Seaska zorrekin eta eskola elebidunak irakasle faltarekin hasi dira

2007-09-06

Frantziako Hezkuntza Ministerioarek bi urteko haurren eskolatzea ez du finantzatzen, eta ondorioz, Seaskak bere gain hartu beharko du kostu hori, hots, 80.000 euro. Sei irakasle postu ordainduko ditu horrekin.

Eskola publikoei, berriz, eskola kartak postu murrizketak ekarri dizkie eta protestak egiten ari dira. 

 
 

Seaskak zorrak izango ditu 2 urteko haurren eskolatzea bere gain hartzeagatik. Horregatik, Hezkuntza Ministerioarekin akordio batera iritsi nahi du, sortu diren sei lanpostuak bere gain har ditzan. Akordiorik ezean, beste diru iturri batzuk bilatu beharrean aurkituko da.

Bestalde, orain arte EEP Euskal Erakunde Publikoarekin zuen harremana hobetu egin da. Erakunde horretatik jasotzen zuen 95.000 euroko kopurua orain 200.000ra igo da. 14 urtean diru laguntza publikoak emendatzen diren lehen aldia da. Seaskako lehendakari Ixabel Xarritonen esanetan, EEPk Hezkuntza Ministerioaren aurrean ikastolen eredua defendatzea eta laguntzea funtsezkoa da, eta beraz, erabakiorra izanen da hemendik aurrera jokatzen duen papera.

Bestalde, eskola publiko elebidunetan ere ez dute erabat asetuta hasi ikasturtea. Otsailean zehaztu zen eskola kartan lanpostuak murriztu ziren eta orain hori pairatzen hasi dira eskoletan. Hala, Ainhoako eskolako gurasoek protestak egin dituzte eta baita Nafarroa Behereako Irisarriko eta Donapauleko eta Zuberoako Mitikileko eskoletan ere.