuzendarien taldera eraman zuten, espazio komunera, gainerakoekin partekatzera. Hainbat aldagai landu zituzten: bakoitzaren errealitatea, konplexutasun maila, titulartasuna, ibilbide historikoa, erronkak, hezkuntza proiektua, segregazio egoerak, hizkuntza kontuak, jatorri kontuak... “Saio asko egin genituen diagnostikoari forma ematen”, dio Jimenezek, eta “errealitatearen ertz desberdinei lekua egiten” azpimarratu du Aldekoak. “Ondoren, herri modura pentsatzen hasi ginen: sistemen arteko harremanetik, nola ikusten dugu Errenteria? Ondorio partikularretik abiatuta, zein izan daitezke ondorio nagusiak eta kolektiboak herri honetan? Lorpena da partikularretik ateratzea eta hezkuntzaren izaera komuna, denona ikustea, hezkuntza eskubidea den heinean. Gainera, ardura hartzeko prozesuan, oso inportantea izan da herri ikuspegira pasatzea”.

 

Denen artean diagnostikoa adostea zen xedea, eta tentsio uneak ere izan zituzten. Titulartasunari dagokionez, ikastetxe bakoitza nola agertu adostu behar zen, eta desadostasunak agertu ziren. Halere gaitasuna, borondatea eta aurrera ateratzeko nahia handiagoak izan ziren. Hala, partaide bakoitzarentzat funtsezkoak diren alderdiak adostu eta mantendu ziren; eta bidean bakoitzak zerbait uzteko prestutasuna agertu zuen adostasuna eraiki ahal izateko. “Inflexio-puntu bat izan zen guztiontzat, baina ardura hartu genuen; aurrera atera nahi genuen, adostasunetara iritsi, eta bidean denok elkarrekin aurrera egiteko eta espazio komuna eraikitzeko konpromisoz, zerbait uzteko ere prest egon behar da. Norbere begiradatik eduki behar du, baina denonetik ere asko. Erantzunkidetasunaz ari garenean horretaz ari gara: hezkuntza herri onura da, herri baten garapenerako gakoa da eta espazio komunak eraiki behar dira. Komuna den hori ardura kolektibotik konpondu, kudeatu, proposatu, hobetu... behar dugu”. Horrek zerikusia du hezkuntzaren kalitatearekin.

 

Behin tentsioak eta inflexio-puntua gaindituta, diagnostikoa adostuta geratu zen, eta adostasuna eraikitzeko ahaleginaren ondorioz, taldea kohesionatuago geratu zen. Horrek asko lagundu du ondorengo lanketan eta konfiantzan. Diagnostikoan oinarrituta eta haren irakurketa eginda, ondorioak jorratu zituzten eta, segidan, Errenteriak dituen hamar erronka nagusi zehaztu zituzten.

 

Hamar erronketatik biri eman zieten lehentasuna
—hezkuntzari komunitatean garrantzia handiagoa ematea eta ikasle etorri berrien matrikulazio desorekan arreta jartzea— eta erronkei aurre egiteko ekintza planak diseinatu zituzten. Hasteko unean, ordea, COVID-19aren pandemia iritsi zen eta urtebeteko etena egin behar izan zuten. Etenaldiaren ondoren, bigarren erronkari heldu zioten —desorekak gutxitzeko erronkari— eta TEB Tokiko Eskolatze Batzordea diseinatu eta jarri zuten martxan, 2022ko otsaila eta maiatza bitartean pilotajea egin zutelarik. Ondorioak atera eta ikasturtea bukatzearekin batera, amaiera eman zioten lanketari.

 

2022-23 ikasturtean, ikasle etorri berrien desorekaren lanketaren ildotik, Ekitatearen aldeko herri-ituna lantzeari heldu zioten. Horretarako, zuzendari taldean LHko eta DBHko ikasleen eta familien sarearekin herrian ekitatearen ikuspuntutik eragiteko eremuak identifikatu eta hobetzeko proposamenak jaso zituzten. Lanketaren emaitza UEKan aurkeztu zituzten eta Udalak konpromisoak hartu zituen. “Udal Eskola Kontseiluan ikasleen presentziarik ez dagoenez, gazteen ahotsa jasotzeko eta parte hartzeko egitura bat sortu nahi da. Horri forma ematen ari gara eta hastapenetan dago”, dio Jimenezek. Esperimentazio eran, Udal Eskola Kontseilu gaztea egiturari forma ematen hasi dira eta jarraituko dute, hainbat ikastetxetako ikasleen arteko harremana sendotzeko eta ikasleen begiradatik herria hobetzen jarraitzeko.

 

Prozesuarekin jarraitzeko, erronken berrirakurketa eta leheneste ariketa egin dute. Ariketa horretatik, bi erronka berri lehenetsi dira: euskararen normalizazioaren eremuan, komunitatean/herrian euskara erabiltzeko baldintzak eta aukerak hobetzea; eta ikasle guztien aukera berdintasunaren eta kohesioaren eremuan, gizarte, osasun zein beste zerbitzuetatik esku hartzeko modukoak diren haurren eta gazteen kasuetan arreta hobetzea. Familiekin, IGE Ikasleen Guraso Elkarteen arteko harremana sendotzen eta elkarte bakoitzak dituen beharrak aztertzen aritu dira, behar horiei gertutik ahalik eta erantzun zehatzena emateko.

 

Balorazioa

 

Prozesuaren bideratzaileek argi diote horrelako prozesu bat aurrera eramateko udalaren lidergoa ezinbestekoa dela: “Ikuspegia eta konbentzimendua eduki behar ditu udalak, teknikoki eta metodologikoki laguntza emateko prest egon behar du, eta norabidea argi izan behar du. Lidergoak ez du esan nahi protagonismoa, baizik eta prozesua lideratzea, oinarriak jartzea eta norabidea ezartzea, hori komunitatearekin partekatzea eta haiek adosten duten moduan urratsak egitea”.

 

Horretarako, jakina, baliabideak behar ditu udalak eta Jimenezen eta Aldekoaren iritziz, “eskumenak eskuordetu behar dira, eta eskumenekin batera baliabideak ere bai. Hori plano oso orokorrean, baina gero dena herri mailan sistematizatu behar da. Asko pentsatu behar da plano oso konkretura edo mikrora eramateko, herri bakoitzak daukan begirada eta hezkuntzako ibilbidea desberdina delako eta ikastetxeen aniztasuna ere handia delako”.

Jimenezek aukera moduan ikusten du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan onartuko den Hezkuntza Lege berrian Udalei eta komunitateari ematen zaion lekua. “Nik uste dut udalek esperimentatzeko dituzten aukerak zabalduko dituela. Gertutasunak, hezkuntza komunitate kohesionatuak eta erantzukizun kolektiboak hartzeko testuinguruak hezkuntzaren kalitatean eragin dezaketela uste dut, ikasleen behar sozialak eta hezkuntza beharrak hobeto —zehatzago, ezagutza handiagorekin eta kolaborazio handiagorekin— erantzun daitezkeelako. Zentzu horretan oso positiboa da, baina horrek ez du esan nahi Eusko Jaurlaritzak eskumena udalei eman behar dienik eta dena hor zentralizatu behar denik. Potentziala badago, baina denak katea osatuz, bakoitza katebegi bat izanez. Horrek kultura politiko berri bat eta elkarlan kultura berri bat eskatzen du. Eta hori landu gabe dago, ez gaude ohituta erantzunkidetasunera ezta elkarlan kultura berrira. Guk Errenterian neurri txiki batean hori esperimentatu dugu. Gainera, ikusi dugu izaera komunitario hori ikaragarria dela, potentzial handikoa, baina aldi berean, dena ordenatzea, asko planifikatzea, asko zehaztea, ongi antolatzea, esperimentatzea eta ebaluatzea eskatzen du”.

 

Zuzendarien ahotik

Errenteriako hezkuntza komunitatea saretzeko urratsetako bat izan da zuzendari taldea sortzea. 2018az geroztik elkartzen dira herriko bederatzi ikastetxeetako zuzendariak eta taldearen ibilbideaz eta bidean ikasitakoaz mintzo dira.

 

Z

uzendari taldeko protagonisten ahotik ezagutu nahi izan ditugu prozesuaren joan-etorriak, zuzenean bizi izan dituztelako taldearen osaketa eta garapena, diagnostikoaren lanketa eta Tokiko Eskolatze Batzordearen pilotajea, besteak beste. Sei urteko ibilbidea egina dute elkarrekin, eta Errenteriako hezkuntza komunitatea saretzen, erantzunkidetasunean sakontzen prozesuaren benetako protagonistak dira.

 

Bizarain HLHI, Bizarain BHI, Cristobal Gamon HLHI, Cristobal Gamon BHI, Koldo Mitxelena HLHI, Koldo Mitxelena BHI, Orereta ikastola, Egiluze ikastetxea eta Telleri alde ikastetxea dira Errenteriako derrigorrezko hezkuntzako bederatzi ikastetxeak eta bertako zuzendariek elkarren berri gutxi edo batere ez zuten duela sei urte. Orain, konfiantzazko eta errespetuzko giro lasaia dutela aitortzen dute. “Nik, adibidez, bistaz ezagutzen nituen ikastetxe publikoko zuzendari batzuk, baina bestela ez, oso erlazio gutxi geneukan. Orain, herrian gertatzen denaz ikuspegi orokorragoa dut eta erlazionatzeko beste modu bat ere bai”, dio Arantza Elizegi Cristobal Gamon BHIko zuzendariak. Antzera mintzo da Egoitz Verdugo Orereta ikastolako zuzendari pedagogikoa: “Beste zuzendariak eta haien ikuspegia ezagutzeko eta ulertzeko aukera eman dit taldeak. Herri honetako ikastetxeetan dagoen aniztasuna ikusi eta ulertu dut, eta aberastasun moduan bizi dut”. “Nik garrantzi handia eman diot taldeari hasieratik”, gehitu du Arantxa Igartua Koldo Mitxelena BHIko zuzendariak. “Guri inork ez digu erakusten zuzendari izaten eta ona da beste ikastetxeetan zure rol berean zein dauden eta zer egiten duten ikustea. Niretzat beharra zen elkartzea eta herri mailako foro bat edukitzea oso egokia iruditzen zait”. Herriko hezkuntza sistema nola egituratuta dagoen ezagutzeko aukera eman diola gehitu du. Pili Sesen Bizarain HLHIko zuzendariak dioenez, “oso interesgarria da hainbesteko desberdintasunak dituzten ikastetxeetako zuzendariak elkartzea, bakoitzak atzetik dakarrenarekin. Zuzendarion artean sare bat sortu da, elkarri laguntzen diogu, berdin da zein ikastetxetakoa izan. Hori lehen ez zegoen eta orain bai. Oso positiboa da, dudarik gabe”.

 

Denek ahobatez diote giro lasaia eta konfiantzazko eremua lortu dituztela. “Nire iritzia lasai asko bota dezaket, badakit ez nautela epaituko, ulertuko nautela edo saiatuko direla nire tokian jartzen, eta horrek guztiak niretzat sekulako balorea dauka. Hori lana eginda lortu dugu eta ondorengoek emaitza jasoko dute”, dio Igartuak. Lan horren zatietako bat izan da aurretik zeuzkaten aurreiritziak albo batera uztea, Cristina Jareño Egiluze ikastetxeko zuzendariaren ustez: “Eskola bakoitzeko egoerak barrutik ezagutzeko aukera izan dugu, errealitate bakoitza ikusi dugu eta horrek aurreiritziak haustea ekarri du. Hori izan da positiboena, batez ere une honetan gizartean hezkuntzaren inguruan publikoen eta itunduen egoerari buruzko informazioak eta desinformazioak sortzen duen deserosotasuna ezagututa”.

 

Sara Herranz Cristobal Gamon HLHIko zuzendari ohiaren iritziz “enpatia ariketa ikaragarria” izan da. “Denok ditugu harro gauden gauzak eta horietaz hitz egitea oso erraza da. Baina denok ditugu hain harro ez gauden gauzak ere, eta horiei buruz hitz egitea delikatuagoa da. Bada, horietaz ere hitz egitea lortu dugu. Prozesua oso-oso polita izan da, oso aberasgarria, gure artean elkartzeko eta elikatzeko asko eman du, baina gogorra izan da”. 

 

Gogorra eta beldurra hitzak erabili ditzute Elizegik eta Igartuak: “Talde dinamikak oso gogorrak egiten zitzaizkidan, ia ez genuelako elkar ezagutzen eta, gainera, ikastetxean lana egiteke utzi nuen sentsazioarekin etortzen nintzen hasieran”, dio Elizegik. “Baina gero, taldea girotzeko dinamikak oso inportanteak direla ohartu gara”, gehitu du Igartuak. “Bilera guztietan egin ditugu talde kohesioa lortzeko, konfiantza giroa indartzeko, errespetua lantzeko eta enpatia jorratzeko dinamikak eta nik uste dut horrek asko lagundu duela”, gaineratu du Herranzek. “Prozesua polita eta oso interesgarria da, baina gainkarga ere bihurtzen da askotan, eta horrek ez du errazten”, dio Sesenek. Iritzi berekoa da Jon Saez Telleri aldeko zuzendaria: “Ziurgabetasuna eta lan handiagoa ekarri dizkit niri”.

 

Zuzendarien taldetik ikastetxera

 

Ikastetxera itzuli eta talde honetan landutakoa lankideei azaltzea zaila suertatu zaie, bizi izan gabea biziaraztea ez baita erraza. “Batzuetan emozio handiko bizipenak izan ditugu bileretan eta ikastetxera emozio horiekin joan eta haiek beste mundu batean daude, ez dute ulertzen” dio Igartuak. “Zaila da hemengo enpatiarekin lortutakoa adieraztea eta gainera, kuriosoa da, zeren joaten naiz hemen erabakitako zerbait komentatzera eta lankideek itunpekoak defendatzen ari naizela esaten didate”, dio Cristobal Gamon eskola publikoko zuzendari ohiak. “Gure eskolara joandakoan, hemen hartutako konpromisoak hartzeko konbentzitu egin behar izaten ditugu, baina hemen egin dugun prozesua egin gabe. Hori kudeatzea konplexua izan da”, aitortu du Verdugok. Itziar Ostolaza Hezkuntza zinegotzi ohiak dio oso klima desberdineko guneak direla zuzendarien taldea eta ikastetxeak. “Konplexua da hemen bizitakoa haietara eramatea eta erronka gisa planteatuko nuke”.

Une zailak gainditzeko irmotasuna

 

Krisiak eta tentsio uneak bizi izan arren, gainditzea lortu dute eta horretarako gakoak izan diren puntu batzuk aipatu dituzte. Hasteko, bilerak ongi bideratuta egotea. “Gida ezinbestekoa izan da, bestenaz ziur nago ez ginela hemen egongo, eta, are gutxiago, modu honetan, seguru”, dio Herranzek. “Momentu batean denok mahai gainean jarri genituen karta guztiak eta adostasun batera iritsiko ginela erabaki genuen. Zeren gerta zitekeen baten batek ‘ni banoa’ esatea. Eta ez, aurrera egingo genuela erabaki genuen. Baina horretarako, oso lan ona egin dute Olaiak eta Idoiak”.

 

Elizegik konpromisoa azpimarratu du: “Aurrera egitea erabaki genuenean, konpromisoa hartzen genuela esan genuen, eta behin konpromisoa hartuta, hasitakoari amaiera eman behar zaio”. Igartuak harago doan konpromisoa aipatu du: “Ikusita udalak hezkuntzarekiko duen inplikazioa, nik pertsonalki eta zuzendari moduan erantzun egin behar dudala uste dut; egin behar dut bai ala bai”. “Gainera, denen artean hartutako konpromisoa izanik, bertigoa ematen du ‘ni banoa’ esateak. Ezin genuen hori egin, txarra zelako norberaren eskolarentzat, hezkuntza komunitatearentzat eta herriarentzat”, gaineratu du Verdugok.

 

“Lanketa guztia egin dugu guk horretan sinesten genuelako eta gure borondatez jarri dugulako gure herrirako eta gure ikastetxeetarako”, dio Herranzek. “Talde hau, komunitate hau, herri hau, erronka serioei heltzeko kapaz izan da”, gehitu du Verdugok. “Ausartak izan gara”, azaldu du Herranzek. “Bai, gai serioak hartu dira”, aitortzen du Aitor Sarasua Cristobal Gamon HLHIko zuzendari berriak: “Gai errazago batekin has zitezkeela pentsatu nuen nik, aisialdiarekin edo horrelako zerbaitekin. Denok lasaiago, gustura eta pozik amaituko genuen, baina ez zuen emango hainbeste eztabaidatzeko adina. Tokiko Eskolatze Batzordearen gaia, adibidez, serioa izan da, tentsioak egon dira eta gainditu direnez, taldea asko kohesionatu da”. “Bilera zailei irtenbidea emateko, konpromiso batera iritsi behar izan dugu, eta finean, horrek eragin du talde gisa gero eta gehiago pentsatzea, poliki-poliki. Eta horrek, jakina, kohesionatu egin gaitu”, dio Josu Curiel Bizarain BHIko zuzendariak.

 

Udalaren lankidetza

 

Irungo Berritzeguneko zuzendari Marivi Fernandezek ere parte hartzen du taldean, “baina protagonismoa zuzendariei emanez”, azpimarratzen du. “Nahiz eta momentu askotan nire iritzia eman, azalpenak eman edo ekarpenak egin, beste momentu askotan isilik egotea izan da nire egitekoa. Hori oso garbi daukat, ni bidelaguna naiz, protagonistak haiek dira”. 

 

“Udala ere erraztailea izan da uneoro eta garbi dago udalak ere seriotasunez hartu duela”, dio Verdugok. “Gainera, askatasun osoa eduki dugu eta denon artean egin dugu bidea”, gehitu du Herranzek. “Hori da, ez da markatzen eta erabakitzen saiatu”, gaineratu du Verdugok. “Lankidetza hitza jarriko nuke, hizki larriz”, borobildu du Herranzek. “Udalak, bere iritziaren gainetik, taldelana sustatu du”, ihardetsi du Elizegik. Ostolazak dio politikari roletik erronka itzela izan dela: “Politika modu partekatuan lantzeaz hitz egiten dugu eta hori da guk egin duguna. Batzuetan asmatuko genuen eta besteetan ez. Jakina, mantsoagoa da, denbora gehiago eskatzen du, inbertsio ekonomiko handia, eta guk modu kontzientean egin dugu”. 

 

“Nik uste dut udalaren ekarpenik handiena izan dela herri gisa hezkuntza beharrei erantzuteko ikuspegia ematea, herri moduan pentsatzen jarri gaitu eta hor gure ekarpenak eskatu dizkigu. Horrek, niri behintzat, ikastetxeko perspektibatik ateratzea eta herri mailako ikuspegia edukitzea, ezagutzea eta partekatzea ekarri dit. Herri gisa zer egin dezakegu? Guztiok egin behar dugu elkarrekin”, azaldu du Curielek.

 

Irungo Berritzeguneko zuzendariak taldea indartua ikusten du eta, une honetan, beste gai batzuei buruz hizketan jarraitzen dute. “Nik oso ongi baloratzen dut prozesua, oso-oso baliagarria izan da. Zaila izan da, baina prozesu baliotsuak ez dira errazak izaten. Jarraipena egongo da, eta merezi du, dudarik gabe”.

 

Leire Zarra Koldo Mitxelena HLHIko zuzendari ohiak ere ez du zalantzarik: “Elkarlanak bideak ireki dizkigu hainbat gauzen inguruan. Orain bat eginda gaude eta ildo bera hartzeak sendotasuna eta nortasuna ematen du. Lankidetzan antolatzen diren gauzak betiere gusturago egiten dira. Nik iaz utzi nion zuzendari izateari eta lekukoa hartu duen kideari, Amaia Jauregiri, bi hitzetan hala azaldu nion: elkarlana eta herriko sarea sortu dugula eta horrek gure arteko gertutasuna eta lankidetza ekarri dituela. Horregatik, jarraitzeko, erreleboa ongi egitea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, eta hainbat bileretara elkarrekin etorri ginen. Orain, berak jarraitzen du”. Jareñok uste du sektore guztiak saretu beharko liratekeela. “Iritsi da momentu bat non konpetentzia garen baina ez garen. Hau da, elkarrekin egin behar dugu lana edozein sektoretan, eta horrela lortuko dugu helburua aurrera ateratzea. Gure ikasleak balio batzuekin hezi behar ditugu eta elkarlanean jarraitu behar dugu”.

Tokiko Eskolatze Batzordearen pilotajea

 

Matrikula biziaz harago begiratu eta ikastetxeetako atzerritar kopuruaren desoreka orekatzea helburu izanik, Tokiko Eskolatze Batzordea (TEB) diseinatu (Udalak eta Hezkuntza Sailak osatutako erakunde arteko mahaia) eta jarri zuten martxan Errenterian. Hainbat egitura eratu ziren prozesua bermatzeko. TEB, Hezkuntza zinegotziak eta teknikariak, Berritzeguneko zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak osatu zuten eta haren zeregina zen euskal hezkuntza sisteman matrikulazio-epez kanpo sartu diren Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta derrigorrezko hezkuntzako ikasleen eskolatze-eskaerak jasotzea eta zein ikastetxetara bideratu zitezkeen proposatzea, betiere segregazio mailak eta desorekak gutxitze aldera. 

 

Batzordeak ez zuen erabakimenik, aholku emailea zen. Eskolatze-proposamenak egiteko, 1/2018 Dekretuko irizpideak zehaztu eta lehenetsi ziren zuzendari taldean, eta bestetik, ikastetxe bakoitzeko ikasmaila bakoitzean dagoen aniztasuna datuetan jasotzen zuen tresna sortu zen. Prozesuaren jarraipenaz eta ebaluazioaz zuzendari taldea eta Berme batzordea arduratu ziren. Zuzendari taldeak hilero gainbegiratzen zituen datu guztiak eta eskolatze proposamenen arrazoiak. Epez kanpo iritsitako 3-16 urte bitarteko ikasleekin egin zuten pilotajea, 2022ko otsailetik maiatzera bitartean.

 

Udalak harrera bulegoa ireki zuen familiei harrera egiteko. Garrantzitsua da familiei udalerrian harrera egiteko eta haien beharren identifikazio-lana egiteko TEBaren planteamendua eta helburuak eta udalerriko hezkuntza eskaintzari buruzko informazioa izatea.

 

TEBaren helburua atzerritar jatorriko ikasleen kopurua orekatzea izan da. Norabide horretan, TEBak epez kanpoko matrikula berriak ikastetxe publikoetara bideratzeko ohiko banaketa-joera aldatu daitekeela frogatu du. Lanketa denentzat interesgarria eta aberasgarria izan dela uste dute zuzendariek. “Horrelako gauza bat egiteko kapazak garela ikusi dugu eta baliagarria izan da guk egindako gauza txiki batek norainoko eragina izan dezakeen ikusteko”, dio Igartuak. “Baina helburua segregazioa ekiditea zen eta hori ez da lortu”, dio Elizegik, “egin dugun bidea ez da egokia”. “Ez da soilik bidea”, gehitu du Igartuak, “pilotajea egin bitartean araudiekin, legearekin... topo egin dugu eta gure mugak ikusi ditugu”. “Kristalezko sabaia izan da araudia, eta asko mugatu gaitu”, adierazi du Herranzek.

 

Prozesuan hainbat zalantza agertu dira, agerian geratu delarik baldintza asko bermatu behar direla Tokiko Eskolatze Batzordeak ongi funtziona dezan: 

Finantziazioa: etorri berriak diren familietan jarri behar da arreta, matrikulatuko den ikastetxearen sarea edozein izanik ere. Bestelako egiturazko neurririk ez bada aztertzen, ezin da bermatu itunpeko ikastetxeetara bideratzen diren ikasleen familiek kalte ekonomikorik ez dutela jasango edo gehiago ez dutela ordaindu beharko.

Udalaren lidergoa ezinbestekoa da eta baliabideak izatea ere bai: ikastetxeetako baliabideak oro har eta hezkuntza-laguntza premiei erantzuteko baliabideak garaiz izatea, garraioa, gizarte zerbitzuen laguntza... 

Zalantza etiko-morala: zergatik esperimentatu da familia zaurgarriekin bakarrik? “Gogorra da, pertsonekin egiten dugulako lan. Zergatik banatuko ditugu soilik ikasle horiek? Zergatik ukatzen zaie horiei ikastetxea aukeratzeko eskubidea eta gainerakoei ez? Alderdi etikoa mahaigaineratu egin behar da”, baieztatu du Irungo Berritzeguneko zuzendariak. 

 

“Halere, probatu egin behar zen, ikasi egin dugu eta horretaz hitz egin dezakegu orain”, dio Sesenek. “Gauzak aldatu nahi baldin baditugu, aldaketak egin behar dira, eta horretarako balio izan du pilotajeak, nahiz eta segur aski biderik egokiena ez dela izan konturatu”, gehitu du Verdugok. Pilotajearen hasieran onura komunari eta eskolatze inklusiboa eta orekatua lortzeari pisu handiagoa eman zitzaion. Pilotajearen ondoren, familien hautuan esku-hartzeak joera aldatu dezakeela ikusi da, hala ere, familia zaurgarrienetan baino, familia guztietan arreta jarri beharra azaleratu da. “Balantza baten aurrean jarri gaitu: zeri eman lehentasuna, herri onurari ala norbere lehentasunei? Biak dira inportanteak, baina momentu batean erabaki egin behar da”, dio Jimenezek.