Ikastolek erakunde nazional berria izango dute

2007-11-12

Egun direnaz eta etorkizunean izan nahi dutenaz eztabaidatzeko prozesua zabaldu dute Euskal Herriko Ikastolek, hausnarketa iturri gisa. Gogoeta puntu nagusiak eta proposamenak bildu dira “Orain eta Gero” izeneko dokumentuan. Bertan jasotzen da, elkargoa deitu zaion erakunde nazionalaren ideia, ikastola guztiak bildu eta ordezkatuko dituen erakunde berria.

 
 
Ikastolek erakunde nazional berria izango dute

“Orain eta Gero” dokumentuan barne antolaketa eta ikastolen izaera eta arlo didaktikoa jaso dira. Baita 2014.urtera arteko plan estrategikoa ere, lehentasunak markatzen dituena. Hurrengo hilabeteetan txosten horretan jasotakoa eztabaidatutako dute eta zuzenketak egingo dituzte ikastoletako kideek. Azken dokumentua datorren ekainean egingo den ikastolen VI. Batzarrak onartu beharko du.

Aldaketa nabarmenenak barne antolaketan ematen dira. Ikastola guztiak bildu eta ordezkatuko dituen nazio erakundea sortzeko intentzioa dago, eta oraingoz elkargoa deitu zaio. Ikastolen izaera bereziagatik eta Euskal Herriko izaera administratibo zatikatuak behartuta, erakunde desberdinak ordezkatzen dituzte ikastolak: Arabako Ikastolen Federazioa, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ikastolen elkarteak, Seaska, EAEko Partaide eta Euskal Herriko Ikastolen Federazioa. Horiek guztiak jarraituko dute, baina nazio erakunde bat sortuko da denen ordezkari gisa. Ikastolen kolektiboa bera kudeatzeko eta zerbitzu komunak zuzentzeko ardura izango du erakunde berriak eta ikastola guztiak izango dira bertako bazkide.