Erasoa Argia Ikastolaren aurka

2007-12-21

Gabonetako oporren aurretik agertu ziren pintadak Fontellasen dagoen Argia ikastolan. Falangek sinatutako idatziak dira eta “Euskara ETA da”, “Ikastola ETAren habia da”, “Olentzero gurasoak dira” eta “Euskara, Erriberan ez” modukoak irakur daitezke.

 
 
Erasoa Argia Ikastolaren aurka

Argia Ikastolak gogor salatu du erasoa eta euskararen kontrako idatziak izateaz gain, ikastolaren kontrakoak eta ikasleen kontrakoak ere badirela azpimarratu nahi izan du. Egindakoa, ezjakinen ekintza dela esan du ikastolak kaleratu duen agiri baten bidez eta argi utzi nahi izan du, ikastolan planteamendu politiko, filosofiko eta erlijioso guztiak errespetatzen direla.

Nafarroa Baik ere erasoak gaitzetsi ditu. Bai Fontellasen gertatutakoa, eta bai Zizur Handiko Erreniega ikastolan gertatutakoa, intolerantzia kasuak direla diote, “Kultura, euskara, ikastola eta haurrenganako erasoa da”. Zizur Handian, Ikastolako Olentzeroa erre dute.