Gaurko mobilizazioak deitu ditu Eskolak Euskaldundu herri ekimenak

2008-01-24

Gaur arratsaldean, eskolak euskalduntzen ez duela eta hizkuntza ereduen politikek porrot egin dutela salatzeko mobilizazioak izango dira Iruñean, Baionan eta Gasteizen. Iruñeako manifestazioa 18:00etan izango da, autobus geltokitik abiatuta. Gasteizen ostera, 19:00etan izango da, Posta plazatik abiatuta.

 
 

Azken asteotan ikastetxez-ikastetxe eta herriz-herri bildu dituzten milaka postalak Tontxu Campos, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuari, Carlos Perez Nievas, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariari eta, Max Brisson, Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteari bidaliko dizkiete otsailean bertan. Helburua, Euskararen egoerari erantzuna emateko ardura gogoraztea da.

Egoera aldatzeko, behintzat, neurri hauek jasoko dituen proposamena beharrezkoa dela esan du Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak:

1.- Hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna, gutxienez D ereduaren parekoa.
2.- Irakasle eta hezkuntzako langile guztiak euskaldunak izateko neurriak: plantila euskalduntzeko programa eraginkorrak; irakasle eskoletako erdal adarra kentzea; kontratazio guztiak euskara perfil egokidunak izatea.
3.- Sistemaren ebaluaketa iraunkorra.
4.- Pedagogia eredu parte-hartzailea. Ikaslea ikasketa prozesuaren subjektu izan behar da. Aldi berean, klaseko ikasle kopurua jetsi beharra dago.
5.- Euskal Curriculuma. Euskara, euskal kultura eta nortasuna bultzatuko dituena
6.- Aisialdia euskaraz. Eskolari lotutako eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izateko neurriak.
7.- Baliabideak. Ikastetxeek legea bete dezaten baliabide ekonomiko, pedagogiko eta pertsonal egokiak eskaintzea.
8.-Proposamen nazionala. Eskolak euskararen lurralde osoan euskalduntzea eskubidea da, eta legeak hori bermatu behar du.

Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenak azaldu duenez, euskalduntze osora heltzeko euskararen ofizialtasuna eta Hezkuntza Sistema Nazionala ezinbestekoak dira, baina bitartean, norabide horretan, haien esku dagoen guztia egiteko eta iruzurrak salatzeko konpromisoa hartu dute.