Ostegun eta ostiralean SAREANen XXIII. Topaketak izan dira Gasteizko Europa Jauregian

2007-11-19

Azaroak 15ean, osteguna, "Irakasleen lansariak, oraina eta etorkizuna" gaiaren inguruan mahaingurua izan zen, CCOO, ELA, LAB, STEE-EILAS eta UGT sindikatuen artean. Ostiralean berriz, hainbat gaien inguruan lantaldeetan jardun zuten egunean zehar, Irakasleen lansari desberdintasuna eta Testuliburuak eta ikasmaterialak erabiltzeko programak hizpide izanik.

 
 
Ostegun eta ostiralean SAREANen XXIII. Topaketak izan dira Gasteizko Europa Jauregian

SAREANek EAEko Haur eta Lehen Hezkuntzako 168 ikastetxe publiko biltzen ditu eta beren helburu nagusiak, bai ikastetxeen artean baita Administrazioarekin ere, harremanak eta elkarlana bultzatzea dira, nagusiki ikastetxeen eta sistemaren antolakuntza arloari dagokionean.

Topaketen ondorio nagusiak

Lehen ekitaldia sektoreko sindikatu guztiek, hots, CCOO, ELA, LAB, STEE-EILAS eta UGT-ek, osatutako mahaingurua izan zen. Bertan, gehien bat Haur eta Lehen Hezkuntzan zentratuta eta, indarrean dagoen lan-hitzarmena oinarritzat hartuz, ordainsarien atala aztertu eta etorkizunari begira kokatzeko eskatu zitzaien. Mahainguruan jasotakoaren ondorioz, une honetan sindikatu guztiak diru-pizgarri hauek irakasle guztiengana zabaltzearen beharra ikusten dute.

Topaketetako lantaldeetan aztertu zen beste gaia “Testu liburuak eta ikasmaterialak solidarioki eta ekitatiboki erabiltzeko Programa” izan zen. Egitasmo honek ikasturte honetarako izan duen ofiziozko ezarpenak arazo asko sortu ditu ikastetxeetan. Programa honetan izandako aurreko esperientzia ondo ebaluatu behar dira eta ikasturte honetan bere aplikazioak izan duen eragina ere ondo aztertu arazo horiek ahalik eta azkarren bideratzeko.