Mahai sektorialean erabakiko da erreferenduma egin edo ez

2007-05-31

EILAS, ELA, LAB eta UGTk galdeketa egiteko eskatu diote Hezkuntza Sailari CCOOekin lortu duen oinarrizko akordioa dela-eta. Berau sinatu aurretik egiteko eskatu diote, horrek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako unibertsitate aurreko hezkuntza "blokeioa" gaindituko duela pentsatuz. Hezkuntza Sailak lasater mahai sektorial bat egingo dela jakinarazi du, eta bertan ikusiko dela zenbat sindikatuk egiten duten bat behin-betiko akordioarekin eta erreferendumik egin behar den edo ez.

 
 

CCOO sindikatuak gehiengo sindikalik ez duenez, EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuen iritziz "unibertsitate aurreko sektoreak iritzia eman behar du akordioari buruz". Euren ustez, hilabete honetako mobilizazioak ikusita, sektoreak ezezkoa emango dio akordioari.
Sindikatu horien iritziz, Hezkuntza Sailak eta CCOOek lortutako oinarrizko akordioa "anbiguoa" eta "nahasia" da, eta "edukia zalantzazkoa eta eskasa". Horren adibidetzat jo dituzte bi aldeek egindako interpretazio desberdinak. Gainerako sindikatuak kezkatuta daude eta galderak egingo dizkiote Hezkuntza Sailari hizkuntz normalizazioari eta behin behineko irakasle egonkorrei buruz jasotzen dena dela eta.
Horrez gain, lau sindikatuek mobilizazio gehiago iragarri dituzte galdeketa egiten ez bada, eta "intsumisio" neurriak ere har ditzaketela ohartarazi dute. Neurri horiek administrazioari eragingo diote, ez ikasleei eta familiei. Edonola ere, ikasturte honetan ez dituzte greba gehiago egingo.