Ikastetxeek euskal egutegi propioaren aldeko hautua

2007-12-03

Abenduaren 6a, Espainiar konstituzioaren eguna izango da eta badira ikastetxe batzuk jai eguna ez ospatzeko erabakia hartu dutenak, Euskal Herriak Bere Eskolaren proposamenarekin bat eginez. Ostiralean agerraldia egin zuten Ikastetxe horietako ordezkariek, eta hezkuntza sailen jarrera ere salatu zuten.

 
 

“Jaiegun inposatua”ren aurrean,  “Hezkuntza Sistema Nazioanalaren bidean kokatutako euskal egutegiaren” alde egin dute Hego Euskal Herriko hainbat ikastetxek. Hori adierazteko agerraldia egin zuten pasa den ostiralean, eta bertan izan ziren 6 ikastetxetako ordezkariak: Donostiako Aitor Ikastola, Oiartzungo Udal Ikastola Partzuergoa, Hernaniko Agustin Iturriaga institutua, Berritxuko Herri Eskola, Etxebarriko Eskola eta Azpeitiko Helduen Eskola Publikoa besteak beste. “Ikastetxe bakoitzak bere egutegia erabakitzeko duen eskubideari helduz, inposatzen zaizkigun jai egun arrotzen gainetik, guk geuk erabakitako jai egunen araberako egutegia eraikitzeko apustua egin dugu”, diote ikastetxeek. Printzipioz, ikastetxeek autonomia dute euren egutegia finkatzeko bertako erabaki marko nagusienean hala adosten bada.

Hala ere, abenduaren 6an irekiko dutenak baino gehiago izan dira horretarako saiakera egin dutenak. “Zailtasunak” medio, hainbat ikastetxek abenduaren 6an ezingo dute ikastetxea ireki.

EHBEk bildu ahal izan dituen datuen arabera, aurtengoan “Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko 40 ikastetxe inguruk egin dute abenduaren 6an euren jarduera normaltasun osoz burutzeko” saiakera baina oztopo ugari izan da. EHBEren ustez, “ Campos eta Perez-Nievas hezkuntza sailburuak dira ikastetxeen autonomia zein erabakiak gauzatzeko eskubide urraketaren erantzuleak”.

Agerraldian, “posible eta egingarria dela” azaldu dute eta gainontzeko Euskal Herriko ikastetxeak bide hori jorratzera deitzen dituzte.

Ofizialki irekiko diren ikastetxeez gain, badira bestelako alternatibak egingo dituztenak ere, “irakasleak lanean egongo diren ikastetxeak, guraso batzuek euren haurrak ikastetxeetara eramango dituztenak edo eta 60tik gora Herri Eskoletan bestelako Hezkuntza Sistema bat irudikatuko dutenak”.