Hizkuntza ereduen erreforma iruzurra dela esan du Eskolak Euskaldundu-k

2008-10-02

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposatu duen hizkuntza ereduen erreforma iruzurra dela salatu du Eskolak Euskaldundu ekimenak. Proiektuan aldaketa sakonak egiteko eskatu diote Txontxu Camposek gidatzen duen sailari, eta datozen asteetan hezkuntza arloko eragileekin bilduko dira egitasmo horren gainean aldaketak proposatzeko eta Euskal Herriko egoeraren diagnostikoa egiteko.

 
 

“Hurrengo 25 urteetan eskolak euskalduntzeari ateak itxi diezazkiokeen legea da” Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak osatu duen lege egitasmoa, Eskolak Euskaldundu ekimenaren iritziz. Proposamena bere horretan utzita, euskarari kalte handia egingo litzaiokeela esan dute eta ikasleek euskalduntzeko duten eskubidea zapalduko litzatekeela. Ekimeneko ordezkariek esan dutenez, lege egitasmoak ez du balio Gasteizen, Ezkerraldean, Bilbon, Baionan, Iruñean edota Tuteran, adibidez, eta D ereduaren pareko proposamenaren aldekoak direla argi utzi nahi izan dute.

Nafarroako Gobernuaren jarrera ere kritikatu du Eskolak Euskaldunduk. Euskara bigarren mailako hizkuntza izatetik, hirugarren mailakora izatera eraman nahi dutela esan dute eta horren adibide gisa jarri dituzte Hello haur eskolak, British eredua edota TIL eredua. Eta Euskararen Erakunde Publikoari dagokionez, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa euskalduntzeko borondate politikorik erakutsi ez duela esan dute.

Hori guztia kontuan izanda, datorren asteetan hezkuntza arloko hainbat eragilerekin bilduko dira Euskal Herriko diagnostiko bateratua egiteko, eta egoerari erantzuna emateko.