Ikasys, berrikuntza eta edukiak uztartzen dituen proiektua

2008-02-07

Ikasys Ikastolen proiektua lantzen ari den proiektu berritzailea da eta bere helburua, etorkizunean ikastolako ikasleen trebakuntza sistema hobetzea da. Ikasle bakoitzaren erritmo eta beharrei hobeto erantzuteko, tresna eta aplikazio informatikoak eta edukiak uztartzen dituen egitasmoa sortu dute, eta aste santutik aurrera Gipuzkoako hiru ikastoletan egingo dituzte lehen esperientziak.

 
 
Ikasys, berrikuntza eta edukiak uztartzen dituen proiektua

Ikasle bakoitzak, ikasterako orduan bere estiloa eta erritmoa ditu, bere erraztasun eta zailtasunak. Batzuek erraztasun handiagoa dute memorizatzeko edota ariketak trebatzeko, eta moduak ere anitzak dira. Ikasys proiektuarekin, ikasle bakoitzak ordenagailu bat izango du eta hortaz, bakoitzak egin ahal izango dituen ariketak desberdinak izango dira, norberari egokituak.

Proiektua azaltzeko aurkezpena egin dute Iruñean, Ikastolen konfederazioko Koldo Tellitu lehendakariak, Nafarroako Ikastolen elkarteko Pello Irujo lehendakariak, Josune Gereka zuzendari teknikoak, Iñaki Lekuona zuzendari teknikoak eta Oihan Odriozola proiektuaren arduradunak. Bertan azaldu zituzten 2.000. urtetik lantzen ari diren egitasmoaren nondik norakoak.

Ikasle bakoitzak ordenagailua izango du; txikia, mahaian lekua izateko eta haurrek eramateko modukoa, eramangarria, Wifi sistemaduna eta sendoa. Helburua ez da irakaslea ordeztea, tresna lagungarria izatea baizik eta koaderno baten gisa erabiliko dute. Ikastolen elkartekoak adierazi dutenez, prezio apalekoak dira eramangarriak.

Ordenagailuko jardueren bidez “konpetentzien garapenera bideratutako hezkuntza aprendizaia puntualen sistematizazioa” lortu nahi da eta ariketak bost alorretan banatuko dituzte, “euskara, gaztelania, ingelesa, matematika eta ingurumena”. Ikasle bakoitzaren eramangarrian, 45.000 ariketa daude, arloka eta zailtasunaren arabera mailakatuak. Irakasleak, bere ordenagailutik ikasleen jarraipena egin dezake, baita bertatik jarduerak sortu eta antolatu.