Jarraipen handia izan du itunpeko ikastetxeetako grebak sindikatuen arabera

2008-11-12

Atzo, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeen % 80 itxita egon zirela esan dute sindikatuek. Kristau eskoletan ikastoletan baino eragin txikiagoa izan zuen lanuzteak. Partaideren sareko ikastoletan greba erabatekoa izan zen, eta gainerako eskola pribatuetan gorabeheratsua: Gipuzkoan eta Bizkaian % 70 inguruk egin zuten greba eta Araban, % 50ek. Hezkuntza Sailak bestelako datuak eman ditu eta horien arabera, ikastetxeen % 48k eta irakasleen % 40k egin zuten greba atzo.

 
 

Grebak izandako erantzunarekin gustura agertu dira sindikatuak, baina, lan baldintzak homologatzea lortu arte protestekin jarraituko dutela adierazi dute, eta ez dute baztertu beharrezko ikusten badute, berriro ere grebara jotzea. Eusko Jaurlaritzak esan du, ordea, epe laburrean sare publikoko eta itunpeko sareko irakasleen lan baldintzak guztiz parekatzea ez dela posible izango. Bilerak egiten ari dira itunpeko eskoletako patronala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak, eta horietan hiru ildo aztertzen ari dira LAB sindikatutik jakinarazi dutenez: soldaten homologazioa, funtzionamendu gastuak eta amortizazioa.