Gaur hasten da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2008-2009 ikasturterako aurrematrikulazio epea

2008-03-31

Martxoak 31tik hasita apirilak 11 bitartera izango da datorren ikasturterako haurrak Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatzeko epea, ohi baino hilabete eta erdi beranduago. Nahiz eta aldaketak eragin dituen, oraindik ez da legez ezarriko hizkuntz ereduen aldaketa berria. Hezkuntza Sailak, garrantzia berezia eman dio aurten, haurrak ikastetxeetan onartzerako orduan, anai-arrebaren bat ikastetxean izateak.

 
 

Hezkuntza Sailaren Curriculum berriak exijituko dituen hizkuntza gaitasun minimoak ez betetzeko beldurrez, hainbat ikastetxek, A eta B ereduak kendu dituzte. Bitartean, Hizkuntz hautaketa askearen aldeko plataformak dekretuaren indargabetzea eskatu du eta horretarako Madrilgo Hezkuntza Ministeriora jo dute bertako kideek. Plataformaren helburua A eredua mantentzea da, euskara irakasgai soil gisa duen gaztelerazko eredua.

Bestalde, aurtengo matrikulazio prozesuaren berrikuntza nagusietako bat, gurasoei seme-alaba bat ikastetxe batean badute, hurrengoa bertan matrikulatzeko aukera bermatzea izango da. Orain arte gertatu izan da bi seme-alabak ikastetxe desberdinetan egotea, lekurik ez zegoelako. Matrikulazio eskaerak eskaintza baino handiagoak badira, puntuen banaketa bitartez onartuko dira ikasleak. Puntu gehien, esan bezala, anai-arrebaren bat ikastetxean izateak ematen ditu eta jarraian, garrantzia handia izango dute baita ere, aitak edo amak ikastetxean lan egiten badu edo ikastetxearen eragin eremuan bizi bada eta abar.

Nafarroan matrikulazio garaia martxoaren 20tik 31ra artean izan da, eta gaur hasiko da Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta lanbide prestakuntzarako matrikulazio garaia.