Greba egin zuten atzo Nafarroako ordezko irakasleak, zerrenden arauen aldaketagatik

2008-02-28

Sindikatu gehienek babestu zuten atzoko greba deialdia. Izan ere, Nafarroako Gobernuak irakasleen ordezkapen zerrendetan sartzeko baldintzak aldatu egin ditu sindikatuen iritzia kontuan hartu gabe.

 
 

Ordezko irakasleak 2000 inguru dira, eta sindikatuen arabera % 70ak egin du greba, gutxieneko zerbitzu minimoak errespetatuz. Grebara deitu duten sindikatuak ANPE, AFAPNA, CCOO, CSI-CSIF, ELA LAB, EILAS eta UGT izan dira eta martxoaren 4rako eta 6rako ere deia egin dute.

Perez-Nievasen gobernuak, irakasleen zerrendetan sartzeko baldintzak aldatu ditu. Hemendik aurrera, “lehentasunezko zerrenda” osatuko dute oposizioak gainditzen dituztenekin. Oposizioaren emaitzen arabera sailkatuko dituzte. Mikel Lakasta LABeko ordezkariak esan duenez, “sistema horrekin, irakaskuntza publikoan urte mordoa daramaten irakasle asko lanik gabe gelditzen ahal dira, edozein arrazoirengatik oposizioa gainditzen ez badute”.

Sindikatuek, Gobernuaren erabakia “erabateko inposizioa” dela salatu dute eta epaitegietara jotzeko asmoa agertu dute.