Gaur hasi dira eskolan Iparraldeko ikasleak

2008-09-02

Amaitu dira oporrak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasleentzat, eta gaur hartu dute eskolarako bidea udako atsedenaren ondoren. Seaskako ikastoletako kolegioko bigarren urteko haurrek, berriz, bi egun gehiago izango dituzte oporraldiaz gozatzeko etzi hasiko baitira lanean.

 
 

Ikasturte berriak erreformak ekarriko ditu berekin batera: alde batetik tutoretza eskolak izango dira, eta bestetik, oporraldietan, zailtasunak dituzten ikasleei laguntza eskaintzeko zerbitzua abiatuko dute. Era berean, eskola programa berrituak frantsesaren eta matematikaren ikaskuntza indartzea du helburu, baina eskola orduen kopurua handitu gabe.

Horrek lan handiagoa emango die irakasleei, izan ere Paueko Akademia Ikuskaritzak ikasle kopuruei buruzko daturik eman ez duen arren, ikasle kopuruak gora egiten du urtetik urtera, eta aurten, irakasle kopuruak behera egingo du. Zehazki, lanpostu bat irekiko du Akademiak Jules Ferry ama-eskola elebidunean, eta hiru kenduko ditu Baionako beste eskola batzuetan, eredu frantses elebakarrean.