Arrisku jolasen garrantzia

2023-07-11

“Kontuz”, “Ez igo horra”, “Erori egingo zara”… Askotan helarazten dizkiegu halako mezuak umeei, baina arriskua bizitzea oso garrantzitsua da euren garapen egokirako. Gorputzaren mugak ezagutzen dituzte eta beldurra gaindituta erronka berriak lortzea pozgarria da haientzat. 

 
 
Arrisku jolasen garrantzia

U

me gehienek dute gustuko kulunkatzea edo altuera handietatik salto egitea. Eta horiek ez badira, beste jolasen bat egingo dute, baina etengabe bilatzen dituzte beldurrarekin lotutako egoerak, arriskuek emozio atseginak sortzen dizkietelako. 

 

Umeek jolasaren bidez ezagutzen dute inguratzen dituen mundua eta arriskuaren bidez, segurua zer den eta segurua zer ez den bereizten dute. Arrisku jolasen bidez, euren burua arrisku errealei aurre egiteko prestatzen dute, arriskuak kudeatzeko esperientziatik abiatuz.

 

Oihana Imaz Larrun eskolako irakaslea da, eta arrisku jolasetan aditua. Bere esanetan behar-beharrezkoak dira arrisku jolasak haurrak modu egokian gara daitezen: “Jolasaren bidez erronka puntua bilatzen dute. Haurrek beti bilatuko dute moduren bat sentsazio berriak bizitzeko, euren gorputza eta euren mugak ezagutzeko, eta arrisku jolasek aukera hori ematen diete. Beharrezkoak dira, guztiz”. Arriskuaren eta beldurraren arteko lotura azpimarratu du Itziar Arregik. Huheziko irakaslea, ikerlaria eta jolasaren gaia aztertutakoa da Arregi: “Umeak beldurra oso berea du. Beldurrarekin esperimentatu behar du eta beldurraren aurrean erabakiak hartu behar ditu, noiz egin aurrera, eta noiz atzera. Arrisku jolasek erregulatzeko gaitasuna ematen diete. Arriskua dagoen bakoitzean helduak esku hartzen badu, umeak ez du esperimentatzeko eta erregulatzeko gaitasun hori garatuko”

 

Erregulatzeko eta segurtasuna lortzeko aukera ematen die arriskuak umeei, Imazek dioenez: “Noraino irits naiteke jolas honekin? Noiz lortzen dut segurtasuna? Horrelako galderak etengabeak dira eta erabakiak hartzen dituzten heinean, ikasten doaz”. 

 

Modu horretan ez dute helduaren babesaren beharrik eta haien segurtasuna bermatzeko erabakiak hartzeko gai direla ikusten dute. Izan ere, zaintza zorrotz batek eta arrisku jolasak mugatzeak plazera, alaitasuna, eszitazioa, emozio fuerteak, harrotasuna, arrakasta eta autoestimua bezalako esperientzia positiboak bizitzeko oztopo izango litzateke.

 

“Kontuz! Erori egingo zara!”

Helduok, hala ere, arrisku jolasak eteteko joera izaten dugu. Askotan esaten diegu kontuz ibiltzeko, eroriko direla, nonbaitera ez igotzeko, hortik salto ez egiteko… Modu horretan, ez diegu autonomoak izaten uzten eta konturatu gabe, haien izaera mugatzen ari gara. Horren atzean helduen beldurra egoten dela dio Imazek: “Haurrei gure beldurra transmititzen diegu eta ez diegu uzten modu autonomoan jolasten. Agian umearentzat zuhaitz batera igotzea oso dibertigarria da eta oso gustuko dituen sentipenak sortzen dizkio, baina amak ez dio igotzen uzten”. Zuhaitzetara igotzeari buruzko ikerketa aipatu du Arregik: “Zuhaitzera igotzeko debekua helduaren adinaren araberakoa da: 20 urteko irakasle gazte batek zuhaitzera igotzeko aukera ematen die, 40 urteko ama batek gutxiago eta 60 urteko amona batek, normalean, ez die uzten. Hori gertatzen da helduak inkontzienteki bere gaitasuna umearengan proiektatzen duelako eta erabakia horren arabera hartzen duelako. Helduaren beldurra da irizpidea, oharkabean”. 

 

Gurasoen jokabideak oinarri sendoa duela dio Arregik: “Gure haurrak babestu behar ditugu eta horretarako ditugu gure instintuak eta gure emozioak”. Irakasleek are beldur handiagoa izaten dutela dio Imazek, zerbait gertatuz gero gurasoei azalpena eman behar dietelako. 

 

Arrisku jolasek euren mugak ezagutzeko aukera ematen diete umeei eta zerbait egiten dutenean, seguru sentitzen direlako izaten da. Baina helduaren begirada presente izatearen garrantzia nabarmendu du Imazek: “Pasa daiteke ume bat zuhaitz batera igotzea eta goian dagoenean, beldurra sentitzea. Oso garrantzitsua da helduaren begirada izatea eta aurrera egingo ez duela ikusten badugu, laguntzea. Nik uste dut segurtasun maila baten barruan, nahi duten guztia egiten utzi behar diegula. Jakina, ez diegu utziko amildegi batera hurbiltzen, baina jolastoki baten barruan egon litezkeen arrisku horietan libre utzi beharko genituzke, euren gorputza noraino joan daitekeen ikus dezaten”. 

 

Nolanahi ere, haur bakoitzak beldurraren pertzepzio propioa du. Batzuek arrisku maila altuak behar dituzte eta beste batzuk erosoago daude arrisku maila txikiagoarekin. “Konfiantza baldin badugu, salbuespenak salbuespen, erregulatzeko gaitasuna dute”, dio Arregik.

 

Arriskurik ez denean, arrisku bila

Arriskuaren prebentzioak arriskuak areagotu ditzake, garapenerako onuragarriak diren hainbat alderdi landu gabe gera daitezkeelako. Arriskutsua den guztia haien ingurutik kentzeko joera izaten da, normalean, arriskutsuak diren tresnak nola erabili behar diren erakutsi beharrean. Debekatu beharrean, nahi duten hori, guri beldurra ematen digun hori nola egin dezaketen planteatzea garrantzitsua dela dio Arregik. Eta ezezkoa ematen diegunean hori arrazoitzearen garrantzia azpimarratu du Imazek: “Haurrak ulertu behar du zergatik esaten diogun hori ezin duela egin. Ulertzen baldin badute, errazagoa izaten da ez egitea”. 

 

Umeei espazio seguruak eskaintzen saiatzen gara, baina haiek arriskuak bilatzeko joera dute: “Parkeetan txirrista eta zabuen azpian lurrazal bigunak jartzen dira eta ikerketek erakutsi dute haurrek leku hori segurua dela pentsatuz, lurrazala bestelakoa izango balitz baino arrisku handiagoak hartzen dituztela”, dio Imazek.

 

Izan ere, arriskutsuak ez diren tokietan ere arriskuen bila joateko joera dute umeek, sentsazio jakin batzuen bila: “Zerbait egiten duzun lehen aldian sentitzen duzun zirrara berezia da eta haurrek beti bilatuko dute sentsazio hori”. “Espazioa seguruegia baldin bada eta agortuta baldin badago, ezkutuan jarriko dira edo bistatik ihes egiten hasiko dira. Txikitan, 2 urterekin, erreferentzia den heldua beti bistan egoten da, baina umeak gero aldentzen, esperimentatzen eta bueltatzen jakin beharko du, agian. Bakarka esploratzeko beharra sentituko du”, gaineratu du Arregik.  

 

Arriskuak hartzeko aukera ematen dieten espazioak eskaintzea garrantzitsua da eta eskolako jolastokiak eta parkeak egiterakoan, arriskuak eskaintzen dituzten espazioak diseinatu beharko liratekeela uste du Imazek: “Gero eta gehiago egiten da. Eskalatzeko paretak, esaterako, gero eta gehiago ikusten dira. Eskoletan ere kanpoko espazioen erabilera birplanteatu beharko genuke. Kasu askotan ordu erdi pasatzen dugu gelatik kanpora eta euria egiten baldin badu, ez gara kanpora ateratzen. Euriak arrisku puntu bat ere ematen digu: irristatzeko arriskua, adibidez. Haurrak ingurunea bere osotasunean esploratu beharko luke”. 

 

Arrisku jolasek umeen garapenerako oinarri sendoak ezartzen dituzte eta arriskuak eta beldurra gainditzen dituztenean, ongi sentitzen dira. “Zerbait arriskutsua egiten dutenean eta gainditzen dutenean, duten abenturazale sentipen hori eta lorpen sentsazio hori, ateratzen zaien irribarre horrek, ez du preziorik". 'Mundua konkistatzeko gai naiz', pentsatzen ari dira. Eta horrek konfiantza eta autoestimua lantzen laguntzen die”, adierazi du Arregik.