Ingelesezko eskolak euskarazkoen lekuan jartzea salatu dute Iruñean

2008-01-17

Iruñeko 17 haur eskoletako lekuen %11 bakarrik direla euskaraz salatu dute Donibaneko Auzo Elkarteak, AEKk, EHEk eta ANVk, eta Haur Eskolak Euskaraz taldeak eta gaurko elkarretaratzea deitu dute.

 
 
Ingelesezko eskolak euskarazkoen lekuan jartzea salatu dute Iruñean

Hello izeneko hiru haur eskola ireki berri dituzte Iruñean, eta gaztelaniaz eta ingelesez aritzen dira. Azkena Donibane auzoan. Ondorioz, bertako kolektibo batzuek Iruñeko Udalak herritarrek euskarazko eskolak eskatzen diren tokietan ingeleseko eskolak ezartzen dituela salatu dute.

Asteazkenean aipatutako eragileek prentsaurrekoa egin zuten, eta ondorengoa azaldu zuten, «Iruñeko Udalak 112 leku eskaini zituen hor –Hello San Juan eskolan–. Baina matrikulatzeko epean, 15 haur eskolatzeko eskaera besterik ez zuten jaso. Horregatik, epea luzatu eta adin tartea handitu zuten. Hasieran 2005ean jaiotakoak onartzen zituzten eta gero 2006ko urtarril-ekainean jaiotakoak ere bai. Azkenean, 30 eskaera bakarrik jaso zituzten. Hau da, 82 leku hutsik gelditu ziren».

Iruñeko 17 haur eskoletatik bi bakarrik dira euskaraz, Txantrean dauden Izartegi eta Egunsenti. Gainontzekoak gaztelaniazkoak dira. «Iruñean eskaintzen dituzten lekuen %11 bakarrik dira euskaraz. Gaztelania-ingelesezko plazen eskaintza berriz, %24koa da eta gaztelaniazkoa %65a da».

Egoera salatzeko, elkarretaratzea izango da gaur, ostirala, 18:00etan, Golem-Baiona zinemaren ondoan, Jose Maria Huarten haur eskola euskaraz lelopean. Atxikimenduen artean, Dindaia fundazioa, Iruñeko Udaleko haur eskoletako langile batzordea, Sortzen, Euskal Herriak Bere Eskola, EHE, AEK, Ikasle Abertzaleak, EAE-ANV, ELA, LAB, eta EILAS sindikatuak.