Igandean, Mendillorri eta Balmaseda euskaltzaleen bilgune izango dira

2007-05-17

Datorren igandean egingo da Balmasedan Bizkaiko ikastolen aldeko jaia eta euskal literatura omenduko dute. Iruñean ostera, Elorri eta Mendigoiti D ereduko ikastetxeen eskutik, euskal eskola publkoaren aldeko jaia ospatuko du Sortzen-Ikasbatuazek.

 
 

Zubizahar ikastolaren txanda
Aurtengo Ibilaldia 29.ekitaldia izango da eta burubelarri dabiltza lanean Balmasedako antolatzaile eta herritarrak. Sei gunetan banatuko da festa, eta pailazoak, trikitilariak, txalapartariak, musika kontzertuak, dantzariak eta abar arituko dira. 6,6 kilometroko ibilbidea prestatu dute Enkarterriko paraje horietan.

1997tik, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak euskalgintzan nabarmendutako norbait omentzen du. Aurten, Euskal idazleen elkartea eta Nafarroako Ikastolen elkartea sarituko dituzte.

Eskola! Euskaldun-ona eta publikoa
Lelo honekin aldarrikatuko dute Mendigoitiko eta Elorriko gurasoek, ikasleek eta irakasleek euskarazko irakaskuntza publikoa eta kalitatezkoa, Sortzen-Ikasbatuazekin batera. Iruñeko Takonera, Vistabella eta Antoniutti hiru guneetan gauzatuko da festa.

Jaiaren hasiera, Nafarroako Parlamentuaren aurrean izango da, “Bai eskolak Euskalduntzeari” ekimenarekin bat eginez. Ondoren, kalejiran abiatuko dira Takoneraraino.

Goizean zehar, haurrentzako tailerrak, herri kirolak eta 9-12 urteko haurrentzat eskola arteko bertsolari txapelketa finalerdia ospatuko dira, eta bertan izango dira Pirritx eta Porrotx ere. Eguerdian herri bazkaria egingo da eta arratsaldean rock kontzertuek alaituko dute giroa.