Soin Heziketako irakasleen greba izango da otsailaren 11n

2008-01-31

Soin Heziketaren Aldeko Taldeak (SOHAT) greba deialdia egin du datorren hilaren 11rako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan, soin-heziketa orduak murrizteko asmoa eta Hezkuntzako agintarien “jarrera itxia” salatzeko asmoz.

 
 

Agerraldia egin zuen atzo atzo Bilbon SOHATeko kideek. Grebaren deialdia, Soin Heziketako irakasle guztiei, ikastetxe guztietakoei, eta baita Magisteritza eta Soin Heziketaren Zientzien Fakultatekoei ere. Sohateko kideek ELA, LAB, CCOO, UGT eta EILAS sindikatuen sostengua jaso dute.

Iazko maiatzean Lakuako Hezkuntza Sailak curriculum zirriborroa aurkeztu zuen eta bertan «soin-heziketaren orduak, Lehen Hezkuntzan %40ra eta Bigarren Hezkuntzan %37ra murrizten zituztela jakinarazi» zuen. Murrizketa horren aurrean, SOHAT sortu eta Hezkuntza Sailari proposamena aurkeztu zieten, baina ordezkariek diotenez, “kasurik ez” zieten egin.

Greba deialdiaren egunean, Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura Kontseilua bilduko dira eta ordu murrizketaren gaia bozkatu eta erabakiko da. Sohatek 75.000 sinadura bildu ditu beraien aldarrikapenaren alde, baita 200 kirolariren babesa eta hainbat ikastetxeko klaustroetako babesa ere.

Sohateko ordezkariek esan zuten, ikasleen garapena “hankamotz”geldituko dela. Izan ere, “edozein ezagutza arloren murrizketa hain esanguratsua ezarriz gero ezingo da inolaz ere curriculum onik egon”.

Greba deialdiaz gain, otsailaren 11 bitartean Soin-Heziketako eskolak bertan behera utziko dituztela esan zuten, «Hezkuntza Departamentuak indartu nahi dituen arlo nagusiagoak lantzeko». Hortaz, zientzia eta hizkuntza irakatsiko dituzte.