Curriculum dekretua hezkuntzako eragile nagusien adostasunaren emaitza dela azpimarratu du Tontxu Camposek

2007-09-27

Atzo aurkeztu zen Legebiltzarrean azken hilabeteetan mamitzen ari den curriculum dekretu berria. Hainbat eragilek kritikak egin ditu horren aurrean, eta Sailburuak “ñabardurak” soilik direla esan zuen.

 
 

EABko legebiltzarkide Itziar Basterrikak hainbat galdera luzatu zizkion Camposi. Besteak beste, dekretuak bideak irekiko dituela esan zuen Basterrikak, baina “Madrilerako bideak”.

Hezkuntza Sailari, bi egitasmo desberdin ez bereiztea egozten diote hainbat eragilek. Camposen esanetan, nahiz eta curriculum dekretua EAEn oinarritzen den, Nafarroarako eta Ipar Euskal Herrirako ere erabilgarria da.

Basterrikak, zirriborroan genero maskulinoa gehiegi erabiltzen dela aipatu zion, eta Sailburuak, testua berrikusi eta egokituko zutela esan zion. Denbora gutxi barru onartuko dela gaineratu zuen, baina, guztiz garatzeko denbora beharko dela.

Eragile askok curriculum berriaren kontrako jarrera agertu dute, Sortzen-Ikasbatuaz, Batasuna, LAB eta EHBEk besteak beste. Azken horiek, Sailburuaren agerraldia profitatu zuten dekretuaren kontra agertzeko Legebiltzarraren kanpoan, Espainiako estatua abiapuntu duela eta LOEn oinarritzen dela salatuz.