Lehen Hezkuntzan IKTak lantzeko proposamena egin dute Ikastolek

2008-09-18

Ikasleek derrigorrezko eskolaldia amaitzean, 16 urterekin, IKTen arloan izan behar dtuzten gaitasunak zehaztu dituzte Emilio Etxabek eta Mikel Etxarrik “IKT curriculuma. Lehen Hezkuntzarako proposamena” izeneko lanean. Curriculumak finkatzen dituen bost gaitasunak garatzeko baliagarri izan daitezke IKTk, eta hori berretsi du Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak egin duen proposamenak. Egileen iritziz, batez ere, bi gaitasun landu daitezke IKTen bidez: komunikatzen ikastea eta ikasten ikastea.

 
 
Lehen Hezkuntzan IKTak lantzeko proposamena egin dute Ikastolek

Lehendabiziko lana, Lehen Hezkuntzako konpetentzien markoa definitzea izan da, eta ondoren, horiek interpretatu dituzte, adin guztietara egokituz. Horren emaitza, zehaztasun handiko dokumentua izan da. Ez zuten programa paralelorik sotu nahi, ordea, eta Txanela proiektuan txerta daitekeen proposamena egin dute, horrela lehendik egiten zen lanari gehigarria txertatuz. Ohiko jardueretan txertatuko da IKTen erabilera, eta informatika gelara joan beharrik gabe, ikasgelan hainbat jarduera egiteko aukera izango dute ikasleek eta irakasleek aurrerantzean. Horretarako, jakina, ikasgelak egokitu beharko dituzte eta gela bakoitzean interneterako konexioa duen ordenagailua eta proiektorea egotea aurreikusi dute.

Hori guztia abian jartzeko, irakasleek formazioa jaso behar dute eta lanean hasi dira dagoeneko. Sei prestakuntza saio egingo dituzte eta ikasturtean zehar euren ikasgeletan ikasitako guztia txertatzeko moduan izango dira irakasleak. Aurten 5. eta 6. mailako irakasleekin hasi dira lanean, eta 41 ikastoletako 131 irakasle ari dira prestakuntza jasotzen. Datorren urtean, DBHn gauza bera egiteko asmoa dute.