Paxkal Indo izango da Seaskako lehendakari berria

2008-01-22

Paxkal Indo izango da aurrerantzean Seaskakko lehendakari berria, Isabel Charritton ordezkatuz. Iragan larunbatean, Kanbon elkartu zen Ipar Euskal Herriko ikastolen konfederazioa, aurtengo norabide nagusiak eta aurrekontua onartzeko helburuz. Lehendakaria eta batzorde eragilea hautatzeaz gain, zuzendari berria ere hautatu du Seaskak. Hur Gorostiaga izango da Pantxika Mendiburu ordezkatuko duena.

 
 
Paxkal Indo izango da Seaskako lehendakari berria

Hiru urtean izan da Charritton Seaskako lehendakari, eta “ arrazoi pertsonalak” medio, lehendakari aldaketa izan da. Orainarte lehendakariordea izan da Indo, eta batzorde eragilearen erabakiak eta orain arteko ildoak aurrera eramatea izango du helburu. «Ikastolen Kontseiluan hartzen dira etorkizunerako erabakiak eta horrek betearaztea izanen da nire eginkizun nagusia», aipatu du.

Epe motzean konpontzeko dauden ataza garrantzitsuenen artean, Hezkuntza Ministerioarekin negoziatzeko eta hitzartu beharreko hainbat gai daude, hala nola ikasgela eta ikastola berriak irekitzeko irizpideak zehaztea edota irakasleen lanpostuen kontratatzearen irizpideak.