Udazkenean sindikatuen mobilizazioek hasiko dute ikasturtea

2007-06-27

CCOOk eta Hezkuntza Sailak sinatu duten hitzarmenarekin amaitu da aurtengo ikasturtea, eta beste sindikatuek (LAB, ELA, UGT, eta EILAS), beraien haserrea adierazi dute. Ez daude edukiarekin ezta negoziazio prozesuarekin ados eta 2007-08 ikasturterako langileen mobilizazioak iragarri dituzte.

 
 

Ikasturte guztia eman dute lan baldintzak hobetzeko negoziaketetan eta nabariak izan dira desadostasunak. Mobilizazioak, ere, ugari. Helbururik bete gabe iritsi da uztaila.

Mahai sektorialean, sindikatu guztiek eskatu zuten lan baldintzen hobekuntza eta sistema publikoaren indartzea. Dena den, negoziazio prozesu luzean, alde desberdinetan jokatu dute CCOOk eta gainerako sindikatuek. Azkenean, Jaurlaritzak CCOOrekin soilik egin du ituna. Sindikatu horrek, ordezkaritzaren % 31 du.

Sindikatuek erreferenduma egiteko eskatu zuten baina jaurlaritzak eta CCOOk ez zuten onartu. LAB, ELA, UGT, eta EILAS-ek ikastetxeetan galdeketa egin dute, ikastetxeen % 65etan. Beraiek emandako emaitzen arabera, irakasleriaren %75 ez dago ados hitzarmenarekin.