Iruñea, mihia ateratzeko prest

2008-10-17

“Atera ezazu mihia” lelopean egingo da Nafarroa Oinez, Nafarroako Ikastolen festa igandean Iruñean. Jaso ikastolak antolatu du aurtengoa eta antolatzaileek, 80.000 eta 100.000 pertsona artean espero dituzte. Zazpi kilometroko luzera izango du ibilbideak Arga ibaiaren inguruan, eta egitarau bete-betea osatu dute.

 
 
Iruñea, mihia ateratzeko prest

Nafarroa Oinez festaren 28. edizioa izango da aurtengoa eta egitaraua eskaintzaz beterik dator. Zazpi kilometroko ibilbidea izango da, Arga ibaiaren inguruan, Mendebaldea, Sanduzelai eta Donibane auzoetan. Sei gune atondu dituzte eta goizeko hamarretatik aurrera, musika, dantza, tailerrak, antzerkia… izango dira ikusgai eta entzungai horietan.

Iragarpenak dioenez, eguraldiak lagundu egingo du dena ongi atera dadin. Hala, duela bederatzi urte gertatutakoa ez da errepikatuko, izan ere, 1999. urtean ere Jaso ikastolak antolatu zuen Nafarroa Oinez, eta orduan, eguraldiak zapuztu egin zuen festa. Horren ondorioz sortutako zorrak ordaintzeko erabiliko dute datorren igandean bilduko duten diruaren zati bat. Bestea, ikastolan egindak lanak finantzatzeko.